Donostiaren nortasunaren ikur

Donostiako Semillas Elosegui dendak hazi ekologikoak saldu ditu 105 urtez. Familian jarraipenik ez zuela eta, Juan Elosegi hazi dendako jabeak 2019ko azken egunean jaitsi zituen pertsianak. Bezero askorentzat hiriko identitatearen ikur izan da, hazi ekologikoak saltzen zituen bakarra zelako hirian.

Hiriaren bihotzean. Denetariko bezeroak izan ditu: baserritarrak, hirikoak, herrikoak... GORKA RUBIO / @FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Mende pasatxoz ateak irekita eduki ostean, abenduaren 31n jaitsi zituen pertsianak behin betiko Semillas Elosegui dendak, Donostiako Parte Zaharreko zaharrenetariko batek. 1914an, Bretxako merkatuan mugimendu handia zegoela baliatuta, Joxe Mari Elosegik hazi denda bat ireki zuen Fermin Calbeton kaleko 9. zenbakian. Bestelako garaia zen, eta Gipuzkoako hainbat herritako baserritarrek Elosegiren dendatik sartu-irtenak egiten zituzten, garaian garaiko barazkien haziak erosteko.

Belaunaldiz belaunaldi, Elosegi familiako senideak dendaren ardura hartuz joan dira; betiere,dendak sorreratik zuen usadioa galdu gabe: tokiko hazi tradizionalak saltzea. Juan Elosegik, Joxe Mariren bilobak, eman dio amaiera 105 urteko ibilbideari. Etxean sortutako lana zenez, gaztetatik hasi zen gurasoei laguntzen. «Aitari haziak ontzi txikietan sartzen laguntzen nion. Orain, ordea, haziak ontziratuta etortzen dira». Sukaldean eguneroko gaia zen dendakoa. «Nahi edo ez, asteburuetan ere lanean jarduten ginen».

Bere osabak erretiroa hartu zuenean, Juan dendaren kargu egin zen, gaur arte. Denda ixtearen arrazoia zein izan den argi esan du: «Inork erreleboa ez didalako hartu, 30 urteren baino gehiagoren ostean. Gure familian jarraipenik ez dugu izan, eta gaur egun saltoki txiki askotan jazotzen den benetako gertaera bat da». Bestalde, argi zuen dendaren ardura edozeini ez ziola utziko, hazien mundua «zabala» baita. Elosegiren gertuko saltzaile baten dendak porrot egin zuenez, ez zuen arriskatu nahi, Elosegi hazi dendak «prestigioa» baitu. Urte askoan hazi ekologikoak saldu dituen Donostiako denda bakarra izan dela nabarmendu du Marc Badal Haziera Kristinaenea hazien artxiboko arduradunak. «Donostiaren nortasunaren ikur izan da. Horrelako denda batek turisten gune batean 105 urtez tradizio hori mantentzeak meritu handia dauka».

Kalitatea oinarri

Saltoki txikiek bezeroekiko gertutasuna dute oinarri, eta Elosegi hazi denda horietako bat izan da. Bezero motari dagokionez, hasierako urteetan baserritarrak ziren nagusiki dendara joaten zitzaizkionak. «Azken hogei urteetan, berriz, lehen baino baserritar gutxiago etorri zaizkit, elkarte propio bat baitute erosketak egiteko. Denetariko jendea hurbildu zait, herrikoa zein hirikoa». Elosegik haziak saltzeaz gain, «mediku» gisa ere lan egin du urte askoan. «Herritarrek barazkien eta landareen inguruan zituzten arazoak edota zalantzak esatera etorri zaizkit, eta ni beraien baratzeetara ere joan izan naiz landareak ikuskatzera».

Argi zuen hasieratik kalitate handiko lekaleak eta haziak saldu behar zituela saltoki handiekin lehiatu ahal izateko. «Hazi gehienak orain dela 30-40 urteko berberak dira. Kontsumo naturala edukitzea mantendu nahi izan dugu». Halere, hazien salmentak beheranzko joera izan duela nabarmendu du, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, belaunaldi berriek haziak saltoki txikietatik erosi beharrean Internetetik enpresa handiei erosten dizkietelako, eta, bestetik, landareak saltzen direlako gehiago, haziak baino».

Etorkizunari traza onik ez

Iraganarekin alderatuz, bestelako itxura du Donostiako Parte Zaharrak. Elosegi hazi dendaren itxierarekin, saltoki txikiak desagertzeko beste urrats bat egin dela dio Badalek. «Iraganeko tradizioa desagertzen doa, eta Parte Zaharra, apurka-apurka, landako mundutik urruntzen ari da». Elosegik gertutik ikusi du auzoak izan duen aldaketa. «Saltoki txiki ugari zeuden, eta aukera zabala eskaintzen zen. Orain, ordea, Parte Zaharreko saltokiak turismora bideratuta daude. Tabernak atzerritarrentzat egiten dituzte, eta, ostalaritza sektorean, bizpahiru enpresa handitako nagusiak dira auzoko lokal askoren jabeak». Elosegiren arabera, oraingo merkatua atzerritik etorri eta opariak egitera bideratuta dago. «Saltoki txikiek ez dute babesik hemen».

Biek ala biek etorkizunari traza onik ez diote hartzen. Elosegiren esanetan, saltoki txikietako jabeek laster hartuko dute erretiroa,eta ez dute segidarik izango, eta,hemendik gutxira, Parte Zaharra saltoki txikirik gabe geratuko dela dio. «Hiriburu batzuetan jada, egoera hori bizitzen ari dira, hala nola Gasteizen». Badalek, bestalde, uste du Donostia enpresa handiek «kontrolatutako» beste hiri bat dela.

Egoera hori ikusirik, agintarien «pasibotasuna» salatu dute. Kristinaenea fundazioko adituari asko harritu dio turismoa erakartzeko bertako gastronomia bultzatzen duen hiri batek saltoki txikiak babesteko neurririk hartu ez izana. «Donostiak eta Euskal Herriko beste hainbat herrik denda txikiak mantentzearen aldeko egin beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.