Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Ez da maitasun istorio bat

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Eta, bat-batean, lehertu egin da ELAren eta LABen arteko harremana. «Ez dago garairik onenean», aitortu zion BERRIAri joan den astean Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, baina zarata ozenarekin azaleratu da desadostasun hori amaitzen ari den astean, eta hamaikagarren aldiz zapuztu du sindikalismo abertzalearen batasunean oraindik sinisten zutenen ametsa. Ametsa baita uste izatea jatorri hain desberdineko bi erakunde horiek beti harmonian ibil daitezkeela, eta are gehiago, bat egin dezaketela.

Elkarri egindako akusazioetan ez dago berritasun handirik. LABek ireki zuen jokoa, minduta, bere burua baztertutzat ikusi zuelako ELAk Galiziako CIG eta Kataluniako CSC sindikatuekin egindako aurkezpen batetik. Aranbururen sindikatuak ELAri leporatu zion alde batera utzi izana liskarra patronalarekiko harremanetan, eta autodeterminazio prozesuaren aldeko konpromisoak beti baztertzen ibiltzea, «une egokia» ez dela argudiatuta. Gainera, bere eredua eta erabakiak «inposatzea» aurpegiratu zion; «eta hori egin ezin duenean, aldebakarreko erabakiak hartzen ditu, edo LAB ekimen batetik kanpo uzten du».

ELAk lau egun hartu zituen LABi erantzuteko,bere ahotik sarri entzun izan diren argudioekin: LAB ez dela gai EH Bilduk instituzioetan darabilen estrategia auzitan jartzeko, erraz jotzen duela CCOOren eta UGTren besoetara, eta greba batzuetan aise ematen duela amore —Bizkaiko metalgintzan, eta Gipuzkoako papergintzan eta arte grafikoetan aipatu zituen Mitxel Lakuntzaren sindikatuak—.

Nork du arrazoia? Hein batean, biek. LABek nekez gezurta dezake kosta egiten zaiola konfrontaziora jotzea EH Bildu boterean edo haren aldamenean dagoen lekuetan —orain, Nafarroan—, eta sektoreko hitzarmenen aldeko hautuak CCOO-UGT bikotearengana hurbiltzen duela lan gatazka batzuetan. Baina ELAk lanak izango lituzke zera ukatzeko, bere indar handiak bultzatu egiten duela batzuetan alde bakarrez jokatzera, eta LABek baino interes txikiagoa duela zenbait kontutan.

Elkarrekin aritzera kondenatuta

Ziklikoa da ELAren eta LABen arteko harremana: orain harremana sakontzen, orain desadostasunak azaleratzen, eta orain hautsitako bideak berriro kostata berrosatzen. Horrela daramatzate azken hogei urteak, eta esperientziak erakutsi beharko liguke horrela izan daitezkeela hurrengoetan ere bai. Zergatik? Besteak beste, erakunde gisa bederen, gauza ez doakielako batere gaizki. LAB izan da azken urteetan hauteskunde sindikaletan gehien hazi den taldea, eta jada ez da lau handietako senide txikia. 2002an, ordezkaritzaren %15 zuen, eta ia %18,5era iritsi da orain. Igoera hori, gainera, ez da ELAren bizkar gertatu, azken hori %35,6tik %36,8ra igaro baita. ELA da Hego Euskal Herriko sindikaturik indartsuena, eta arrakasta horren arrazoietako bat bere independentzia dela sinistuta dago ELAren oraingo zuzendaritza, aurrekoak bezala.

Egia da, aldi berean, ELA eta LAB banatuta egoteak txikitu egiten duela haien eragin sozial eta politikoa —jada bere mugak erakutsi dituena, dena esan beharra badago—. Horregatik, elkarrekin aritzera kondenatuta daude, gorabeheraz betetako harreman horretan katramilatuta. Biak dira sindikatu abertzaleak; biek defendatzen dute konfrontazioaren estrategia bat erakunde publikoen eta patronalaren aurrean; biek izan nahi dute sindikatu bat baino gehiago, lan munduan ez ezik, gizarte osoan eragin eta gizartea aldatu nahi duten erakundeak; eta gizartean eragin nahi dutenez, biek paper politiko bat ematen diete beren buruei.

Horren ondorioz, oso litekeena da orain arte bezala jarraitzea, in secula seculorum: orain hurbilago, orain urrunago; batera borroka askotan, baina elkarri zangotraba egiten beste une batzuetan; aterki berdinaren azpian batzuetan —Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean, esaterako—, baina bakoitza bere posizioa markatuz besteetan. Horrek dirudi hain elkar eta hain urrun dauden bi erakundeen patua. Gauza batzuk batera egiteko elkartu eta gero norbera bere etxera joaten diren beste lagun horiek bezala. Maitasun istorio bat nahi duenak, beste kanal bat begiratu beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.