Okupazioaren bidez lapurretan

Marokok Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak «espoliatzen» ditu: fosfatoa, harea, arraina... Multinazionalak ere tartean dira, Siemens Gamesa barne.

Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Tindufen errefuxiatuta dauden sahararrei ontzietan bidaltzen zaien atuna beren jatorrizko itsasoan arrantzatzen den atuna da. Okupazioaren adibide makabro hori erabiltzen da maiz sahararren baliabide naturalen «espoliazioa» salatzeko. Marokok Mendebaldeko Sahara 1975. urteko azaroan okupatu zuenetik etengabea da lapurreta: fosfatoa, hondarra, barazkiak, arraina... «Lehendabizi Espainiak, eta orain Marokok, interes ekonomikoengatik okupatu dute Mendebaldeko Sahara. Baliabide naturaletan oso aberatsa da, eta kendu egiten dizkigute, beren interesetarako». Abdulah Arabi ari da hizketan. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak Euskal Herrian duen ordezkariak argi du okupazioaren bidez lapurretan ari dela Maroko: «Urtean 3.000 milioiko aurrekontua du bere armadak, eta horietatik %5 inguru Mendebaldeko Saharako okupazioa mantentzeko erabiltzen ditu. Marokoko Gobernuari errentagarri zaio okupazioa, eta, noski, agintariak, atzerriko gobernuak eta multinazionalak konprometitzen ditu».

Siemens Gamesa izan da zerrenda beltz hori osatzen azkenetakoa. WSRW Mendebaldeko Saharako Baliabide Naturalen Elkarteak «espoliazioaren» inguruko datuak azaleratzen lan egiten du. Energia berriztagarrien negozioaz ohartarazi du, zehaztuz 2020. urterako energia berdearen %26 Mendebaldeko Saharan ekoitziko duela Marokok —gaur egun %7 da—. Aaiungo portutik bederatzikilometrora, Foum el-Oueden, 22 haize errota daude; Bucraa fosfato enpresak behar duen energia iturria da. Cimarren beste bat dago. Eta Tiskard, Bojador eta Aftisaten parke gehiago eraikitzen ari da Siemens Gamesa. Besteak beste, Narevarekin osatu du partzuergoa: erregearen enpresarekin.

Eguzki energia sortzeko parkeak ere martxan dira; Dachiran 100 megawatteko eguzki plaken parke bat dago, eta datozen urteetan beste bi eguzki parke jarriko dituela iragarri du Marokok.

«Nahi adina eguzki dugu, haizea ere bai, eta azken urteetan petrolio ustiaketak ere egiten hasi dira». Dalil Lahcen Mendebaldeko Saharako Baliabide Naturalen Elkarteko kidearen arabera, azkenaldian hainbat ikuskatze egin dituzte lurrean eta kostaldean, baita petrolioa aurkitu ere.

Bucraako fosfato enpresa da espoliazioaren beste adar bat. Mineral horren esportazio txanda bakar bat, hain zuzen, errefuxiatu sahararrek urtean jasotzen duten giza laguntzaren heren bat da;ehun kilometroko uhal garraiatzaile baten bidez —lurreko luzeena—, Aaiungo portura garraiatzen da. Meatzetatik, urtean, hiru milioi tona fosfato ateratzen dira; Marokok urtean ekoizten duenaren %10.

Arrantza eta nekazaritza

«Marokok kostalde luzea du, baina Mendebaldeko Sahara bezain kala aberatsik ez. Zenbat eta hegoalderago, orduan eta aberatsagoa da gure itsasoa. Dakhlan 200 arrain eta muskuilu espezie baino gehiago ditugu, itsas belar gorri eta beltzez gain», dio Lahcenek. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, Marokok iaz esportatutako arrainaren %84 Mendebaldeko Saharako uretan arrantzatutakoa izan zen, eta zazpi milioi tona itsas belar ere hartu zituzten. Salatu du, era berean, Marokok Mendebaldeko Saharako uretan arrantzatzeko baimenak saltzen dizkiela atzerriko arrantzontziei, Europako eta Errusiako ontziei bereziki.

Itsasoan bezainbestekoa da lapurreta lurrean. Berotegietan tomateak, luzokertxoak eta meloiak landatzen dituzte, bestelako fruituez gain. Basamortuan lur emankorrak eta ura nahikoa izatea, ordea, zaila da, eta, horretarako, punta-puntako teknologia darabilte. Gainera, lur azpiko ur putzuak baliatzen dituzte, eta, ondorioz, lurra higatu eta ura kutsatu eta agortzen dute.

Hondarra, aldiz, ugaria da. Marokok atzerrira saltzen du bertako harea, eraikuntzan eta hondartzetan erabiltzeko. «Espainia da erosle nagusia», dio Lahcenek.

Aberastasun hori, baina, sahararren pobreziaren arrazoia da. «Afrika iparraldeko herrialde aberatsenetako bat izan gintezke, baina larri bizi gara», salatu du Lahcenek. Datuek berresten dute: fosfatoen industrian, 1968. urtean, 1.600 sahararrek egiten zuten lan. Gaur egun, 200 inguru dira. Arrantza lanean dauden 200.000 langileetatik 6.000 inguru dira sahararrak. Nekazaritzan 100.000 lagunek dihardute, eta gutxiengoa dira sahararrak.

«Okupazioak irauten duen bitartean, espoliazioak ere jarraituko du. Eta, harekin, injustiziak, sufrimenduak eta indarkeriak», dio Abdulah Arabik. Legea alde dutela dio, baina ez dela errespetatzen, nazioarteko erakundeek eta auzitegiek egindako ohartarazpenei entzungor egiten dielako Marokok. Sahararrek, hala ere, itxaropenari eusten diote desertutik eta lurralde okupatuetatik: «Estatu bakar batek ez du haren subiranotasuna onartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.