Omar Onnis. Historialaria

«Sardiniak ez du tokirik Italiako historiaren kontakizunean»

Italiarekiko menpekotasunak Sardiniaren garapen demokratiko eta ekonomikoa mugatu duela uste du Onnisek, eta, hori gainditzeko, oinarrizkotzat jo du estaturik gabeko herriekiko harremanak bultzatzea.

MARCO SANTOPADRE.
Marco Santopadre
Cagliari
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Historialaria da Omar Onnis. Nuoron jaio zen, baina duela hemezortzi urtetik Trenton bizi da, Italia iparraldean; hala ere, maiz itzultzen da Sardiniara. Liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu 2013tik, eta politikan ere aritu zen, Sardiniako independentistekin, 2008tik 2014ra. Bere lanaz galdetu dio BERRIAk.

Sardiniako historiako protagonistekin egin dituzu liburuak; zer helbururekin?

Errazagoa da garai historikoak protagonisten bizitzen arabera kontatzea. Manuelle Mureddu ilustratzailearekin esperimentu bat egin genuen, kontakizuna eta marrazkiak nahastuz, garai bakoitzeko pertsonaia garrantzitsuak aukeratuz. Aukeraketa horrek ahozko kontakizuna ere errazten du. Entzuleenganako harremana oinarrizkoa da nire lanean; nekagarria da, baina zirrara handiagoa eragiten du. Agian, Sardinian historia ezagutzeko interes handia dagoelako, eta jakin-min hori ez dutelako asetzen eskolak eta komunikabideek.

Uste duzu Sardiniaren historia ukatu egiten dutela?

Neurri batean bai. Geografiak zehaztutako muga argiak dituen lurralde bat da Sardinia. Historia luze eta konplexua izan du, Europako eta Mediterraneoko gertakariei lotua, baina berezko ezaugarriekin. Gaur, Italiako Estatuaren periferia gisara, uharteak ez du tokirik Italiako historiaren kontakizun nazionalean, eta nazionalistan, edo modu faltsuan lantzen dute. Italiako komunikabideek ere, idatziek eta ikus-entzunezkoek, gutxi eta gaizki tratatzen dituzte Sardiniako historiako gertakariak.

Eskolako testuliburuetan, gainera, Sardinia ez da agertu ere egiten, edo tarteka aipatzen dute, gainetik, eta, batzuetan, gezur larriak esanez. Sardiniako historiografia akademikoak ez du aintzat hartzen kulturaren menpekotasun arazo handia, hura ukatuz edo ekidinez. Nahiago du fikziozko historiari aurre egin, baina ahalegin gutxi egiten du eskolan eta herritarren artean informazio egokia zabaltzeko. Sardinian ezjakintasun handia dago uharteko historiaren inguruan, eta instituzio politiko eta kulturalek ez dute kontuan hartzen. Horrek ondorioak ditu demokraziaren kalitatean, instituzio publikoen erabakietan, eta gaur egungo egoeraren ulermenean. Auzi politikoa da, batez ere.

Zure iritziz, arazo kolonial bat dago Sardinian?

Bai, Antonio Gramscik [filosofoak] onartu egin zuen. Gaiak ez du jarraitzaile askorik mundu akademikoan, baina tokia hartzen ari da. Europako barne kolonialismoa fenomeno historiko bat da, aurpegi asko eta tokian tokiko bertsioak dituena. Sardinia oinarrizko kasu bat da. Italiako Estatuarekiko harreman asimetrikoa eta desorekatua ezaugarri objektibo bat da. Ondorio batzuk argiak dira: arraza ezaugarri penalizatzaileak dituen mito baten hegemonia; konpondu gabeko hizkuntza auzi bat; lurraldearen militarizazioa; azpiegiturarik eza; erdipurdikoa eta Italiako botereguneen menpe dagoen klase politiko bat; zailtasunak nazioarteko harremanetan; ekonomia ahula, eredu ustiatzaile baten menpe dagoena.

Kritikatu ere egin dituzu Sardiniako independentisten argudioetako batzuk; adibidez, Sardiniako nazioaren kontzeptua...

Oso gertuko dudan arazo bat da. Hausnarketa sakona egin behar da nazioaren kontzeptuaren eta haren erabileraren inguruan. Nire iritziz, Sardiniaren autodeterminaziorako argudioen atzean arrazoi materialak eta materialistak daude, eta oinarri demokratiko eta sozialekoak, aldarrikapen etnikoak edo etnoerregionalistak baino gehiago. Askoz emankorragoak dira odola eta lurra edo lur bat, herri bat, hizkuntza bat kontzeptuetan oinarritzen ez diren gaiak, aurrekoek Sardinian eragin txarra izan baitezakete: esaterako, joera xenofoboak, barne gatazkak eta iraultza pasiboak.

Zer oinarri beharko lituzke Sardiniako autodeterminazio eskariak?

Inoiz ez da izan erabateko demokraziarik uharte honetan, ezta estatu liberalen zentzu mugatuan ere. Autonomia anestesiko bat izan zen, ez irtenbide bat. Dependentzia eta menpekotasun arazo bat dago oraindik ere, eta, ondorioz, ez dago garapen ekonomikorik ere, nahiz eta hori irlaren atzerapenari, herritarren izaerari edota bakartze fisikoari egozten dioten.

Sardiniako askatasunaren aldeko borrokak erreferentzia egin behar die eskubide politikoei, irlan bizi direnen oinarrizko beharrak eta behar kolektiboak aldarrikatzeari. Jabetze demokratikorik gabe, Sardinia pobreziara, jendegabetzera eta ingurumenari eragindako kalteak jasatera kondenatua dago. Oinarrizkoa da Europako beste errealitate batzuekin harreman egonkorrak sortzea, batez ere estaturik gabeko beste herriekin, hizkuntza eta lurralde gutxituekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.