Koronabirusa. Josebe Iturrioz. Euskal Herriko mugimendu feministako kidea

«Ez dugu ulertzen Urkullu eta Txibite gurekin ez biltzea»

Koronabirusaren krisi betean, Euskal Herriko mugimendu feministak lan mahai tekniko bat abiarazi du. Zaintzak erdigunean jartzea eta, kapital ekonomikoa baino gehiago, bizitza lehenestea aldarrikatu du Iturriozek.

JON URBE / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre.
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Osasun krisia bai, baina koronabirusak bestelako arrakala batzuk ere ireki ditu gizartean. Arrakala horiek guztiak, ordea, ez dira berriak: «Denbora daramagu hau aurreikusten», dio Josebe Iturrioz (Ordizia, Gipuzkoa, 1978) Euskal Herriko mugimendu feministako kideak. Zaintzaren kolapsoa gertatu dela diote feministek, eta lan mahai tekniko bat osatu dute auziari ikuspegi feministatik heltzeko. Haserre daude, gobernariek ekonomiari eman diotelako lehentasuna.

Lan mahai tekniko bat osatu duzue ikuspegi feministatik koronabirusaren krisiari heltzeko. Zer analisi egiten duzue?

Mugimendu feministak denbora darama zaintzen kolapsoei buruz hitz egiten, eta, orain, krisi hori areagotu egin da. Gure gatazkak bioekopolitikoak dira. Bizitza eta naturarekiko orekaren gainean sortzen direlako gatazkak. Gure agintariak beste planeta batean bizi dira; ez dute inoiz zaintza erdigunean jarri, eta hori nabari da. Edonola ere, ez gara alderdi konkreturen bat kritikatzen tematuko, eszena publikoan dagoen alderdi batek berak ere ez baitaki hau kudeatzen. Krisia ez da pandemia. Krisia zaintza krisia da. Arreta zaintzetan jarriko bagenu, ez litzateke horrela kudeatuko. Tamalez, mugimendu feministak aurreikusi duena bete egin da.

Diagnostikoa eginda erabaki duzue mahai teknikoa osatzea.

Gobernuen baliabiderik ez dugu, baina ezinbestekoa iruditu zaigu ekitea. Gertatzen ari dena ezin dugu utzi estatu neoliberal, kapitalista eta patriarkalaren ordezkarien esku. Astebete daramagu lanean, eta uste dugu mugimendu feministaren egiteko moduek harrera ona izan dutela. Badira agintarien alboan dauden pertsona batzuk ere mahaian parte hartu ezin duten arren esker ona adierazi dutenak.

Astelehenean egin zenuten lehen bilera, eta hogei eragilek eta adituk parte hartu zuten. Zer balorazio egiten duzue?

Oso ona. 48 orduko epea iragarri genuen egitasmoarekin bat egiteko, baina geroago ere jaso ditugu eskaerak. Oraingoz, lehen hogei eragileekin batu gara, baina argi dago mahaia handituko dela. Harrera bikaina izaten ari da, eta ez bakarrik Euskal Herrian. Pentsa, AEBetatik ere idatzi digute, Herrialde Katalanetatik, Madrildik ere bai... Erantzuna ezin hobea izan da, eta oso pozik gaude.

Bakartuta egon arren, lortu duzue taldean ekitea, beraz.

Gobernuen eskaera izan da indibidualki zaintzeko geure burua, baina ez dute baliabiderik jarri, eta jendea umezurtz gelditu da. Lotsagarria da. Argi dago zaintza kolektiboa eta komunitarioa dela.

Ez Eusko Jaurlaritzak eta ez Nafarroako Gobernuak, ordea, ez dute eskaerarekin bat egin.

Ez dugu ulertzen nola [Iñigo] Urkullu eta [Maria] Txibite ez diren gurekin bildu. Orain dela gutxi izan zen Martxoaren 8a, eta agerikoa da egiten duten zuriketa morea. EAJk dei egin zien militanteei mobilizazioetan parte hartzeko. Martxoaren 8an denok feministak gara, eta biharamunean muzin egiten diote mugimendufeministari... Ez dugu ulertzen. Harreman ona dugu Emakunderekin, eta badaude EAJko zenbait emakume Euskal Herriko mugimendu feministan, eta sekulakoa da orain ordezkari bat bidaltzeko keinurik ere ez egitea. Mahaian daude kooperatibak, hainbat alderdi, sindikatuak, guraso elkarteak, migranteen taldeak... Eta haiek ez egotea azal gogorra edukitzea da. Guk ez dugu inolako arazorik inorekin esertzeko.

Gobernuek egunero egiten dituzte adierazpenak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den igandean ETBn ohartarazi zuen ekonomiaren osasuna bermatu behar dela...

Lotsagarria da. Urkulluk behin eta berriro aipatzen zuen ekonomiaren osasuna. Baina pertsonen osasuna dago jokoan. Hildakoek ez dute ekonomia martxan jarriko. Alarma egoera sortu dute: Polizia kalean dago, eta badaude pistolak, baina ahoko maskarak, ez. Lan mahaian jaso dugunagatik, ez du ezerk funtzionatzen, eta dena inprobisatzen ari dira. Urkulluri eskatzen diogu osasunaz ari denean pertsonen osasunaz hitz egiteko eta gezurrik ez esateko. Osakidetzan ez dago baliabiderik; haur asko dago jatekorik gabe, eskolako jantokiko otorduak zirelako haien elikadura iturri bakarra. Zer esanik ez migranteen, etxeko langileen eta bestelako enpleguetan ari direnen eskubideei buruz. Ez dugu hildako gehiago nahi; ekonomiaren beste eredu bat nahi dugu. Begira zer gertatu den Zaldibarrekin. Ahaztu zaigu zaborpean bi hilotz daudela harrapatuta. Gure proposamena da zaintza erdigunean jartzea eta eredu ekonomikoa aldatzea.

Indarkeria matxista jasaten duten andreak nola dauden badakizue? Azken bi asteetan hiru emakume hil dituzte.

Oro har, gizarte zerbitzuetan indarkeria matxista daramaten langileak azpikontratatuak dira, eta badakigu larrialdi telefonoek ez dutela funtzionatzen. Zaintzeko lana zuten poliziek hori albo batera utzi dute, eta kalera irten dira.Gizarte zerbitzuek hobeto funtzionatzen dute herri txikietan, eta bisita klandestinoak egiten ari dira tratu txarrak jasaten dituzten andreak zelan dauden jakiteko. Era berean, mugimendu feministak martxan ditu ahalduntzeko hainbat talde, indarkeria matxista jasaten duten emakumeek beren prozesua egin dezaten eta espazio biolentoak utz ditzaten. Baina, egoera honekin, dei bat egiteak ere arriskuan jar ditzake.

Alegia, osasun krisia krisi sakonagoa bilakatu da?

Pandemia hau amaitzean, hildakoen zerrenda paraleloak egin beharko ditugu: Zenbat andre hilko dituzte indarkeria matxistaren ondorioz? Zenbat pertsonak egingo dute beren buruaz beste? Zenbat sartuko dira depresioan, edo zenbatek izango dituzte antsietate arazoak? Zaintza eta bizitza lehenetsi behar dugu. Lehen ere gure gizartea indibidualista bazen, orain, are gehiago. Inkisizioa praktikatzen ari dira, eta agintariek herritarrak animatzen dituzte elkar salatzera. Polizia erabat maskulinizatua dago, eta deitoragarria da haien jarrera. Jendeaklaguntza behar du, ez isunak.

Maskulinizatua Polizia, ala baitasortzen ari den giroa ere?

Gizon guztiak ez, baina agerian gelditzen arida eredua erabat heteropatriarkala dela. Kalean nabarmenagoa da gizonezkoen presentzia. Emakumeak izuz ari dira kalera irteten; erasoen berri jaso dugu, eta esaten digute gizonezkoek erosketak tantaka egiten dituztela, paseatzeko. Beraz, gizonezkoei dei egiten diegu aprobetxatzeko garai hau barruan daramaten matxismoaz hausnartzeko, ikasteko erosketak egiten eta erasorik ez egiteko.

Zein dira mahai teknikoaren hurrengo urratsak?

Txosten bat osatzen ari gara, eta lan metodologia zehaztu bezain azkar egingo dugu hurrengo bilera. Bizitzaren zaintza jarri behar dugu erdigunean. Eredu aldaketa bat lortzea da gure helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.