Nor izateko jardunean

Vivian Maier argazkilariaren 135 irudi bildu dituzte Donostiako Tabakaleran, Kutxa Kultur Artegunean. Landu izan zituen gai nagusiak ageri dira; tartean, kaleko eszenak eta erretratuak

Erretratuak eta kaleko eszenak dira nagusi erakusketan.  ESTATE OF VIVIAN MAIER, COURTESY OF MALOOF COLECTION AND HOWARD GREENBERG GALLERY, NY.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Argazkilaritzaren historiako izen nabarmenetako bat dela aitortzen zaio gaur egun. Baina ia atzora arte guztiz ezezaguna zen haren lana. Hil ostean iritsi zitzaion aitortza Vivian Maierri (New York, 1926-Chicago, 2009). Haren bizitza osoan ezkutuan egon zen haren talentua, eta, hil ostean, pilatua zuen artxibo erraldoia deskubritu zutenean atera zen argitara. Bilduma horretako 135 irudi ikusgai daude orain Donostian, Tabakalerako Kutxa Kultur Artegunean, Vivian Maier. Argazkilari errebelatua erakusketan.

Bizitza gogorra izan zuen Maierrek. Etorkinen alaba zen, eta 5 urte zituela alde egin zuen aitak; ama eta biak Jeanne Bertrand lagun eta argazkilariarenera joan ziren bizitzera. Oso goiz piztu zitzaion argazkiarekiko zaletasuna. Amaren Brownie Kodak kamera batekin hasi zen, eta 1952an erosi zuen bere lehen Rolleiflexa. Umezain lanean aritu zen urte luzez, lehenik New Yorken eta ondoren Chicagon, non Gensburg familiaren haurrak zaindu zituen hamazazpi urtez —haien etxean errebelatzen zituen argazkiak, hartarako bere bainugelan atondu zuen laborategian—. Haurrak ez ezik, kamera ere hartuta ateratzen zen kalera, bazterreko auzoetara ohikoan. Kaleko eszenak, auzotarrak eta umeak erretratatu zituen batez ere. Baina bere argazkigintzan bada maiz errepikatzen den beste gai bat: autoerretratua. «Bere artxiboaren zutabe nagusia dira, behin eta berriz agertzen dira», azaldu du Anne Morinek, erakusketaren komisarioak.

1965ean kolorearekin hasi zen lanean, Leica kamera batekin. Eta Super 8an filmazioak ere egiten hasi zen. Eta horrela, urtez urte, artxibo erraldoi bat osatuz joan zen, 120.000 argazki biltzeraino. Batzuk baino ez zituen errebelatzen, besteak beste, baliabiderik ez zuelako. 90eko urteetatik aurrera, apenas lanik ez, eta kalean bizi izan zen denbora batez, harik eta Gensburg familiak pisu bat alokatu zion arte. 2009an hil zen, pobrezian eta bakarrik.

Bi urte lehenago atera zen bere artxiboa lehen aldiz argitara. Alokairua ezin ordainduta, enkantera atera zituzten Maierrek biltegi batean zituen gauzak, eta John Maloof zinemagileak negatiboz beteriko kaxa bat erosi zuen, Chicagori buruz lantzen ari zen liburu bat ilustratzeko. Ez zien behar bezalako arreta jarri, eta hainbat argazki saldu zituen. Allan Sekula kritikari eta historialariak ohartarazi zion haien balioaz, eta, bilduma ikertzen hastean jakin zuen Maier hilda zegoela. Kaxa gehiago berreskuratzea lortu, eta argazkiak errebelatzeari ekin zion. Maierren obra ezagutarazi ahala, nazioarteko sona hartuz joan zen. Eta gaur egun kritika bat dator haren kalitatea nabarmentzen.

Morinen iritziz, argazkilaritzaren historian «bakana» da Maier. Batetik, bere bildumaren oparotasunagatik. Bestetik, bere istorio pertsonalagatik: «Figura misteriotsua da; bakar-bakarrik zegoen, ez zuen lagunik, ez maitalerik, ez sustrairik». Eta azkenik, bere obraren aurkikuntzagatik. «Horri esker, beti ukatu izan zitzaion identitatea lortu du Maierrek». Komisarioa ziur da edozein ikuslek bere burua aurkituko duela haren obran. «Argazkigintzaren historian bere lekua du, ezbairik gabe».

Sei ataletan banatu dituzte erakusketan ikusgai jarritako argazkiak. Guztiak 1951. eta 1985. urteen artean ateratakoak dira, nahiz eta hainbaten kasuan data eta lekua ezezagunak diren.

AUTOERRETRATUAK

Maierren ahots grabazio bat entzun zuen behin Morinek. «Ez da hitzez hitz hala, baina halako zerbait zioen: 'Munduan nire lekua aurkitzeko ateratzen dizkiot argazkiak neure buruari'. Kontuan izan behar da Maierrek ez zuela, nolabait, identitate bat izateko aukerarik: umezaina zen, emakumea, klase apalekoa eta immigrantea, ez zuen pertsona izaterik garai hartako gizarte estatubatuarrarentzat. Eta uste dut autoerretratuak egiten tematu zela 'ni hemen nago orain' berresteko».

Aretora sartzean, bisitariak parez pare topatuko du Maier, horma irudi handi batean. Kamera eskuetan ageri da, kalean, ispiluren batean islatuta, zuri-beltzeko irudian. Aldamenean dauden beste hainbat argazkitan ere bera ageri da, erakusleiho, ispilu edo ogi txigorgailu batean islatuta, edo haren itzala bestela. Nor izate horren bilaketa ariketak dira guztiak, komisarioaren hitzetan.

ERRETRATUAK

Erretratugintzan bereziki trebea zen Maier. Bazterreko auzoetako bizilagunak dira haren argazkietako protagonistak. «Bera bezalako pertsonak erretratatzen zituen, hau da, periferiakoak, identitaterik ez dutenak. Gogoko dut pentsatzea pertsona horiek erretratatzean identitate hori ematen diela une batez, bestela izateko eskubiderik izango ez luketena». Morinen ustez, erretratuetan «zerbait berezia» gertatzen da argazkilariaren eta erretratatuaren artean. «Pertsona horiengana asko gerturatu behar zuen, Rolleiflexarekin aritzen baitzen, 35 milimetroko objektiboarekin. Begirada truke bat dago, interakzio bat, eta nabaritzen da irudietan».

Askotariko herritarrak erakusten ditu Maierrek. Badira goi klaseko zenbait andrazkoren irudiak ere, eta begiradan gogaitu ikutua nabari zaien bakarrak dira. Morinen ustez, Maierren ironiaren lekuko dira erretratu horiek; haien aurrean errebelatzeko era bat.

KALEKO ESZENAK

Morinen ustez, kalean ibiltzeko aukera ematen ziolako aukeratu zuen Maierrek umezain lana. Kalean topatzen zituen eszenak hartzen zituen bere kamerarekin, eta auzo apaletako herritarrak ageri dira askotan. «Bazterreko auzoak interesatzen zaizkio, kale horietan dagoelako bizitza; egunerokoaren antzokia dira, eta horietan aurkitzen du behar duena».

Hala, haren bilduma 50, 60, 70 eta 80ko urteetako New Yorkeko eta Chicagoko bizitza urbanoaren erakusgarri da. Anekdotetan jartzen du arreta argazkilariak; usoei jaten ematen ari den gaztearengan, auto batean lo dagoen gizonarengan, zain dagoen emakumearengan, kaleari begira eserita dagoen gizonarengan... eguneroko bizitzako xehetasunetan.

HAURTZAROA

Umeekin denbora asko igarotzen zuen Maierrek, eta haien mundua ere ageri da bere irudietan. «Beti pentsatu izan dut munduari haur baten begietatik so egiten ziola», egin du gogoeta komisarioak. Haren ustez, haurren munduaren ezaugarrietako bat da denbora ez dela existitzen, orainaldi etengabe bat dela, eta hori sumatu egiten dela Maierren argazkietan. Baita egunerokoan ezohikoa dena detektatzeko haren trebetasuna ere. «Haurrengan berezkoa da hori, elementu gutxirekin gauza asko irudikatzeko gai dira, eta Maierrek ere bazuen gaitasun hori. Egunerokoan oharkabean pasatzen diren uneak erretratatzen eman zuen bizitza osoa».

Aretoaren goiko solairuan bildu dituzte umeak eta beren mundua erakusten dituzten argazki gehienak. Bakarka, taldean jolasean, heldu baten eskuari helduta, hondartzan olatu artean saltoka nahiz kamerari zuzenean begiratzen ageri dira. Gune berean, bitrina batean babestuta, sei kontaktu orri jarri dituzte ikusgai; irudi txikien multzo horiek eszena modukoak osatzen dituzte, eta Maierren lan egiteko modua erakusten dute.

FORMALISMOA

Maierrek «harreman bitala» izan zuen argazkilaritzarekin. Obsesio baten moduan bizi zuen kasik ingurua eta bere burua erretratatzea, komisarioak azaldu duenez. «Bere identitatearen bilaketa horrek erakusten du harreman hori bitala zela beretzat. Ez dio ardura bere argazkiak ikusteak; argazkiak ateratzeak axola dio». Inoiz ez zuen izan argazkilaritzaz bizitzeko asmorik, baina ezinbestekoa zuen bizitzeko.

Horren erakusle izan daitezke aretoaren goiko aldean, formalismoaren ideiaren pean multzokatuta bildu dituzten irudiak. Bere azken urteetan jo zuen horrelako konposizioak egitera. «Erritmoa, bolumena, musikaltasun bat erakusten dute irudiek, eta besteak, bestearen figurak desagertzera jotzen du». Irudi horietan ikuspegi formalak du garrantzi osoa.

KOLOREA

Erakusketan 1960ko urteetatik aurrera koloretan ateratako hainbat argazki ere bildu dituzte. Formalismoaren ataletik gertu jarri dituzte irudiok, formari dagokionez antzekotasunak badituztela uste baitu komisarioak. «Kolorearen erabilerari dagokionez, zirraragarria da nola baliatzen dituen kolorearen lengoaiaren bereizgarri guztiak; horietan, ez dago kolorea eskatzen ez duen argazki bakar bat ere».

FILMAK SUPER 8AN

Goiko aretoan, gela txiki batean, argazkilariak Super 8an filmatutako hainbat film labur jarri dituzte ikusgai. Kolorea erabiltzearekin batera hasi zen Maier zinemagintzarekin interesatzen, eta 300 bat film labur daude bere bilduman. Grabazio horiek, baina, ez dute ohiko narraziorik, ez kamera mugimendurik. «Badirudi zerbaiten bila ari dela, argazki baten bila, baina itzulinguruka bezala dabil. Eta filmatzen duena ez da eszena bera, bere begien mugimendua baizik. Behin bilatzen ari zen irudia aurkitzen zuenean, filmatzeari utzi, eta argazkia ateratzen zuen». Izaera autonomoa du, hortaz, pieza bakoitzak.

Erakusketa urriaren 20ra arte egongo da zabalik. Bitarte horretan, hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte, tartean, bisita gidatuak, tailerrak eta hitzaldiak. Halaber, John Maloofen eta Charlie Siskelen Finding Vivian Maier filmaren proiekzioa hartuko du Tabakalerak hilaren 26an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.