Eneko Gorri.
LARREPETIT

Baionako suprefeta...

2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
... buruan duzu kasketa. Zuretzat itsusi baita, Euskal Herriko boneta». Denek ezagutzen dugu Frantses estatuaren tokiko figura gorena erridikulizatzen duen kantu trufari hori. Hilabete honetako Enbata agerkari politikoan, Tartaro pozik agertzen zen Dallenes suprefeta Euskal Herritik joaten zela jakitean. Geroztik, haren ondokoaren izena ezaguna egin da, eta pasabideetako elkarrizketetan «euskal aferei buruz» izango duen jarrera espekulazio guzien gaia izaten hasia da. Euskaldunok prefetekin dugun (edo genuen?) harreman ia-ia mitologiko hori sakontzeko, Etxebeltzkeriak liburua hartu, eta prentsa marrazkien bidez garai bateko giroan bidaiatzen hasi naiz.

Azken urteetan, behin baino gehiagotan zirrimarratu du Estatuaren autoritatea Etxebeltzek. Bilduma hori aztertzean, agerikoa da, sinbolo bat baino gehiago, prefeta inposizio baten figura izan dela. Falloux legea-ren aplikazio zorrotza, manifen errepresioa, mugaren hestea mobilizazio egunetan, errefuxiatuen kanporatzeak, Euskal Herriko laborantza ganbararen kontrako auzia, ikastolen diruztatzea oztopatzeko errekurtsoak, herriko etxeen kontratazioan esku sartzea...

Konfrontazio harreman batetik, lankidetza harreman bat izatera pasatzen ari garela dirudi ordea. Geroz eta gehiago harekin biltzen gara mahai baten inguruan, hizkuntza politika publikoaren diruztatzea negoziatzeko edo lurraldearen instituzionalizazioa lantzeko adibidez. Garai hauetan, gure lurraldeari perimetro bat eskaintzen ahal dion Notre legea eta haren136 artikuluak asko aipatzen dira. Baina hiru hilabete lehenago bozkatua izan den «Deskontzentrazioaren xarta» (eta haren 24 artikuluak) sekulan. Alta, estatuak lurraldeekiko duen autoritate eztabaidaezina berresteaz gain, prefetaren kontrol funtzioari garrantzi handiagoa eman, eta horretarako zaintza instantzia berriak ere sortzen ditu. HELEP bakarra urrats bat da, baina logika zaharrak ez dira aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.