Nafarroako gobernu akordioa. Euskara

Aro berri bat, zuztarrak oro erauzi gabe

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak eginiko itunak dio urteotan Nafarroan egin den hizkuntza politika «baztertzailea» ahazteko garaia dela, bide berriena. Ez dira bat etorri, ordea, Nafarroa osoan euskara ofizialtzeko.

Nafarroako euskaltegietako ordezkariak, laguntza faltagatik protestan, foru gobernuaren aurrean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2015eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Politika «berri» bat nahi dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak euskararen arloan Nafarroan. Datorren legealdirako hitzartu duten gobernu akordioan urteotan UPNren agintepean egin den hizkuntza politikaren ezaugarrietako bat «bazterkeria» izan direla gaitzetsi dute, eta bestelako oinarriak ipini nahi dituzte herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean. «Lege esparru egoki bat» garatu nahi dute eskubide horien alde, baina egun indarrean dagoen Euskararen Legearen mugak gainditzeko proposamenik ez da egin hitzartu duten testuan. Hortaz, horren arabera, hiru hizkuntza eremutan banatuta jarraituko du Nafarroak: eremu euskaldun, misto eta ez-euskaldunean. «Hori izan da, hain zuzen ere, elkarrizketetan izan den desadostasun sakonenetako bat», onartu du EH Bilduko ordezkari Bakartxo Ruizek. «Itxuraz denok ados geunden zonifikazioa gainditu eta ofizialtasuna aldarrikatzeari buruz, baina gero, negoziatzean, ez da borondate politiko nahikorik egon». Ezkerrari egozten dio, bereziki, Ruizek aldaketa proposamen horiei galga jarri izana, eta Ahal Dugu eta Geroa Bairi, berriz, aldaketaren alde epelegi aritzea.

Zuztarreko aldaketa hori egin gabe ere, igaro urteotan euskararen garapena eragozteko ezarri diren dekretu batzuk erretiratzen jarri nahi dute indarra, eta bestelako araudi batzuk egiten: «Zentzu positiboan». 19 puntuko akordio bat itundu dute, hain justu, bide horretan. «Gure ustez, ez da nahikoa, baina urratsak egin daitezke», onartu du Ruizek. Horien inguruan batu, eta aurrera pausoak egitea da orain asmoa.

Gobernuko martxa gidatzeko adostu duten puntuetako bat da, esaterako, hizkuntza politikaz Nafarroako Gobernuan arduratuko den sailak —«ez dakigu Euskarabidea izango den edo beste izen bat hartuko duen», azaldu du Ruizek— izaera «zeharlerrokoa» izan behar duela derrigorrean. Horretarako, eta itunean zehazki jartzen ez badu ere, egungo antolaketa eredutik atera nahi dute erakundea —Hezkuntza Departamenduaren barruan dago Euskarabidea— eta gobernuko presidentetzaren egituran txertatu nahi dute. Horretan talde politiko guztiak bat etorri direla nabarmendu du EH Bilduko ordezkariak. «Izan ere, hartara, gobernu osoko jardunari lotzeko moduan egongo da erakunde hori. Egiturazko aldaketa bat da, aurrerapauso inportante bat gerora bestelako eskumenak eskuratzeko». Testuan zehaztu dute, halaber, gobernuak ekitaldi publiko guztietan euskararen presentzia bermatuko duela, eta hizkuntzari behar duen «prestigioa» emateko neurriak bultzatuko dituela.

Herri mugimenduei irekita

Euskararen Kontseilua indartzea da akordio programatikoaren beste helburuetako bat; gizarte erakundeetako partaide gehiago izatea nahi da, eta eskumenak ugaritzea. «Herri mugimenduak hor daude, eta erakunde horrek zubi lana egin beharko luke gizartearen eta gobernuaren artean», azaldu du Ruizek. Akordioaren arabera, kontseilu horren eginkizuna izango da Nafarroako egoera linguistikoaren inguruko «diagnostiko osoa» egitea, eta horren araberako plan estrategiko bat diseinatzea euskara Nafarroan behar bezala hauspotzeko. Plan hori «oinarri» bezala erabili beharko du gero gobernuak indarrean jarriko duen hizkuntza politika zedarritzeko. Testuan, baita ere, «konpromisoa» hartu dute administrazioan euskarazko zerbitzua bermatzen joateko ahaleginak egiteko. Lantaldeen diagnostiko bat egingo dela jarri dute, eta urratsak egingo direla zirkuitu elebidunak egituratzen joateko administrazio barruan. Bide horretan, tokiko administrazioekin lankidetza sustatu eta indartu egingo da, baita erakunde horietako euskara zerbitzuen sarea ere. «Dauden eskariei erantzungo zaie, eta etor daitezkeenei».

Presako hitza behin ageri da alderdiek euskararen inguruan hitzartu duten akordioan: euskaltegiei buruzko atalean. Hain justu, nabarmendu dute 2015erako diru laguntza berehala eman behar zaiela helduen euskalduntze eta alfabetatze zentroei. Segur aski, gobernuak hartuko duen lehendabiziko neurrietako bat izango dela esan du Ruizek: «Itxaron ezin duten neurrietako bat da. 2012ko urritik euro bakar bat ere ez dute jaso, eta aurtengo diru laguntza, behintzat, lehenbailehen bideratu behar zaie». Behin lehendabiziko urrats hori eginda, hainbat urtetako hitzarmena izenpetu nahi dute euskaltegiekin zentro horien egonkortasuna eta jarduna ziurtatzeko.

Hedabideak

Era berean, akordioaren arabera, «berreskuratu eta hobetu» egin behar dira euskaraz diharduten hedabideei zuzenduriko laguntzak, eta hitzarmenak eta diru laguntzen deialdiak erabiliko dira horretarako. Ruizen arabera, mahai gainean egon da Euskalerria irratiaren kasua negoziazioetan, lizentziarik gabe baitirau 27 urteko ibilbidearen ostean. Hedabide horren izenik ez da ageri testuan, baina haren adibidea segituan dator gogora. «Aipatzen da garbi neurriak hartu behar direla Nafarroako gizarteari bere osotasunean euskarazko komunikabideak jarraitzeko eskubidea bermatu ahal izateko. Eta hor kasu argiena, eta segur aski larriena, Euskalerria Irratiarena da; hor dago bide legal bat jorratzeko UPNko gobernuek egin ez zutena, eta horri ere lehenbailehen ekin beharko zaio, zalantzarik gabe». Finantzaketari dagokionez, baita ere, zehaztu dute iturri publikotik laguntzak jasotzen dituzten hedabideek euskaraz jardun beharko dutela, legeak zehazten duen portzentajean, gutxienez ere.

Bakartxo Ruizen arabera, adostasuna lortzeko zailtasunak izan zituzten arnasguneekin —eremu oso euskaldunei halaxe hots egiten zaie— loturiko puntuan ere. Azkenean, arnasgunea hitza bera ez da ageri akordioan, baina «euskararen ezagutza handi era erabilera orokortuko» espazioak aintzat hartzen dira; esaten da aztertu egingo dela zer funtzio duten eremu horiek, eta estudiatuko dela aparteko hizkuntz politikak ezar daitezkeen eremu horietan. «Halako erredakzio lausoa geratu da», onartu du Ruizek, eta izandako eztabaiden emaitza dela esplikatu du. «Baina zabaldu da lan ildo bat, eta, pentsatzen dugu ongi eta borondate politikoz lan egiten bada, horrek ere bide interesgarri bat zabalduko duela». Alor sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko neurrien alde egitea ere erabaki dute, eta enpresetatik eta erakundeetatik abiatuko diren euskara planei zuzenduriko laguntzak ematea.

Beste erakundeekin batera

Euskara sustatzeko ahaleginetan Euskal Herri mailan lanean ari diren beste administrazio publiko eta erakundeekin —propio aipatzen dira EAEko erakundeak, EEP Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskaltzaindia— harremanak «normalizatzeko eta hobetzeko» konpromisoa ere bere egin dute akordioa izenpetu duten alderdi guztiek. UPNk erlazio horiek ezereztera jo duela oroitarazi du Ruizek, eta bat datozela orain denak berriro zubiak eraikitzeko xedean. «Lan ildoak eta baliabideak partekatuta jardun behar da; Nafarroako Gobernuak hor parte hartzen egon behar du».

Itundutako puntu horiek guztiak «aurrera pauso inportanteak» direnik ez du ukatzen Ruizek, baina bidean geratu denaren tamala ezin du ezkutatu. «Sentipen gazi-gozoa dugu; ez gaitu erabat asetzen akordioak». Mahaiaren bueltako martxak, ordea, hori du. «Ikuspegiak anitzak dira». Uste du, hala ere, oinarri on bat dela lanerako, eta fruitua eman dezakeela datozen urteetako lan ibilbidean.«Asko dago egiteko. Batez ere, gogora ekarrita minus hamarretik abiatzen garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.