Alardean batu bitartean, irudian

Guztion Alardeak egindako deialdiari erantzunez, argazki jendetsu bat egin dute Hondarribian; «mugarria» izango da

Argazkian irteteko deiari erantzun zioten herritarrak, atzo, Gernikako Arbola plazako zelaigunean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
arantxa iraola
2022ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Alarde parekidearen aldeko keinu esanguratsua egin zuen atzo arratsaldean Hondarribian (Gipuzkoa) Guztion Alardea elkarteak; ehunka pertsona elkartu zituen Gernikako Arbola plazako zelaigunean, argazki jendetsu batean. Han batutakoek alardearen auzirako konponbide bat eskatu zuten, eta alardeak ezinbestean «guztiona eta guztiontzat» izan behar dutela adierazi zuten.

Batu ziren pertsona askok nabarmendu zuten irudiaren indarra, jende asko eta askotarikoa elkartu zelako argazkirako; orain artean banatuta egondakoak ere batu ziren. «Orube amankomun bati» buruz mintzatu zen jendea ere izan zen. Antolatzaileek poza adierazi zuten ekitaldiak izan zuen segidarengatik, eta gatazkaren konponbidean «mugarria» izango dela uste dute. Ez zuten adierazpenik egin, izenik ere ez zuten eman nahi izan, baina ohar bat leitu zuten. Nabarmendu zuten ekitaldian «sentsibilitate ezberdinetako» herritarrak batu izana. Instituzioei ere zuzendu zitzaizkien, bereziki Hondarribiko Udalari. Uste dute «irmoki, seriotasunez eta pauso zehatzak emanez» murgildu behar duela gatazkaren konponbidean.

Mende laurdena bete zen iaz Irun eta Hondarribiko andreek alardean gizonen pare desfilatzeko ahalegina lehen aldiz egin zutenetik. Kontrako erantzun bortitza jaso zuten orduan, eta egun udalerri bietan alarde bakar eta parekide bat egiten ez dela ikusteak argi erakusten du oraindik behar bezala bideratu gabeko auzia dela. Konponbide bat lortzeko bidean garrantzitsua izan zen Guztion Alardea taldea 2019an Hondarribian eratu izana, andrerik onartzen ez duten konpainien inguruetan dabiltzan hainbat pertsonak osatu baitzuten.

Elkarte horrexek aurten jakinarazi du 64 andrek, izen eta abizenekin, eskakizuna egin dutela alardean gizonekin batera irteteko; alarde baztertzailearen antolatzaile Alarde fundazioaren eta Hondarribiko Udalaren atea jo dute horretarako. Esperantza piztu zuen jakinarazpen horrek. Berriki elkarteak adierazi du, ordea, emakume horiek ez dutela jaso espero zuten erantzunik. Hain justu ere, fundazioak adierazi die ez dutela aintzakotzat hartu beren eskea; Hondarribiko Udalak, berriz, erantzun ere ez die egin. Horiek horrela, atzoko ekitaldian onartu zuten aurten alardea ez dela izango «herri guztiaren ospakizun handia», baina horren alde borrokan jarraitzeko asmoa dutela. Jaien ondoren, berandu baino lehen, «elkarrizketa mahai bat» martxan nahi dute: «Gatazkarik gabeko alardea berreskuratu behar dugu, herritar guztiona eta guztiontzat izango dena».

Ezin banatu

Lehendik ere, alarde bakar baten aldeko hautua argi utzi dute Guztion Alardea taldeko kideek behin baino gehiagotan. «Gure aitona-amonek hondarribiar guztioi utzitako ondare kuttuna da alardea. Horrela, emakumearen parte hartzea ukatzeagatik, desfilea zatitzea ondare immaterial horren aurkako jarrera arduragabea dela iruditzen zaigu», adierazi zuten atzoko ekitaldirako deia egiteko plazaratu zuten oharrean. «Adierazi nahiko genuke badagoela mendeetan zehar Hondarribiko alardeak aldatu ez duen ezaugarri nagusi bat, haren izateari zentzua ematen diona: herriaren kohesioeta batasunaren ikur izatea, alegia», goraipatu zuten.

Alde horretatik, atzoko argazkiaren trinkotasunak eta zabaltasunak lagun dezakete. Irailaren 8an da alardea. Ondoren zer gertatzen den ikusi beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.