Eneko Gorri.
LARREPETIT

Ongi etorri

2016ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Txapela buruan, irria ezpainetan eta hurbilekoak besoetan agertu zara sare sozialetan. Plazer bizi bezain joankorrak eskaintzen dituzten argazkiak dira hauek. Biziak bai, presoen eta senideen sufrikarioaren bukaera agerikoa delako irudien detaile txikienetan. Baina joankorrak ere, herrira itzultzen den preso bakoitzak barnean guttienez ziega lagun bat uzten baitu, gatazkaren konponbiderako bidea amaitu gabea dela frogatzen duen testigua. Zigor kondena oso-osorik bete ondoren herriratu zara. 18 urte. 18 urte luze. Luze eta gogor. Baina oraindik 10 urte itxoin beharko duzu Euskal Herriko eremu guzietara libreki mugitzeko eskubidea berreskuratu aitzin. Duten mendeku goseaz ez dira errazki asebetetzen. Badakizu.

Aitortu behar dizut bitxi egiten zaidala ezagutzen ez dudan norbaiti singularreko bigarren pertsonan mintzatzea. Aditz jokaera atrebentzia hori barkatuko didazulakoan nago, David, baina badira errealitatea ongi borobiltzen duten eslogan batzuk. «Herriarenak zarete, maite zaituztegu» horietako bat da. 15 urte nituen Andaluzia komandoaren kontrako operazioan atxilotu zintuztetelarik. Basusarriko dantza taldean eta Gazteriak taldean lehen urratsak egiten ari ginen lagun batzuekin. Ez genuen elkar ezagutzen garai hartan. Ezta ondotik ere. Bizpahiru gutun zalantzati besterik ez dizut zirrimarratu 18 urtez. Baina hori ere barkatuko didazulakoan nago. 18 urtez, sustengu bazkariz omenaldi dantzetara, herriko bestetako ekitaldietatik paretetako pintadetara, gure irudimenezko herrikidea bezala izan zarelako azkenean.

Ongi etorri, beraz, zure etxera, David. Ongi etorri ere, Juantxo eta Lorentxa. Ongi etorri, bukatzeko, «Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera» adierazpenari. Herriko plazetan behar ditugulako, txapela buruan, irria ezpainetan, lore sorta eskuan eta senideak ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.