Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Hizkuntza gutxituak, elkartuta

Hamar hizkuntza gutxitutako hamasei ordezkari Euskal Herrian daude egunotan, Garabide elkarteak antolatutako 'Hizkuntza gidaritzari buruzko ikastaldia' formazioa egiten. Elkarrizketatuek transmisio arazoak nabarmendu dituzte, eta biziberritzeko helburuarekin ari dira lanean
Garabide elkarteak antolatutako formazio saioa egiten ari diren hizkuntza gutxituetako kideek <em>Berria</em> bisitatu zuten lehengo astean.
Garabide elkarteak antolatutako formazio saioa egiten ari diren hizkuntza gutxituetako kideek Berria bisitatu zuten lehengo astean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2019ko urriak 15


JON URBE / FOKU

AMELIA DOMINGUEZ

«Nahuatla hiltzen joango da guk ez badugu ezer egiten»

Mexikokoa da Amelia Dominguez. Puebla estatuan bizi da, Cuetzalan del Progreso udalerrian, eta nahuatl hizkuntza hitz egiten du. Mexikoko etnia indigenarik jendetsuena da hori, eta milioi bat eta erdi hiztun baino gehiago ditu. Dominguez bizi den udalerrian, %70ek hitz egiten dute nahuatla. Gaur egun, komunitate sakabanatuetan erabiltzen dira nahuatl hizkuntzaren aldaera ezberdinak, eta Dominguezek urrutien dauden herrietan gaztelera asko sartu dela dio: «Mexikon eragin handia du oraindik gaztelaniatze garaiak. Kutsadura handia dago, baina hor segitzen dugu». Hala, hizkuntza indigenak gutxietsiak direla uste du: «Jendeak pobreziarekin lotzen du hizkuntza indigena bat hitz egitea. Ez baduzu gazteleraz hitz egiten, uste dute ez duzula arrazoimenik. Familia askok bizi dute hori».

Pentsamendu horrek eragin zuzena du nahuatl hizkuntzaren egoerarekin, eta transmisioa eteten ari da: «Guk ez badugu ezer egiten, gure hizkuntza hiltzen joango da. Izan ere, guraso gazteak ez dira ari belaunaldi berriei transmititzen. Hori da etorkizunari begira dagoen arrisku nagusia». Horrez gain, transmisio arazoaren arrazoi nagusietako bat migrazioa dela uste du Dominguezek: «Migrazioak eragin handia duela uste dut. Guraso gazte askok landan lan egiteari utzi diote, eta nahiago dute hiri handietara joan. Hirian, ordea, talka egiten dute hizkuntzarekin, bertan gehienbat gazteleraz hitz egiten baita». Jendea kontzientziatzea ezinbestekoa dela dio, eta «erroa» eta «identitatea» berreskuratzeko lan egin behar dutela.

Bestalde, nahuatla biziberritzeko prozesuan ez dute gobernuaren laguntzarik, eta kritikoa da Dominguez politikoen jarreraren inguruan: «Hizkuntza folklorizatu egin dela uste dut. Politikoek lorbide gisa erabiltzen dute. Kanpaina garaian daudenean, hizkuntza ikasten dute, horrela jende gehiago konbentzitzen dutelako. Ez zaio benetan behar duen garrantzia ematen, eta biziberritzearen alde egin dituzten urratsak ez dira egiazkoak».

Hala ere, hizkuntzaren alde lan egiteko indar handia duela azaldu du, eta baikorra da geroari begira: «Nahuatlak etorkizuna du». Egun, nahuatlaren corpusa lantzen ari da Dominguez, Tosepan kooperatiban. Zehazki, Cuetzalan udalerriko hiztegi bat osatzen ari da. Komunitatea indartzeko arlo ezberdinak lantzen ditu Tosepanek, eta hizkuntzaren biziberritzea da horietako bat.

 


JON URBE / FOKU

NANCY QUISPE

«Gure identitatearen isla da aimara hizkuntza. Niretzat guztia da»

La Paz departamenduan (Bolivia) bizi da Nancy Quispe, eta aimara da haren jatorrizko hizkuntza. Aimarak bi milioi hiztun baino gehiago ditu Bolivian, eta, guaraniera eta kitxuarekin batera, han gehien erabiltzen den hizkuntza indigena da. 36 nazio daude Bolivian, eta beste hainbeste jatorrizko hizkuntza ofizial. Quisperentzat garrantzi handia du aimarak: «Niretzat guztia da aimara. Gure identitatearen isla da. Nolakoak garen eta nor garen adierazten du». Osasuntsu dago hizkuntza; hiztun asko ditu, baina gainbehera bat nabarmendu du Quispek: «Belaunaldi berrian identitatearen galera ikusi da. Ez da transmisiorik egon». Hala, esan du jendea sentsibilizatu behar dela eta egoera horri aurre egin behar zaiola: «Hiztun eta politika asko izan arren, identitatearen parte sentitzea beharrezkoa da. Bestela, ez da guk nahi dugun hazkunde hori ikusiko».

Quispek uste du gazteekin konektatzea lortu behar dela, eta garrantzia eman dio hizkuntza espazio berrietara zabaltzeari: « Belaunaldi berriak beste mundu batean daude, eta hor sartzea lortu behar dugu». Horretarako metodologia eta estrategia berriak sortu behar direla adierazi du.

Estatu mailako telebista batean ari da lanean Quispe, Bolivia TVn. Bertan, Nuestras Voces izeneko saioa gidatzen du. Hizkuntzaren inguruko programa bat da, eta gazteei Boliviako hizkuntza indigenak nola transmititu irakastea du helburu: «Belaunaldi berriei irakasteko metodologia bat bilatzen ari gara». Orain arte, sei hizkuntzatan baino gehiagotan zabaldu ditu edukiak, eta Boliviako hizkuntza indigena guztiak lantzea da Quisperen helburua. Hala, hizkuntza biziberritzeko asmoarekin, programa estrategikoak sortzen jarraitu behar dutela dio. Argi du zein den bere helburua: «Kazetari moduan, aimara hizkuntza haztea lortu nahi dut».

Aimara hizkuntzak hiztun asko izan arren, hazten jarraitzeko arazo bat aurkitzen du Quispek: «Hizkuntza ez da estandarizatu, eta horregatik ez doa aurrera. Botereen arteko talka bat dago. Akademia, gobernua eta herria ez doaz batera». Gobernuak hizkuntza biziberritzearen aldeko urratsak egiten dituela adierazi du, baina horretarako aimara estandarizatu behar dela dio: «Gobernuak legeak atera zituen hezkuntza unitate guztietan bertako hizkuntza irakatsi eta transmititzeko. Hemen, derrigorrezkoa da aimara irakastea, baina aimara ez dago hain prestatua hezkuntza eredu honetarako. Horrez gain, irakasle batzuek ez dute hitz egiten». Gabezia eta arazo horien aurka lanean jarraituko dutela ziurtatu du Quispek.

 


JON URBE / FOKU

SOCORRO CAUICH

«Jendeak pobreziarekin lotzen du maia hitz egitea»

Yukatan estatuan (Mexiko) bizi da Socorro Cauich, eta Yukatango maia hizkuntza erabiltzen du bere egunerokotasunean. Mexikoko Quintana Roo, Campeche eta Yukatan estatuetan erabiltzen da, eta, egun, 800.000 hiztun inguru ditu. Cauichek maia ez du ama hizkuntza, baina bere bizitzan ezinbesteko zerbait bilakatu dela dio: «Nire bizitza eta pasioa da. Orain dela urte batzuk ez nuen gauza bera esango. Agian, ez nion behar bezalako garrantzia ematen». Yuuyum irratian lanean hasi zen Cauich, eta, horrekin batera, hizkuntzarekin harreman estuagoa izaten: «Honen parte sentitzen hasi nintzen. Aurretik, ez nekien zerbaiten parte nintzenik ere. Izugarria da. Garrantzitsua den zerbaiten parte sentitzeak hizkuntza eta kultura aberasten laguntzen duela uste dut».

Programaren %80 maiaz egiten du Yuuyum irratiak, eta %20, gazteleraz. Maia indartzea da horren asmoa: «Yuuyum irratia herria bere hizkuntzan informatua egoteko sortu zen, baina, pixkanaka, helburuak aldatuz joan dira. Gure egitekoak horiek baino askoz handiagoak direla ohartu ginen. Gure hizkuntzan informatzeko ez ezik, hizkuntza aberasteko eta biziberritzeko modu garrantzitsu bat ere bada».

Maia hizkuntza biziberritzeko proiektu asko daude, baina aurrerakuntzak ez dira handiak izan azken urteetan. Arrazoietako bat «transmisio falta» izan dela uste du Cauichek: «Jendeak pobreziarekin lotzen du maia hitz egitea, eta askok ez dute nahi beren haurrei hizkuntza transmititzea. Gainera, eskoletan, irakasleek gaztelaniaz bakarrik hitz egiten dute. Orduan, gurasoek ez diete maia irakasten, eskolan hasitakoan zailtasunik ez izateko». Cauichek beharrezkotzat jotzen du jendea kontzientziatzea hizkuntzak duen garrantziaren inguruan: «Hizkuntzaren prestigioaren aldeko kanpaina bat sortu behar dugu».

Instituzioen aldetik ere, uste du hizkuntza biziberritzeko laguntzak ez direla nahikoak, eta kolokan jarri du gobernuak hizkuntza biziberritzearen alde emandako pausoen egiazkotasuna: «Herri indigenak eta haien kultura lagundu eta bultzatuko dutela diote, baina diskurtsoaren parte baino ez da. Legeak badaude kultura eta hizkuntzaren alde; aitortza egiten diote, baina ez dute ezertarako balio gero ez bada praktikan jartzen». Hala ere, Cauich baikorra da etorkizunari begira, eta azpimarratu du ekintzaile sozial gisa lanean segituko dutela hizkuntzaren alde.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Xabierko gazteluaren aurrean (Nafarroa) gabatu dute dantza erakusteko bideoa. ©Iruña Dantza Taldea

'Euskal Herrian euskaraz' kantatu? Orain, dantzatu ere bai

Edu Lartzanguren

Iruña Dantza Taldeak koreografia sortu dio Oskorriren kanta klasikoari, bihar Nafarroaren eta Euskararen Egunean dantzatu ahal izateko.

1 ©BERRIA / EZEZAGUNA

Beltza gailendu zitzaion zuriari

Iker Tubia

'Film noir' edo 'zinema beltza' izeneko korrontea duela 80 urte hasi zen zabaltzen, AEBetan. Narratiba eta estetika beltz, ziniko eta etsigarri batek hartu zituen zuri-beltzeko pantailak, garai hartako egoeraren erakusgarri. Emakumeen bestelako irudi bat ere sortu zuten: 'femme fatale' pertsonaia.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Flamenkoak atximur egiten du ariman»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Donostiako kantu flamenkoaren lehiaketan izena eman ostean, lehen postua lortu du Jimenezek. Haren ustez, flamenkoa biziera bat da, eta hori zabaltzeko asmoz sortu dute Gasteizko Ametsa lagunartea ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.