Hondarribiko alardea. Oihana Etxebarrieta. Jaizkibel konpainiako kapitaina

«Herriko jende askorentzat gu beste konpainia bat gara jadanik»

Iaz hartu zuen Etxebarrietak buruzagi kargua konpainia parekidean. Harro aldarrikatzen du orain bi hamarkada aldarria ozentzen hasi ziren emakumezkoen hitza, haien presentzia; gero eta konpainia gazteagoan, berriagoan.

arantxa iraola
Hondarribia
2018ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Festa bakarrik ez. Aldarria ere egin behar izaten dute urtero Jaizkibel konpainian. Izan ere, Hondarribiko konpainia parekide bakarra izateak ondorio agerikoak ditu; aparte desfilatu behar izaten dute urtero, alardeaz bestelako orduan, eta udal gobernuak ez du oraindik inoiz haien aldeko keinu publikorik egin. Halaber,keinu itsusiak jasan dituzte, urtero: ateratzen hasi zirenetik. Hala ere, apurka hazten ari direla ikusteak dena errazten duela esan du konpainiako kapitainak, Oihana Etxebarrietak (1987, Hondarribia). Iaztik ari da. Baikor: «Gazte askok egiten dute bat gurekin».

Badira 22 urte gatazka hasi zela, eta izan dira une aski gogorrak ordutik Irunen eta Hondarribian. Zama da historia hori guztia? Edo ikasbidea?

Niretzat, dudarik gabe, ikasbide handia. Ez zait inoiz-inoiz zama bilakatu. Beti ikasten da orain dela 22-25 urte lehen aldiz eskaria egin zuten emakumeak entzunda: niretzat inspirazio iturri dira. Nire ustez, garai hartan haiek egin zuten hausnarketa gaur egun normaltzat hartuko litzateke, baina haiek oso aurrerakoiak izan ziren; bidea zabaldu zuten Euskal Herrian beste hainbat herritan gatazkarik ez sortzeko, eta beste hainbat emakumek eskubidea izateko beren herriko festetan parte hartzeko. Tamalez, haiek oraindik ez dute ikusi, baina ikusten ari dira: gure konpainia gero eta handiagoa da. Beraz, beti-beti inspirazio iturri izan dira niretzat bidea hasi zuten emakume haiek.

Ardura handia ere bada, noski...

Bai. Askotan duda da: «Ongi ordezkatuko ote dut haiek utzitako hori guztia?». Niretzat, oso garrantzitsua izan da beti aldarrikatzea festa daukagula, hau festa egun bat dela, eta ongi pasatu behar dugula, baina ez dugula ahaztu behar nondik gatozen. Gero eta gazte gehiago gara, eta hori izugarria da konpainiarentzat; baina askok eta askok ez genuen ezagutzen historia osoa, nik neuk ere ez. Ikasiz joan naiz, andre haiei esker, eta uste dut hori ongi ordezkatu behar dugula, eta ez dugu ahaztu behar nondik gatozen: nori esker gauden hemen.

Alarde parekide bat lortzeko asmoz sortu zen aldarria. Luze doa bidea. Asko falta al da?

Ni agian optimistegia naiz, baina uste dut herriko jende askorentzat gu beste konpainia bat garela jadanik: alardeko beste konpainia bat. Kontua da oraindik ere gatazka oso bizi mantendu nahi duen jende bat badagoela: Zuekin inoiz ez, Ez gara zuek ikustera etortzen... Mezu horiek guztiak zabaltzen dituztenak nik uste dut gutxiengo bat direla, baina indar handia duten gutxiengo bat; indar gehiegizkoa dute. Gustatuko litzaidake bidearen amaieran gaudela esatea. Ez gaude duela hogei urte bezala; gatazka gune gogorrak oraindik badira, baina gazteen artean-eta, haien kuadrilletan, badira gaur egun konpainia guztietan ateratzen direnak, eta horien artean daude, hain justu, Jaizkibelekoak. Horrek normaltasun bat sortzen du; iritsiko da eguna Jaizkibelek beste guztiekin batera desfilatuko duena.

Alarde parekidearen abiapuntua izango litzateke hori...

Hori da. Gero norberak ikusiko du zein momentutan, nola egin nahi duen; badakit konpainia bakoitzak bere moduak dituela erabakiak hartzeko, baina uste dut urrats bat izango dela Jaizkibel bertara sartzea, eta kutsatze bat gertatuko dela; ikusita nola batzuek parte hartzen dugun, festaz gozatzen dugun, bada beste batzuk ere etorriko direla.

Kostata egin duzue bidea.Baina urtero egon da aurrera urratsen bat. Zein izango da aurtengoa?

Babes instituzionalean egon daiteke. EAJtik etor daiteke; Irungo alardean ikusi genuen keinu bat, eta uste dut denok oso positiboki baloratu genuela...

Hain justu, alderdiko ordezkaritza bat estreinakoz egon zen Irungo udaletxeko balkoian alarde mistoa ikusten, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza tartean...

Hori da. Espero dugu, norabide berean, Hondarribian ere haiek hemen izatea. Guk, beti bezala, gonbidatu ditugu, eta espero dugu hemen egotea. Garrantzitsua litzateke. Hori, alderdien partetik. Gero, instituzioen partetik ere mugitu behar lukete, baina tamalez uste dut hor oraindik egiteko asko geratzen dela; bai Hondarribiko Udalaren partetik eta bai Gipuzkoako Diputazioaren partetik. Horiez aparte, nik uste dut beste urratsetako bat dela kalean jarraitzea: gu ere herriaren eta festaren parte garela erakustea.

Udala aipatu duzu. Urte osoan ez dago harekin harremanik propio auziaz aritzeko?

Ez. Eskatu izan dugu, hainbatetan. Badakigu alderdi politikoen artean nolabaiteko ahalegin batzuk egon direla: ez dakigu orain zertan diren. Baina udal bati dagozkion bitartekaritza edo foro eraketarik ez du bere gain hartu Hondarribiko Udalak. Eskatzen dugun zerbait da.

Duela 22 urte andreek kalera irteteko egin zuten urratsak sortu zituen zauriak handiak izan zirela pentsatzekoa da: horren erakusgarri ere badela gatazka. Gazteengan dago esperantza...

Bai. Nik uste dut dagoeneko horri heltzeak ez duela zentzurik. Nik garai hartako ingurumarian kokatzen dut orduan gertatu zena, eta inoiz ez dut zalantzan jarriko andre haiek hartu zuten erabakia. Baina uste dut egun beste ingurumari batean gaudela. 22 urte igaro dira, eta hainbatek eta hainbatek oroitu ere ez dute egiten; asko jaio ere ez ziren egin. Nik neuk 9 urte nituen. Aski da. Horri ezin diogu heldu. Egungo egoerari heldu behar diogu. Hitz egin dezakegu, noski... Min handiak daude. Garai hartan gatazka bizi izan zuten pertsona askok min handiak dituzte, eta horiek entzun egin behar ditugu. Akaso foro batzuk sortu behar dira gauza horiez hitz egiteko. Baina horrek ezin ditu baldintzatu gaurko erabakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.