Eneko Gorri.
LARREPETIT

Kontrakoen kolektiboa

2016ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Aiziritzeko herriko kontseiluko bozkari esker, Ipar Euskal Herriko herrien eta biztanleen erdiek baino gehiagok jadanik HELEP bakarraren alde bozkatu dute. Prefetak finkatu joko arauen arabera, lehen aldiz Ipar Euskal Herriko perimetroa aintzat hartuko duen instituzioa sortuko da. Ariketa demokratikoa bukatu ez baldin bada ere, batzuk hasiak dira tresna administratibo horren itxuratzen. Galtzaile txarrak, aldiz, beste bide bihurretan galtzen ari direla dirudi.

Astelehenean jakin dugu «kontrakoen kolektiboko» auzapez batzuk helegite administratiboa pausatzeko aukera lantzen ari zirela Pariseko abokatu kabinete batekin, erakunde horren perimetroaren kontra. Ondoko orduetan, kostaldeko auzapez uzkurrek prentsa ohar bidez prozedura administratibo horren aitzinean beren desadostasuna publikoki adierazi zuten. Gaur egun, ez dakigu desmartxa Cazeneuve ministroaren bulegoraino iritsiko den, baina galdera franko pausatzen ditu (nork diruztatua? Nork gidatua?) eta kontrako auzapezen alegiazko batasuna zapartarazten du.

Gauzak ongi abiatuak ziren, alta. Triangulazioaren printzipioak jarraikiz, aldekoen hiztegia berenganatu zuten «auzapezen kolektiboa» sortuz lehenik, eta «Euskal Herri komunitatea» proposatuz ondotik. Adierazpen publikoetan ere, «prefetaren inposizioa» salatzen zuten, «Euskal Herriak benetako egituraketa administratiboa merezi» zuela adieraziz. Baina etxe zaharretan atzematen den tapizeriaren gisan, komunikatzaileen formula ederrek ez dute luzaz gordetzen ikusarazi nahi ez dena. Eta kasu horretan, kolektiboa baino gehiago, kontrako auzapezek multzoa besterik ez dute osatzen; beren interes berekoiei lehentasuna ematen dietenen multzoa. Haustura horrek egiazko aurpegiak salatzen ditu: batzuek «euskal» izendapena duen orori alergia, bestek podereari dependentzia, besteek protagonismoari lotuak. Eta bitartean, nola doa demokrazia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.