urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Kapitolioari eraso

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 6an Washingtonen gertatu zena historian geratuko da. Besteak beste, historia egiten eta historia kontatzen onenetakoak direlako: inork zalantzarik, berandu baino bizkorrago pantaila handietan izango ditugula gertatu zirenari buruzko hiruzpalau film? Artikuluaren izenburuaren beraren aldaeraren bat (Capitol Hill Under Attack) laster egongo da gure pantailetan.

Edozein istorioren aldaera narratiboen amaiera zirudien asteazkenekoak: lau urteotan izandako twistguztien ondoren, hauteskundeetako garaipenean amaitu beharrean filma, azken klimaxera daraman ezusteko gertaera, kaosaren muturreraino heldu, baina azkenean zintzoak nagusi eta gaizkile gaiztoa galtzaile. Gertaeren ibilbidean badago oker dagoen zerbait, horratik: sakoneraino sartuta dagoen eta Donald Trump sinbolo nagusi daukan sektore baten degenerazioaren eta, era berean, indarraren erakustaldia izan zen, bai noski; baina baita sektore horren porrotaren adibide ere.

Hau da, abiada bizian gain behera zihoan presidentearen azken ahalegina? Presidente horren atzean ezkutatzen den alderdi errepublikanoaren kolpe etsia, Georgiako porrotak presidentetza ez eze Ganberen kontrola ere badakarkielako? Ados, eta egia da trumpistak Kapitolioan sukalderaino iritsi zirela. Baina hori baldin bazen iragarritako helburua —eta hori zen— nolatan egin zuen porrot? Bestela esanda: indar erakustaldiaz haratago, ekintzak gehienez lortu ahalko zuena hauteskundeen emaitza berrestea izango zen. Ez dut esan nahi halakorik gertatzea ez litzatekeenik oso larria izango, baina ez zukeen inondik inora aldatuko hamar egun barru gertatuko dena: Joe Biden presidente eta Kamala Harris presidenteorde bihurtuko dira. Eskuin muturrak, Trumpek, supremazismo zuriak indar itzela dute, alderdi errepublikanoaren zati garrantzitsua bereganatu dute Ted Cruz eta Josh Hawley bezalako ordezkariek eta antzeko politikariak hauspotzen dituzten aurkezle mediatiko eskuindarrek. Baina kontuak kontu, inperioaren dekadentziaren irudi gisa aurkeztuta ere, badira ondo olioztatutako sistema baten zantzuak ere: botere handiko presidentetza sistema da, baina aski mugatzen dakiena kaudillismorako tentaziorik lukeen buruzagia ere.

Barack Obamaren agintaldiaren ostean eskuinik atzerakoiena zetorren zantzuak zeuden, zenbaiten iritzian; nire esperientzia kontrakoa izan zen, 2016ko konbentzioen uda Estatu Batuetan emanda: Erresuma Batuanbrexit-a gailendu zen ordurako, eta Trumpek errepublikanoen primarioak irabazi zituen, baina aditu gehienek demokratak jotzen zituzten garaile. Bai 2016 hartan, bai aurrerantzean ere: aldaketa demografiko eta soziologiko garrantzitsuak gertatu ziren aurreko hamarkadetan, eta errepublikanoak geroz eta gutxiago ei ziren zuri kontserbadoreen alderdi izaten jarraitzen zuten.

Egia da oso urruna dirudiela Obamaren agintaldi amaierako pentsaera hark azken lau urteotan ikusitakoarekin alderatuta. Estatu Batuetako lurraldearen zatirik handienean langile zurien artean sakon errotutako mezu eskuindarrek irabazi dute, eta ezin ahaztu sektore latino batzuetan ere bide egin duela ideologia horrek, Floridan ikusi zen legez. Aldaketa demografikoak ere gertatzen ari dira, eta hala jarraituko du melting-pot-ak hurrengo hamarkadetan. Aldaketa horietara egokitzen jakitea ala pribilegioen erresistentzian kateatzea ez da Estatu Batuetan soilik gertatuko den eztabaida.

Esanguratsuak izan dira egunotako erreakzioak: Europa pozarren, Boris Johnson zein Benjamin Netanyahu aro berrira egokitzen, Jair Bolsonaro zein Vladimir Putin —Zakharova bozeramailea, zehazki— iruzurraren mezuarekin oraindik, Hassan Rohani Iranen «estatubatuar nazio handia» goraipatzen eta Bideni Trumpen ildotik urruntzeko eskatzen (uranioa inoizko gehien aberasten duen bitartean), eta Txina ura bere errotara ekartzen eta Hong Kongeko manifestariak Kapitolioaren erasotzaileekin konparatuz. Latinoamerikar buruzagien salaketa ere esanguratsua, noski: inork baino hobeto dakitezer diren Washingtonek hauspotutako estatu kolpeak.

Demokratek egiaz aldaketara egokitzeko gaitasuna erakutsi nahi badute, ezingo dute kontserbadoreek egozten dieten kostaldeko progresismo sozial urbanoan bertan goxo egin. Are gutxiago, milioika langile hamarkadatako krisirik larrienaren ondorenak jasatear daudenean. Lau urteotako giro toxikoaren, pozoiaren ostean happy end-a erakutsi digute pantailan.

Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula supremazismo faxista garaitzea, hori bera, bere horretan, aski albiste ona da. Baina arriskua hor dago, eta aldaketak ezin dira kosmetikoak izan. Txertatze kanpainak doakoa eta publikoa izateak —are gehiago, hala izan beharrak— herrialdeak behar dituen urratsak gidatu beharko lituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.