Euskal Hirigune Elkargoak kultur denboraldia jarriko du abian irail hondarrean

Kultur saila suspertzeko plana abiatu du Hirigune elkargoak. Irailaren 25ean eta 26an bi saio nagusi antolatu dituzte denboraldia hasteko

Antton Kurutxarri eta Jean Rene Etxegarai, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Joana Ibargarai Leritza.
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Kultur arloari «sostengua» eta «bultzada» eman nahi dizkio Euskal Hirigune Elkargoak. Jean Rene Etxegarai lehendakariak eta Antton Kurutxarri Hizkuntz Politika eta Kulturaren lehendakariordeak abian jarri duten planaren berri eman zuten atzo, «krisiaren ondorioak» pairatzen dituztenak laguntzeko, besteak beste. «Sentitzen dugu falta bat, hutsune bat; Euskal Herrian udaberria eta uda kenduak izan zaizkigu. Plazak hutsak, bestak ezeztatuak, kultura herrikoia moztua... Iruditu zaigu Elkargoak bazuela betebehar bat, eta enbeia handi bat, berriz abiatzeko sasoia», Kurutxarrik.

Hala, kultura berriz suspertzeko gogoarekin, irailaren 25 eta 26an antolatu dituzte ekitaldiak denboraldiari hasiera emateko. Abian ospatuko dute Saran (Lapurdi), bi egunez. Gisa berean, irailaren 25ean, Ipar Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoa Baionan izanen da Santa Kurutze elizan, eta biharamunean, berriz, Miarritzeko Kasinoan (Lapurdi). Errusiako musikariei eginen diete omenaldia bi kontzertuetan; Piotr Ilitch Txaikovskiren, Dmitri Xoxtakovitxen eta Anton Arenskiren partiturak joko baitituzte.

Herriko gelan, baratze publikoan, plazan eta herriko beste hainbat txokotan izanen dira animazioak irailaren 25ean eta 26an, urririk. «Parte hartzailea» izan den eta izanen den ekitaldia da, herritarrekin trukea bultzatu baitute eta antolaketan parte hartu baitute. Hala, antzerkia, dantza, musika, zirkua eta beste hainbat animazio izanen dira herriko karriketan. Adibidez, ostiralez, Le Petit Theatre de Pain antzerki konpainiak Le Grand Bancal kabareta emanen du. Biharamunean, Nanoua konpainiak Kutxetan ibilki antzerkia emanen du. Haur eta gazte literaturako ipuinetan oinarritutako «epopeia poetikoa» da hori, eta euskaraz izanen da. Egun berean, larunbatez, Pez Limbok eginiko Herdoila antzerki ibiltaria ere ikusten ahalko da ere. Hiru pertsonaiek bizitzaren «absurdoa» erakusten dute bertan; «hiru egoera irrigarriak, pertsonaia hauen eta jendartearen arteko harreman herdoilduak azaleratzen dituzte». Bestalde, emanaldi mutuak eta eleaniztunak izanen dira, orotara, 11.Berez, hamahiru konpainia gonbidatuak zituzten, baina Tobrogoiek eginiko Depannage de jour eta Arrieraren Eden ezeztatu dituzte.

Suspertze plana

Koronabirusa dela eta, kultur arloa bultzatzeko 600.000 euroko laguntza emanen zuela adierazi zuen Euskal Hirigune Elkargoak konfinamendu garaian. Gisa berean, kulturgintzako profesionalentzako galdetegi bat zabaldu zuten apirilean, langile horien beharrak zeintzuk ziren jakiteko. Atzo erran dutenez, 200 artistak, teknikarik eta konpainiak ihardetsi zioten galdetegiari eta horien aztertzen ari dira orain, geroan egin dezaketena aztertuz.

Etxegaraik eta Kurutxarrik oroitarazi dute kultur arloa «garrantzitsua» zaiela, eta Elkargotik lantzen dituzten lau ardatzak gogoratu dituzte; proiektu artistikoen diruz laguntzea sorkuntza errazteko -artisten egonaldiak antolatzen dituzte -, kontserbatorioa kudeatzen dute, eskoletan hezkuntza artistikoa bultzatzen dute eta Amikuzeko (Baxenabarre), Iholdi-Oztibarreko (Baxenabarre) eta Garazi-Baigorriko (Baxenabarre) eskualdeetako mediatekekin ere lan egiten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.