Kataluniako hauteskundeak

Ondoren elkar ulertuko dute

Kanpaina azken txanpan sartu da, eta subiranistek ez dute ekitaldi bateraturik egiteko asmorik

Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Albano Dante Fachin Podemeko buru ohia, atzo, ekitaldi batean. A. DALMAU / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak inposatu zuen abenduaren 21ean Katalunian hauteskundeak egitea, eta, joan den urriaren 1eko «agindu demokratikoa» defendatzeko intentzioarekin, hasieran bazirudien alderdi subiranistek zerrenda bakar batean parte hartuko zutela, baina ERC, JPC Junts Per Catalunya eta CUP ez ziren gai izan koalizio bat osatzeko. Kanpaina azken txanpan sartu da, eta ekitaldi bateratu bat egiteko asmorik ere ez dute. Izan ere, bakoitzak bereari eusten dio. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak atzo nabarmendu zuen, ordea, ez direla «aurkariak», eta bozen ondoren topatuko dutela elkar ulertzeko «formula bat».

Halere, ERCk eta JPCk tupust egiten dute aldagai batean behintzat. Errepublikanoak garailetzat ematen dituzte inkesta iaguztiek, eta pentsatzen dute irabaziz gero Oriol Junquerasek izan beharko lukeela presidentea. Argi utzi zuen herenegun Carles Mundo zerrendako bosgarrenak: «Herritarrek erabakiko dute zein zerrendak jasotzen duen babesik handiena. ERC bada, ERC ia-ia behartuta dago bere hautagaia presidentetzarako aurkeztera».

JPCk jokaleku bakarra dauka buruan, eta hori da hauteskundeak irabaztea eta Carles Puigdemont presidente izendatzea. Josep Rull zerrendako seigarrenari atzo galdetu zioten ea nola jokatuko duten ERCk irabaziz gero. «Hauteskundeak irabaztea da orain gure asmoa», erantzun zuen, galdera saihestuz. Jordi Turull zerrendako laugarrena areago joan zen: «Puigdemont ez den beste presidente bat aukeratzea da Mariano Rajoyk Generalitateko presidentea alda dezakeela onartzea. Gobernua lehengoratzen ahalegindu beharko dugu».

Bestela, proposatzen dutenari dagokionez, «negoziazioa» eta «aldebikotasuna» bultzatzen ditu ERCk. JPCrentzat, 155.aren aplikazioa ala demokrazia, Puigdemont ala Rajoy eta nazioa ala inposizioa aukeratzea daude jokoan hauteskundeetan. Biek diote errepublika gauzatu beharra daukatela, eta Joan Tarda ERCko diputatuak ere hala uste. Nola? «Ikusiko dugu», adierazi zuen herenegun.

Mokoka ari dira bi alderdi subiranista nagusiak, eta CUPek badaki hori. «Agerikoa da bi alderdien artean eztabaida elektoral bat dagoela», esan zuen atzo Carles Riera antikapitalisten zerrendaburuak. «Agenda politikoa» eta «denen arteko» akordio programatiko bat adostea da inportanteena, haren ustez. Gainera, biei tira egin zien belarrietatik; JPCri, «logika autonomikora» itzuli nahi duelako; eta ERCri, aldebikotasuna «bideraezina» delako. Bide batez, Rierak keinu bat egin zion Catalunya En Comuri, eta azpimarratu harekin «aliantzak» osatu nahiko lituzketela. Baina horretarako «errealitatez blaituko beharko lukete».

Albano Dante Fachin Podemeko lider ohiak ere Xavier Domenech buru duen alderdiaren kontra egin zuen, eta azpimarratu «pena» ematen duela. Joan den asteartean bezala, Dante Fachinek ERCren ekitaldi batean parte hartu zuen atzo —CUPen batean hitz egin zuen, herenegun—, eta salatu Comu babestea dela «jendeak urriren 1ean egin zuenaren kontra joatea».

Ekitaldia Estremeran

ERCk datorren asteartean bukatuko du kanpaina, Estremerako kartzelaren kanpoaldean ekitaldi bat eginez. Hain zuzen, han dago Junqueras iragan azaroaren 3tik. JPCren kanpainako ekitaldi nagusia gaur izango da, Bartzelonan (19:30), eta CUPenak, gaur Tarragonan (19:30) eta etzi Gironan (17:30).

Unionistek ere kanpainarekin jarraitzen dute. Ciutadanseko Ines Arrimadasentzat, beraiek ordezkatzen dute «boto segurua». PSCko Miquel Icetak oraindik ereesaten du preso politikoak indultatuko lituzkeela. PPko Xavier Garcia Albiolek leporatu dio, hain zuzen, hala gobernu aldaketa ari dela «arriskuan» jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.