urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kataluniako mugimenduak

2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Jindependentista da, euskaltzalea; ezker abertzalean kokatu izan du beti bere burua. Inoiz kritikoago, inoiz konbentzituago, leialtasunez bozkatu izan ditu beti HB, EH zein EH Bilduren zerrendak, baita zerrenda horiek legez kanpo utzi zituztenean ere.

C ere euskaltzalea eta independentista da, eta ez du uste J bera baino aurrerakoiagoa denik. Abertzaleak batzea amesten du, Lizarra-Garaziren miran, kritikoa da EAJrekiko, baina leiala hauteskundeak iristen direnean. Azken urteotako ibilbideak eta aliantzek tristatuta izanda ere, «egungo egoera, euskararen aurrerapausoak —behar baino gutxiago izanda ere—, herrigintzari eta gure erakundeen bultzadari esker» izan direla diost C-k, eta bidegabe eta esajeratu deritze J-k sarritan egiten dituen kritikei.

Biak ala biak saiatzen dira bestea deseroso sentiaraziko duten gaietan askorik ez sakontzen, Gure Esku-ren herriko taldean antolatzen hasi zirenetik. Elkarren aurkako botoa ematen dute hauteskundez hauteskunde, herriko lehen eta bigarren alderdiaren alde. Salbuespen batekin: Europako azken hauteskundeetan, adarrak ipini zizkieten euren alderdiei. «Badakit nire ordezkaria Pernando Barrena dela» dio J-k, C-k Izaskun Bilbao aipa lezakeen bezala. «Baina beldurra nuen Carles Puigdemonten egoerarekin: aliantzarik gabe aurkezten zen, eta banekien Espainiaren garaipen itzela izango zela porrot egiten bazuen, eurodiputatu izatea lortu ezean». Bestelako argudio bat bota dit J-k: «Gainera, Oriol Junqueras zen Barrenaren zerrendan lehena». Bien arteko lehian, eta estrategian, bete-betean asmatu dutela uste dute J-k zein C-k; ERCren burua, eta alderdia oro har, bide independentistatik urrundu dela iritzita.

Azkenean, erraz lortu zuen eurodiputatu aulkia Puigdemontek; Toni Cominekin batera; Brexit-aren ostean, Clara Ponsati ere sartu da Europarlamentuan. «Boto batekin Espainia dardaran jartzeko modu onena izan zen». Sei mila boto baino ez zituen lortu Carles Puigdemonten zerrendak Euskal Herrian, ehuneko 0,4 doi-doi. Eta hala ere, Kataluniatik kanpo bigarren emaitzarik onena izan zen, Balear Uharteen ondotik (% 2,55).

«Europak eta Puigdemontek kartzelatik atera dute Junqueras» titularra irakurri dut egunotan. Asteon gertatu da, eta orain bederatzi preso politiko gutxiago daude, berri pozgarria da hori beti. Balirudike Espainia galtzen dabilela Kataluniarekiko diskurtsoan. Europan belarritik tirako diotela ziurtzat jotzen dute askok. Ezin uka oso baldar jokatu duela diplomaziaren eremuan, eta oso gogor etxean, autonomia kenduz, errepresio bortitza erabiliz eta buruzagi politikoei espetxe zigor luzeak ezarriz inolako oinarri juridikorik gabe, Espainiako legedia bera ere desitxuratuz.

Litekeena da hori guztia. Baina Mariano Rajoyren gobernuaren ardura 2017ko udazkenean ez zen inolako eztabaida dialektiko edo judizial irabaztea, edo Europari hau edo hura erakustea; Kataluniaren autodeterminazioa eta independentzia eragoztea zen. Eta 2021ean Katalunia ez da independente. Futbolaren simila erabili gura bada, Kataluniako taldea gola sartzear zen, joko ederra eginez eta Espainiaren atera errematatzeko unean. Eta Espainiak amarru eta joko zikina erabili zituen, egurra banatu, dozena erdi penalti eta ostikada; epailea erosita zeukaten, azken batean. Helburu bakarra gola eragoztea zen, golak berehalakoa zirudien unean. Orain, baloia urrundu dute; horretarako zenbat gizatxarkeria egin zituzten, agerian geratuko da ziur aski hemendik gutxira, baina baloia urrun dago honezkero. Hirugarrenez: Espainiaren helburua independentzia eragoztea zen, ez arrazoia izatea edo eztabaida irabaztea. Eta Katalunia ez da independente.

Joko zikinaren ostean, orain PSOEren eta Pedro Sanchezen irribarrearen unea ei da. Bistan da, hizketarako prest dagoen edozein gobernurekin hitz egin beharra dagoela, Kataluniaren bidea beti izan da mahaian esertzea, eta Espainia izan da altxatu dena. Auzia ez da aldebakartasuna edo aldebikotasuna, baina mahaian zain egote hutsa ere ez. PSOE ezaguna da honezkero, eta ez balitz, Miquel Iceta ministro katalanak argi utzi du asteon Madrilen Parlamentuan: ez amnistiarik, ez autodeterminaziorik.

Ez dira indultuak bakarrik egon egunotan. Europako Kontseiluaren Biltzarraren txostena sekulako danbatekoa da Espainiaren aurka. Horren aurretik, immunitatea itzuli diote, aurretik inoiz ez bezala, Puigdemonti; teorian, Bartzelonan Europako beste edozein lekutan legez ibil daiteke. Baina lehen ere esan dugu, Espainiak ez ditu gustuko Europaren belarrondokoak, baina alternatiba Kataluniaren independentzia bada, prezio onargarria zaio. Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortzen duenean —hala gertatuko da, zalantzarik ez—, Madrilek argudiatuko du presoak dagoeneko kalean direla. «Leherketa kontrolatua», esan du egunotan Ponsatik. Erbesteratuen itzulerak —Puigdemontenak batez ere —, herritarren ekintza indartsu bat badakar, ordea, eztandaren neurria zaila da kalkulatzen. Eta horixe Espainiaren beldurra, kontrolatua ez izatea. Kontrola galtzea, alderdietatik urrun herritarrek eztanda egitean, kaleak hartzean. Bereak egin baitu orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.