«Ez da diru kontua bakarrik: errespetua eskatzen ari gara»

ELAk grebara deitu ditu gaurko Gipuzkoako eraikin eta lokalen 5.000 garbitzaile. Behargin horiek —gehienak emakumeak— %28 apalagoa dute soldata kale garbitzaileek baino —gehienak gizonak—. BERRIAk hiru garbitzaile elkartu ditu azaldu dezaten arrakalen arazoa eta hark sortzen duen samina.

Ezkerretik eskuinera, Pilar Gomez, Belen Muner eta Julia Hernandez garbitzaileak. Gaur greba egingo dute hirurek beren lan baldintzen alde. JON URBE / FOKU.
xabier martin
Donostia
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Belen Munerrek eta Pilar Gomezek uniformea aukera dezakete argazkirako, hiru desberdin janzten dituztenez egunero. Julia Hernandezek bakarra dauka, uniformea eta kontratua; «pribilegiatua» da eraikin eta lokalen garbitzaileen artean. Baina horrek ere ez du babesten sektoreko langile guztiei eragiten dien soldata arrakalatik. Kale garbitzaleek baino %28 apalagoa dute lansaria, 5.175 euro urtero; atariak, bulegoak, ikastolak eta kiroldegiak garbitzen dituzten emakumeak —langileen %80 dira— merkeago lan egiten dute kaleko gizonek baino —langileen %80—, eta nekatu dira. «Injustizia handi baten aurka» greba egiten ari direla adierazteko, manifestazioan aterako dira gaur Donostian, ELA sindikatuak deituta.

«Dirua galduko dugu, behar dugun dirua, baina nahikoa dela erabaki dugu», dio Belen Munerrek (Donostia, 1972); «enpresatan ez dira falta mehatxuak, baina indartsu bagaude, lankidea lanuztera doala ikusten badugu, geu ere grebara goaz». Beldurra badela aitortu dute garbitzaileek, baina Julia Hernandezek (Avila, Espainia, 1962) greba egingo du gaur; «kalean aritzen diren gizonen lan bera egiten dugu: garbitu; eta izugarria da aldea soldatan». Norberaren burua bakarrik ez, «atzetik datozenak» ditu gogoan Hernandezek; «ez da samurra aurrez aurre dutena». Soraluzen (Gipuzkoa) aritzen da, besteak beste kiroldegia garbitzen, egun erdiko kontratu batekin.

Pilar Gomezek (Zumaia, Gipuzkoa, 1971) hiru kontratu dauzka, atariak eta bulegoak garbitzeko Donostiako hainbat auzotan. «Kale garbitzaile gizonen aldean dugun bazterketa izugarria da; gu gara ordukako kontratu ugarirekin ari garenak egun osoko lanaldi bat osatu ahal izateko; hori aitor dezaten nahi dugu: tratu desberdinaren injustizia». «Ez da dirua», diote behin eta berriro hiru garbitzaileek. Errespetuaren bila dabiltza, finean; «besteak bezainbeste eta bezain ongi edo gaizki garbitzen dugu, baina gutxiago jasotzen dugu, eta egoera prekarioan bizi gara», esplikatu du Gomezek, minduta.

Belen Munerrek ere hiru kontratu ditu: 23,5 orduko bat, hamarreko beste bat eta 5,5 ordukoa hirugarrena. «Hiru enpresatan jardun behar dut lanaldi oso bat lortzeko. Ez dute lanaldi oso bat eman nahi kontratu bakar batekin. Atari bat egiten dut aurrena, Altzan; gero, Amaran dagoen beste batera joaten naiz; Altzako beste atari batera itzultzen naiz, eta, ondoren, Antiguara joaten naiz, Aspacera. Goizeko seietan hasten naiz, eta iluntzeko zortzietan bukatu, denbora asko galtzen baitut batetik bestera joaten».

Horrelako egoerak ez dira ohiz kanpokoak garbitzaileen sektorean, elkartutako langileek diotenez. «Ez naiz pribilegiatua, baina hauen aldean bai», dio Julia Hernandezek. Hamabi urte egin ditu kiroldegi bat garbitzen, egun erdiz, eta ikusi du nola gero eta bazkide gehiago dauden, gero eta jarduera gehiago, eta horrek ez dituela ekarri ordu gehiago garbitzeko. «Lan karga asko handitu zaigu denbora berean egiteko. Zein den soluzioa? Zerbitzu okerragoa ematea. Esaten digute: 'Bulego hau astean behin egin aurrerantzean, ez astero', eta gu gaizki sentitzen gara bertako langileek eta bazkideek garbitasunaz zer pentsatuko ote duten kezkaturik».

Aitzortza eskatzen

Pilar Gomezek hiru kontraturekin aritu beharraren zama nabarmendu du. «Lan baten eta bestearen artean ordu asko galtzen ditut. Banku bulego batean 45 minutu egoten naiz igual, beste batean 25 minutu, eta gero atari batera noa ordu eta laurden... Donostia osoan zehar ibiltzen naiz». Lokaletako garbitzaileek uste dute ez dutela lortuko berehala %28ko soldata igoera bat kale garbitzaileekin parekatzeko, baina arrakala hori txikitzen hasi behar dela diote. «Justizia sozialaren esparruko kontu bat da hau, diru kontu bat baino gehiago. Errespetua eskatzen ari gara, aitortza, eta ez bakarrik patronalari, baita erakundeei eta gizarteari ere, oro har», dio Gomezek.

Garbitzaileen alorrean oso atomizaturik aritzen dira langileak, eta zaila izaten da mobilizatzea. «Baina egin genuen 2001ean 35 orduko lanaldia eskatzeko, eta lortu genuen», gogoratu dute; «zergatik orain ez?». Lanaldi murriztuekin ari dira gehienak, baina ordu estrak sartzen aldiro; «zergatik ez dute kontsolidatzen lanaldi hori?», galdetu du Pilar Gomezek. Garbitzaileak, zahar-etxeko langileak... Sektoreak gainditzen dituen borroka baten kide ikusten dituzte beren buruak Munerrek, Hernandezek eta Gomezek. «Ez dugu ulertzen emakume izate hutsarengatik zergatik ez dugun eduki behar lanaldi oso baterako eskubidea, eta soldata duin batekin, eta ez dugu onartzen», dio Hernandezek; «zuk bezala egiten dut lan; zergatik ez dut merezi zuk bezain beste?». Egoera hori ulertzen eta onartzen ez duten garbitzaile asko kalean izango dira gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.