KRITIKA. Antzerkia

Langileen borroka Madrildik ikusita

Alberto San Juan zuzendaria —eskuinean— eta aktoreak. SERGIO PARRA.
Agus Perez.
2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

'Mundo obrero'

Egilea eta zuzendaritza: Alberto San Juan. Musika: Santiago Auseron. Gitarra: Alberto San Juan. Bateria: Luis Bermejo. Abeslariak: Lola Botello, Pilar Gomez. Jantziak eta eszenografia: Beatriz San Juan. Antzezleak: Luis Bermejo, Lola Botello, Pilar Gomez, Alberto San Juan. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: abenduak 20.

Espainiako Alderdi Komunistaren aldizkari klandestinoa izan zen Mundo Obrero Francoren garaian, eta izen esanguratsu hori jarri dio Alberto San Juanek bere azken lanari. Madrilgo antzezle eta dramaturgoaren El Rey (Erregea) izeneko filma ari dira egunotan zinema-aretoetan proiektatzen, eta berak esana da «monarkiak atsekabe sakona sortzen diola». Ez da gutxi gero, laugarren frankismo pean bizi garela sentitzen dugunontzat.

Lubaki-antzerkitzat definitzen du bere estiloa, eta bide horretatik etorri dira espainiar oligarkiei buruzko lan batzuk. Euskal Herrian izandako azkena —Masacre, una historia del capitalismo español Basauriko Social antzokian ikusi genuen aurtengo maiatzean, eta ildo bereko beste lan bat —Autorretrato de un joven capitalista español PPk debekatu nahi izan zuen, haren «ideologia erradikala» zela kausa.

Oraingo Mundo obrero honetan, aurreko lanetako eremu eszeniko beltz eta soildua baliatu dute Espainiako panorama beltz eta desolatua irudikatzeko: aulki beltz batzuk baino ez, kolore bereko mahai bi atzean —flexo banarekin hornituta— eta haien erdian bateria txiki bat, emanaldia musikatua izan delako Santiago Auseronen inspirazio gutxiko konposizio ugarirekin. Espartar giro estetiko horretan aurkeztu du bere burua Alberto San Juanek Ferrer i Guardia pedagogo katalanaren izenean —fusilatua izan zen 1909ko Setmana tràgica delako erreboltaren bultzatzailea zelakoan—, eta hortik aurrera Espainiako historia oso-osoa aletu digute, ezkertiar ikuspegitik, hori bai, baina betiere Madrildik ikusita, Azaña progresistari laudorioak eginez haren alde jakobinoa kontuan hartu barik, eta batere aipamen edo kontzesiorik egin gabe Espainiaren menpe aurkitzen diren beste herriei.

Eta horrela igaro dira minutuak, ordu laurdenak eta ordu erdiak, mende bat baino gehiago iraun duen amodio-istorio gatzgabea aro historikoen kontakizun predikatiboan galduta. Ordea, 2008ko krisi globaletik aurrera, beste disposizio bat aukeratu dute antzezleek, ikusleei begira jesarri dira laurak, eta beren artean izan diren solasaldiek ordura arteko didaktismo nabaria gainditu eta gaurko Espainiaren izaerari eta klase ertain-baxuko arazoei heldu diete, puntu erdi umoretsu erdi surrealista batekin. Pena emanaldi osoa tonu eta planteamendu horretan eratu ez izana, hura bai izan zitekeelako Espainiako historia birpasatzeko ikusmolde erakargarria!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.