Federicik beste ate bat ireki du

'Soldataren patriarkatua' liburuan Silvia Federicik marxismoari egindako kritika feministak bildu dituzte. Katakrakek plazaratu du bost artikuluz osaturiko lana, Amaia Astobizak euskaratuta

Amaia Astobiza itzultzailea eta Nerea Fillat Katakrakeko kidea, atzo, Donostian, liburu berria eskuetan. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herriarekin duen harremana errotzen ari da Silvia Federici ekintzaile eta pentsalari feminista (Parma, Italia, 1942). Oraintsu plazaratu dute Elkarrek eta Jakinek Caliban eta sorgina bere lanik entzutetsuena, Eskafandra bilduman. Garapen kapitalistaren genealogia bat egiten du bertan, Erdi Arotik gaur arte; eta azaltzen du sorgin ehizak ez direla iraganeko kontu bat, aldiro egin dela emakumeen gorputza kontrolatzeko ahalegina, kapitalismoaren zuntzei eusteko.

Errotzen ari da Euskal Herriarekin duen harremana; berepentsamendua eta jarduera ere errotzen ari dira, eta talaia feministatik ate berriak irekitzen ere bai. Azken urteetan hiru aldiz izan da Iruñean, esaterako; azken bietan Katakrak liburu dendan, 2014an eta aurtengo irailean. Enkontru horretatik ernatu zen Soldataren patriarkatua. Marxismoari egindako kritika feministak liburua egiteko ideia. Federicik 70eko hamarkadatik aurrera idatzitako bost artikulu bildu dituzte, eta euskaraz plazaratu dituzte lehen aldiz. Martxoan gaztelaniaz aterako du Traficantes de Sueños argitaletxeak. «Testu hauek bilduta, feminismoarentzat garrantzi handia izan duten teoriak berrirakurri nahi izan ditugu. Izan ere, pentsamendu feminista osatzeko marxismoa ezinbestekoa den bezala, nahitaezkoa da marxismoa bera ere ikuspegi feminista batetik irakurtzea», azaldu zuen Nerea Fillat Katakrakeko kide eta liburuaren editoreak, atzo Donostian egindako aurkezpenean.

Liburuak proposamen bat egiten du, irakurketa hari bat zedarritzen du; «baina testu bakoitza bere aldetik nahierara ere irakur daiteke». Federiciren izaera «poliedrikoa» baliatuz, «feminismo konplexuago» baten berrirakurketa proposatzen du liburuak, Fillaten iritzian. «Esate batera, Federici historialariak XIX. eta XX. mendeetan Ingalaterran burutu zen lege erreforma aztertzen du. Erreforma horrek fabriketan lan egiteko debekua ekarri zien emakumeei eta haurrei, eta gizarte antolakuntza berriaren oinarria izango zen familia eredua sustatu zuen. Beraz, aldaketa horien azterketa lagungarria zaigu oso gaur egun bizitzen ari garen zaintzaren krisiaren inguruan eztabaidatzeko eta amatasun ereduari buruzko gogoeta sakon bat egiteko».

«Tonu indartsua, ausarta»

Zaintzaren kontzeptua erdigunean jarri, eta hartan sakontzeko beharra ikusten du Amaia Astobiza Uriartek ere; hark euskaratu du liburua. «Oso prozesu polita eta emankorra izan da. Azken bi urteetan asko irakurri dut zaintzaren eta produkzioaren eta erreprodukzioaren arteko harremanaren inguruan, eta garai egokian harrapatu nau itzulpenak. Gainera, Nerea eta bion arteko harremana zintzoa eta erosoa izan da, eta erreprodukzioaren kontuak itzala egin digu bioi». Federicik artikuluetan duen «tonua mantentzen» saiatu da Astobiza Iriarte. «Tonua indartsua da, ez oldarkorra, baizik eta ausarta eta probokatzailea». Eta, hartarako, terminologia «ahalik eta gehien» zaindu dute: «Marxismoari eta feminismoari buruz euskaraz idatzitakoak kontsultatu ditugu. Eta sentitu dugu terminologia hori bateratzeko beharra. Adibidez, haurdunaldi subrogatua erabili dugu. Eta, nola ez, kontuan hartu dugu Eskafandra bilduman argitaraturiko Caliban eta sorgina, eta saiatu gara kontrastatzen eta terminoak bateratzen. Adibidez, metatze kapitalista hobetsi dugu metaketa kapitalista erabili beharrean, eta baita metatze primitiboa ere hasierako metaketa-ren aldean».

«Federici teorikoenak» ere badu bere lekua liburuan, egileen hitzetan: «Marxen obraren irakurketa politiko sakona egiten du, haren marko teorikoaren mugak azalduz eta generoaren azterketarekiko —edo azterketarik ezarekiko— kritika zorrotza eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.