Borrokak ezagutzeko bidaiak

Urrutiko intxaurrak hobeki ikusten dira gerturatuta. Askapenak brigadak antolatzen ditu zenbait herrialdetako borroken berri bertatik bertara izateko, esperientzia horiek ekartzeko, eta «Euskal Herriko askapen borroka zabaltzeko». Aurten udaberrian eta udan izanen dira brigadak, eta izena emateko epea hasi da.

Julen Mendizabal hirugarrena ezkerretik Atenasko Klinika Sozialeko farmazia ezagutzen. ASKAPENA.
Iker Tubia.
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun

«Mendebaldeko ikuspegitik harago, bertatik bertara ikusi nahi nuen egoera» 

Garazi Bidaurreta  Brigadista

Lehenbiziko aldia zuen Askapenaren brigadetan Garazi Bidaurretak (Iruñea, 1989). Asmoa, baina, «aspaldi-aspalditik» heldu zen. Ekonomia eta denbora, bi faktore horiek ahalbidetu diotelarik hartu du parte hartzeko erabakia. Joan den udan Palestinarako bidea hartu zuen, beste euskal herritar batzuekin batera. Askapenaren alde egin zuen, ideologikoki bat egiten zuelako haiekin. «Ez da GKE bat». Elkartearen ikuspegi internazionalistak bultzatu zuen haiekin batera bidaia egitera. Palestinara joateko gogoa ere aspaldikoa zuen. «Brigada feministak zirenez, horrek plus bat eman zien». Hark argi zuen helburua: «Mendebaldeko ikuspegitik harago joan, eta hango egoera bertatik bertara ikusi nahi nuen. Emakumeek gatazka nola bizi duten ezagutu nahi nuen».

Palestinan, Askapenak aurretik zituen kontaktuez gainera, jende eta eragile berriak ezagutu zituzten. «Ezagutzen ez genituen gako asko eman zizkiguten», dio Bidaurretak. Euskal Herriko egoera ongi ezagutzen zutela dio, beste herrien borrokekiko duten interesaren adierazgarri.

Normalean joan-etorriko esperientzia izaten da brigadistena. Bertako egoera eta borrokak ezagutzeaz gainera, Euskal Herriko egoeraz eta borrokez mintzatzen dira. Palestinan ezberdina da. Egoera berezia dela azaldu du Bidaurretak: «Palestinako egoera hain bortitza denez, ez duzu denbora askorik zurea kontatzeko. Txikikeria iruditzen zaizu». Hala ere, askotan egiten zituen alderaketak han ikusten zituen egoeren eta Euskal Herrian gertatu direnen artean. «Adibidez, Jerusalemen Israel ari da drogaren kontuarekin jolasean, eta hemen heroinarekin gertatutakoa gogorarazi zidan horrek».

Emozio kontrajarriak ekarri ditu Bidaurretak Palestinatik. «Indarra eman digu, baina pena ere bai, zulora doazelako. Gogorra izan da, nahiz eta bagenekien nora gindoazen. Ezagutu dugun jendea auskalo non izango den hemendik denbora batera. Guztiek dute norbait kartzelan edo hila». Bidaurretak uste du ikuspegia aldatzen dela horrelako bidaia batean: «Palestinara joatean denak ematen dizu buelta».

Egoera zaila izan arren, bidaiaren esperientziari buruz mintzatzean ez da ezkorra gazte iruindarra. «Sekulako taldea egin genuen, eta brigadako kideen artean lotura handia sortu zen. Pasatu ditugun momentu gogorrak gainditzen lagundu diogu elkarri». Irakaspena ere ekarri dute Euskal Herrira: «Itxaropena eman digu bidaiak, eta eraso bortitzei irribarrez, umorez eta kemenez aurre egiteko eredua». Emakumeen rola ere nabarmendu du, borroka aurrera ateratzeko «indarra» eta «babesa» eman dutelakoan. «Borroka mantentzeko, eta psikologikoki horrelako egoera bati aurre egiteko, ezinbestekoa izan da emakume palestinarren rola».


Julen Mendizabal —hirugarrena ezkerretik— Atenasko Klinika Sozialeko farmazia ezagutzen. / ASKAPENA

«Sakontasun handiagoz bidaiatzeko modu bat da brigadetan parte hartzea» 

Julen Mendizabal  Brigadista

Krisi ekonomikoaren ondorioek komunikabideen fokuen azpian utzi zuten Grezia. Egoera horri interes handiz erreparatu zion Julen Mendizabalek (Bilbo, 1980), eta horregatik erabaki zuen Askapenako brigadekin batera herrialdeko egoera bertatik bertara ezagutzera joatea. Aurretik Irlandan egona zen brigadista, eta, Argentinan eta Palestinan izan zelarik, Askapenako kideekin elkartu zen. Bidaiatzean, nahiago du modu horretan, «beste esperientzia mota bat» baita.

Mendizabalek dio brigadista batek ez duela «azaleko turismoa» egiten. «Ez zoaz dena turistentzako prestatuta dagoen toki batera, dena kontsumora mugatua dagoen toki batera». Haren aburuz, horrelako bidaietan nekez bereiz daiteke herrialde bat edo beste, mundu osoan turismoari bideratutako guneak haien artean «oso antzekoak» direlakoan baitago. «Brigada batean parte hartuta, politizatuta dagoen jendea ezagutuko duzu, gai dena bere herriaz hitz egiteko, eta beren egoera politiko, ekonomiko eta soziala azalduko dizu. Sakontasun handiagoz bidaiatzeko modu bat da; egiten dizun ekarpen aberasgarriagoa da».

Askapenak antolatutako brigadetan, elkarte homologo batek egiten die harrera euskal herritarrei. Grezian, KOE erakunde komunista arduratzen da horretaz, eta haiek antolatutako agendari jarraitu zioten Mendizabalek eta bere kideek. Lau helbururekin joan ziren: Europako Batasunak hartutako neurriek herrialdean zer ondorio izan zituzten ikustea, errefuxiatuen aferari buruzko azterketa politikoa egitea, hango auzi geopolitikoa ezagutzea eta herrialdean dauden borroka sozialen berri izatea.

Mendizabalek han ikusitakoa azaldu du: «Lur jota dagoen herri bat aurkitu genuen, burujabetza erabat galdu duena. Etengabe errepikatzen ziguten troikaren edo, zuzenean, Alemaniaren kolonia bihurtu direla».

Hala ere, borroka sozialetan esperientzia interesgarriak ezagutu zituzten. Hezkuntzaren pribatizazioaren aurrean, eskola berezi bat sortu zuten: beharrezko formakuntza ez zuten diru truke ematen. «Denbora banku baten modura funtzionatzen zuen». Osasunari loturik zegoen beste esperientzia: Klinika Soziala. «Guziak artatzen zituzten han». Azkenik, Idomenin izan ziren, errefuxiatuak etxean hartu zituzten herritarrekin. Noski, Euskal Herriko berri ere eman zieten.


Hondoan, ezkerrean, Mireia Mochales, azalpenei adi-adi, xaboi fabrika batean. / ASKAPENA

«Etxera iristean konturatzen zara maleta beteta itzuli zarela» 

Mireia Mochales Brigadista

Hego Amerikara eta Mendebaldeko Saharara joateko asmoa zuen aspaldi Mireia Mochalesek (Eibar, Gipuzkoa, 1989), eta Askapenak antolatzen dituen brigaden bidez bete zuen gogoa. 2013an joan zen Mendebaldeko Saharara; iaz Venezuelan egon zen. Azaldu duenez, «bizitzan behin egin beharreko» kontua da: «Brigadista joanda aukera ematen du tokietako errealitatea zuzenki ezagutzeko. Ez zoaz turismoa egitera, bertako borroken informazioa eskuratzera baizik».

Uztail hondarrean abiatu ziren Caracasera, hango borrokak eta eragile politiko eta sozialak ezagutzeko; baita Euskal Herriko egoeraren berri emateko ere. Bilkurak, hedabideekin elkarrizketak... «Nahiko eroak izan ziren hamar egunak». Gero, herrialdeko beste eremu batzuk ezagutu zituzten, batik bat, mendebaldean. «Hilabete oso bizia izaten da, mila gauza ezagutzen dituzulako. Beharbada, momentuan ez diozu duen garrantzia ematen, baina etxera iristean, eta horretaz pentsatzean, maleta beteta itzuli zarela konturatzen zara». Dena den, lana ez da hor bukatzen: bizitako guzia etxean kontatzea da bigarren partea. Horretan aritu dira brigadistak egun hauetan Euskal Herriko zenbait hiri eta herritan. «Hemengo kontakizun ofiziala haustea dagokigu», azaldu du brigadistak.

«Indarberrituta» itzuli zen Mochales Euskal Herrian «lanean» jarraitzeko. Baina dena ez da teoria: «Oso enpatikoa da. Brigada politikoa da, eta ezagutza hori eskuratzen duzu, baina humanoa ere bada, eta, alde horretatik, bertan ezagututako jende guzia ekartzen dugu gurekin». Han sortutako harremanek jarraitzen dute, baita brigada talde berean joandakoen artean ere. Orain, gainera, indar handiz, Venezuelak duen egoera larria dela eta: «Ezagutzen duzularik herrialdea eta bertako jendea, oraingoa bezalako egoera gogorretan begiak hara so ditugu beti. Urduri gaude, ezjakintasunez beterik, eta hango jendeari egunerokoari buruz galdetzen diogu».

Venezuelan zirela ohartu ziren Eguberrien ondotik «kolpe inperialista latza» heldu zela. Haiek, «gerra ekonomikoaren» ondorioak ikusi dituzte bertatik bertara. Dioenez, horrek ez du balio izan, beraz, beldur da ez ote diren gerra armekin egitera pasatuko. Dena den, itxaropenik ez du galdu Mochalesek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.