Katalunia. Presidentearen inbestidura

Sanchez inbestitzeko bigarren saialdia egingo dute datorren astean

Inbestidurarako «hiru aldeko akordioa» dutela adierazi du JxCk, baina CUPek ukatu egin du

Roger Torrent, Kataluniako Parlamentuko pasilloetan, aste hasieran. QUIQUE GARCIA / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek atzo hasi eta amaitu zuen talde parlamentarioekin eginiko laugarren elkarrizketa sorta, telefonoz, eta Jordi Sanchezen inbestidura saioa datorren astean izango dela adierazi zien alderdiei. Sanchez inbestitzeko bigarren saialdia izango da, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak lehena eragotzi ostean, martxoan.

JxCko koaliziokide Jordi Turullek presidentetzarako hautagai izateari behin-behinean uko egin ostean aurkeztu du JxCk Sanchez, eta Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten babesa ere badu.

JxCren hautagaia inbestitzeko aukera, ordea, Gorenak onartu behar du lehenik. Lehen saialdian, Llarenak espetxetik irtetea ukatu zion ANCko presidente ohiari, eta bertan behera geratu zen inbestidura saioa, hautagaiaren presentzia ezinbestekoa baita.

Oraingoan, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak emaniko ebazpena dute euren alde. NBEk Sanchezen eskubide politikoak errespetatzeko eskatu dio Espainiari, inbestidurara joaten ez uztean ukatu zizkiotenak. JxCko diputatu Elsa Artadik adierazi du ikusiko dutela ea Llarenak ebazpena betetzen duen edo ez, eta azaldu du, erantzuna ezezkoa bada, nazioarteko auzitegietara joko dutela.

Inbestidura saioa aurrera eramango balitz ere, JxCk ez du erraza izango bere hautagaia presidente bihurtzea. ERCren babesa izatea espero da, baina CUPen abstentzioak gehiengo soilik gabe uzten ditu. Artadik adierazi zuen Sanchez inbestitzeko «hiru aldeko akordioa» itxita dagoela: «Pasako dugu, ez lehen bozketan, baina bai bigarrengoan». CUPeko diputatu Carles Rierak, ordea, akordiorik egin izana ukatu, etaPuigdemonten hautagaitza defendatzen jarraitu zuen: «Estatuarekiko eraso demokratikoa ordezkatzen duen bakarra da». Gainontzeko hautagaiek «autonomismoaren» jarraipena erakusten dutela azaldu du, eta presidente ohiaren inbestidura aurrera eramateko parlamentuko mahaian sartzeko prest agertu da.

CUPen bozak kontuan izan gabe, Turullen inbestidurarako bozketan baino boto bat gehiago izango dute subiranistek, Puigdemontek boza delegatzea onartu baitzuen parlamentuak. Halere, oposizioko alderdiek eta Espainiako Gobernuak helegitea jar diezaiokete erabakiari.

Gauzak horrela, Antoni Comin kontseilari ohiak bere eserlekua uztea beharko lukete subiranistek, bigarren bozketan gehiengo sinplea lortzeko. Cominek ez du oraingoz hortaz hitz egin nahi izan, eta beste bi bide jarri ditu mahai gainean. Batetik, CUPekin negoziatzea: «Ez dute ilargia eskatzen». Bestetik, Comukoekin hitz egitea, gobernua osatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.