Katea hausten denean eustea

Beste sektore asko bezala, liburugintzarena ere gelditu du osasun krisiak. Argitaletxeek aurrerago publikatu beharko dituzte udaberrirako aurreikusitako liburuak, eta guztiak udazkenean pilatzea kaltegarria izango dela uste dute.

Erosleak liburu bat eskuratzeko unea, 2018ko Durangoko Azokan. Alarma egoerak irauten duen bitartean egin ezin izango den keinu bat da. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun

Sorkuntza, edizioa, inprimaketa, banaketa eta, azkenik, salmenta. Hori da liburu orok egin behar duen bidea irakurlearengana iristeko. Kate horretan, katebegi garrantzitsua da argitaletxeena. Baina krisiak kolpe batez apurtu du liburugintzaren katea ere, eta haien jarduna nabarmen mugatu. Gehienek martxan jarraitzen dute, baina ezin dute liburu berririk atera plazara, eta dagoeneko argitaratuta daudenak geldirik daude, ez atzera ez aurrera.

Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendariari kezka sortu zion egun batetik bestera dena geldituko zela jakiteak. Baina, osasuna bermatzeko neurriak hartu, eta antolaketa lanetan hasi ziren, «buru-belarri». Etxetik ari dira lanean, lanaldi murriztuan, jardunaren oinarrizko mailari eusteko. «Eginahalak egiten ari gara ez erortzeko, baina badakigu planetan aldaketak egin beharko ditugula», aitortu du Osak.

Leire Lopezi «ziurgabetasuna» sortzen dio egoerak. Susa etxeko editorea eta haren kideak ere telelana egiten ari dira, martxan baitute liburuak inprimategira bidali aurreko fasea. «Baina gainontzekoa geldirik dugu, denek bezala, inportanteena osasuna baita».

Txalapartan ere produkzioa geldirik dute; bidalketak, etenda; eta Txalaparta Kluba, itxita. Garazi Arrula editoreak beldurrez begiratzen dio krisiaren osteko panoramari: «Egoera larria izanen da kate guztiarentzat. Saldu ez diren liburuak ez dira salduko: orain erosi ez duenak ez ditu bi erosiko udazkenean». Susako arduradunak bat egin du haren hitzekin: «Pena da, halakoetan Amazon ateratzen baita indartuta. Orain, zer dago martxan?».

Argitaletxeek hainbat liburu zituzten iragarriak udaberrirako. Elkar sorta askotarikoa argitaratzekoa zen: Oihane Amantegiren, Erika Elizariren eta Maddi Ane Txoperenaren opera prima-k —Ibaiertzeko ipuina, Zendabalitz eta Ene baitan bizi da nobelak, hurrenez hurren—, Joxean Agirreren Nobela errealista bat, Joxean Artze zenaren Txalapartaren abaroan saiakera, eta Miren Agur Meabe eta Ane Pikazaren Begiak zerumugan haur eta gazteentzako poesia lana, besteak beste.

Susan, iragarriak zituzten Igor Estankonaren Moskito poesia lana, Oier Guillanen VHS eleberria, Julen Belamunoren Hotz Industriala ipuin liburua eta, Lisipe bilduman, Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua. Estankonarena da argitara atera den bakarra; itxialdia hasi baino bi egun lehenago publikatu zuten. «Pena da: ez du tarterik izan ia ezta liburu dendetan egoteko ere», esan du Lopezek.

Txalapartak, berriz, argitaratzeko bidean zituen Adrienne Richen Emakumeagandik jaioak saiakera, Elena Ziordiaren eta Cira Cresporen Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez liburu ilustratua, eta Leninen jaiotzaren 150. urtemugaren harira sortutako hiru liburuxka.

Planak egoerara egokitzen ari dira denak, baina badakite krisiaren iraupenak baldintzatuko dituela. «Uda aurretik liburuak aurkezteko tartea izateak udazkena arruntago bihurtuko du», Lopezen hitzetan. «Baina, argitaletxe guztiek udaberrirako zituzten liburuak udazkenean pilatuz gero, merkatuak ezingo ditu guztiak hartu, ezta irakurleek ere», ohartarazi du Arrulak. Pilaketak eragozteko, Osak premiazkotzat jo du sektoreak egoera «modu ordenatu eta jasangarrian» kudeatzea: «Pilaketak ez die onik egiten ez liburuei, ez autoreei, ez argitaletxeei, ezta liburu dendei ere».

Kalteak kalkulatzen

Oraindik goiz da kalteak aurreikusteko, baina argitaletxeak hasiak dira lehen kalkuluak egiten. Susaren kasuan, alderaketa egin dute iaz garai berean izandako sarrerekin, eta martxoaren 14tik apirilaren 11ra arte —alarma egoerak, printzipioz, hartuko duen epean—, urteko salmentaren %10 izan zituzten. «Eta, apiril bukaerara arte luzatuko balitz, jada %27 izango lirateke». Elkarren etenaldiaren ondorengoari begiratu diote, eta salmenta %20-30 jaitsiko dela uste dute. «Baina oraindik ez dago zehatz esaterik; ikusi beharko da honek guztiak zenbateraino eragingo duen jendearen eros mailan, kontsumo mailan eta ohituretan».

Normaltasuna itzultzen denean martxa hartzea zaila izango dela uste du Arrulak: «Nahiz eta konfinamendua bukatu, egun batetik bestera ez baita dena zabalduko». Gero ere jendea pilatzen duten jarduerak mugatuko dituztela imajinatzen du; adibidez, azokak. «Eta horrek kalte eginen digu, salmenta zuzena delako». Osarentzat, ekoizpena bera baino kezkagarriagoa da nola egingo dituzten hainbat proiektu bideragarri: «Epe motz eta ertainean baliabide are eta mugatuagoekin jardun behar izatea eskatuko digu honek».

Hala ere, uste dute argitaletxeentzat baino «are zailagoa» izango dela egoera sortzaileentzat eta liburu dendentzat. «Autonomo asko geratzen ari da lanik gabe», jarri du adibidetzat Lopezek. Hori dela eta, sektore osoarentzat diru laguntzak beharrezkoak izango direla adierazi dute hirurek. Oraingoz, baina, ez dago jakiterik zer jasoko duten. Editoreen Elkartea eta sektoreko beste zenbait eragile Nafarroako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta tokiko erakundeekin hizketan ari dira, kalteak txikitzeko neurriak har ditzatela eskatzeko.

Arrastoa uztea espero dute

Egoera konplexua bada ere, krisitik zerbait positiboa aterako den esperantza dute. Izan ere, itxialdian, jendeak ohi baino gehiago jo du kulturara, eta, editoreen ustetan, une egokia izan daiteke kultura balioesteko. «Orain, bat baino gehiago ohartuko da kultura ere badela funtsezko elikagai», adierazi du Arrulak. Eta gonbidapen bat egin du: «Egun hauetan, aprobetxa ditzagun etxean dauzkagun kultur baliabideak. Norbaitek hartzen badu tartea irakurtzeko, pelikulak ikusteko, edo elkarri kontuak kontatzeko, gaitz erdi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.