KRITIKA. Zinema

Bihotzak eta kaleak sutan

Ema filmaren fotograma bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun

'Ema'



Zuzendaria: Pablo Larrain. Herrialdea: Txile.Iraupena: 102 minutu.

Atzera begiratzeari utzi, iraganeko mamuak alboratu, eta gaur egungoak interpelatzeari ekin dio Pablo Larrainek. Eta erantzunik ez. Erantzunik gabeko filma baita Ema, ziurgabetasun, amorru eta muturren artean mugitzen den garaikidetasun likidoaren erretratu bikaina.

Estetikoki, zentzumenetarako oparia da; ez betiere irudirik ederrenak bilatu dituelako —halakoak badira, baina; dantza taldearen koreografia, adibidez—: planoek transmititzen duten indarragatik eta benetakotasunagatik; koloreen konbinaziogatik; izan nahi gabe, den modernoagatik.

Horretaz harago, Ema-ren egiturak guztiz bat egiten du kontatu nahi duen horrekin. Bide zuzenak eta narrazio ortodoxoak bazter utzita, sigi-sagan mugituko da filma, duda-mudatan bezala, norabide argirik gabe. Kasu honetan, ordea, hori ez da kalterako. Kontrara, istorioak bat egiten du forma narratiboarekin; biek bide paraleloa segituko dute. Bizitzak nola, filmak hala. Testuinguru horretan ez da zaila Gael Garcia Bernalengan Larrainen alter ego moduko bat ikustea: kultura molde berriak ulertzen ez dituen (eta mespretxatzen dituen) kulturgile alternatibo eta ustez kritikoa, dagoeneko kalea ezagutzen ez duena; maskulinitate eredu berrietan deseroso sentitzen dena, aldaketa guztiak kanpotik begiratzen, inguruan gertatzen ari dena konprenitzera iritsi ezinean.

Zer, baina? Harreman molde berriak, ahalduntzeak, behialako mugarik gabeko sexualitatea, familia klasikoaren amiltzea, adiskidetasuna, dantza eta poza. Dena kiskali nahi duen sua eta amatasunaren sugarra, mundu oso baten gainbehera, oreka baten bilaketa antzua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.