Albistea entzun

Donostiako 66. Zinemaldia. Jaime Rosales. 'Petra' filmaren egilea

«Ez zaizkit lubaki estetikoak gustatzen»

Bere aurreko film ia guztiak bezala, Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuen 'Petra'; gezurraren agerpenaz, arte sorkuntzaz eta giza harremanez hitz egiten du lan horretan, greziar tragedia klasikoetan oinarrituriko narratibaz.
JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko irailak 29 - Donostia

Zinemaren aukera estetiko eta etiko guztiak arakatzea gustatzen zaio Jaime Rosalesi (Bartzelona, 1970). Besteak beste, La soledad (2007), Tiro en la cabeza (2008) eta Hermosa juventud (2014) filmen egilea da Rosales, eta esan du sortzaile gisa bilakaera bat izan duela, baina, batez ere, zinemaren ikusle gisa izan duela garapen hori. Petra filmean hainbat sortzaile jenderen gezur eta egiak kontatu ditu, narratiba eta estetika klasiko batera hurbilduz.

Greziar tragedia klasiko modura aurkeztu duzu Petra. Zure lanetan ohikoa duzunarekin alderatuz, narratiba konbentzionalago bat frogatu nahi zenuen?

Gidoiak badauka narratiba klasiko eta ortodoxoago bat: greziar tragedia klasikoan dago oinarriturik, Aristotelesen garaitik hasi eta [David] Mamet eta egile modernoagoen egokitzapenetaraino. Baina, gero, puskatu egiten dut denboraren linealtasuna; kapituluak sartzen ditugu... Eta horrek egiten du filmaren proposamena izan dadin klasikoa eta modernoa. Hibrido bat da klasikoaren eta modernoaren artean.

Ikusleengandik gertuago azaltzeko gogoa izan duzu?

Bai, erabat. Filma diseinatua dago publiko zabalago batengana iristeko. Emakumezko eta gizonezko aktore ezagunek lan egin dute filmean, esaterako. Eta, beste alde batetik, ez diot muzin egin nahi autore estilo bati, autore estetika bati. Eta hori ere inportantea da niretzat: gauza pertsonal bat izan dadila.

Iruditzen zaizu zure aurreko filmetan publikoa, neurri batean, alboratu egin izan duzula?

Nik film guztiak egin izan ditut ikusleengan pentsatuz; kontua da ni lehen nintzen ikuslea aldatu egin dela denboraren joanean. Lehen film mota bat interesatzen zitzaidan, eta orain ez zait hainbesterako interesatzen. Orain, beste film batzuk ikusten ditut. Jaialdietara eta zinema aretoetara ikusle gisa noanean ere, beste film mota bat ikusten dut, gai unibertsalagoak eta estetika irisgarriagoak darabiltzatenak.

Zer aldatu da zure baitan?

Ez dakit; esperimentazioarekiko interes oso bizia nuen lehen, zinema forma oso artistiko bat zela ulertzen nuen, eta, akaso, beste leku batera igaro naizela orain. Konturatu nintzen bide horretatik aterabiderik gabeko kale batean sartzen ari nintzela; eta, bestalde, haurtzaroko zinema esperientzia horiek guztiak itzuli zaizkit, Hollywoodeko zinema klasikoa... Petra-ren asmoetakoa bada zinema estatubatuar klasikoa eta Europako zinema modernoa uztartzekoa. Ez zaizkit lubaki ideologikoak gustatzen, ezta lubaki estetikoak ere. Gustatzen zait besteen aukera estetikoak ikusi eta arakatzea ere. Gustatzen zaizkit abentura film klasikoak, eta zinema esperimentalaren zati bat ere bai; eta tartean gris sorta handi bat dago.

Botere handiko gizon artista bat da filmeko protagonistetako bat. Etengabe gaizkia egiten du. Sorkuntzaren eta gizakiaren alde ilunaren arteko dikotomia interesatzen zaizu?

Gaur egun, Erromantizismotik datorren artista malditoaren figurak indarra du oraindik; are, baita dena onartzen zaion artista abusatzaile eta munstroarena ere. Egia da hori gertatzen dela batzuetan; egia da, halaber, artea ez den esparru gehiagotan ere gertatzen dela fenomeno hori: politikan, finantza giroetan, medikuntza eta ikerketako goi esparruetan... Gizon agintari tiranoaren figura hori aztertzeko interesgarria egiten zait; eta, gainera, greziar tragediara itzultzen gara, han ere azaltzen baita figura hori.

Artearen eta artistaren autonomian sinesten duzu?

Bai, dudarik gabe: gauza bat da obra, eta bestea sortzailea. Desmitifikazio garai bat bizi dugu, eta ni penatzen nau horrek. Obra baten aurrean nagoenean, ez zait batere axola egilearen biografia. Nik obrarekin elkarrizketa moduko bat ezartzen dut; ez zait inporta bera nolakoa den, ez eta zer esan nahi izan duen ere. Obra artistiko bat misterio bat da sortzailearentzat berarentzat ere. Egon liteke artista bat munstro bat dena, eta egon liteke pertsona zoragarri bat ere artista handia dena.

Bestelako artista eredu batzuk ere azaltzen dituzu filmean, ordea.

Bai, hiru sortzaile mota dago, hiru etika eta estetika hauturi erantzuten dietenak: batetik, ondo funtzionatzen duen horretan zentratzen dena dago. Bigarrenik, obra oso pentsatua sortzen duena dago, terapia moduan hartzen duena ia, eta obraren erdigunean jartzen dena; eta hirugarren bat dago eduki sozialetan oinarritzen duena lana, eta besteekiko sentsibilitate bat agertzen duena...

Eta zu, non kokatzen zara?

Ni horietako bakoitzean eta, era berean, inon ere ez. Uste dut arteak baduela terapiatik, baina ez dela bere egiteko behinena. Uste dut arteak gizarte batean zer gertatzen den kontatzen duela, baina ez naiz identifikatzen zinema sozialeko autore batekin ere; eta jendearengana iristea eta filmaren alderdi ekonomikoa ere interesatzen zaizkit, baina ez naiz zinemagile komertziala ere.

Gezurra da filmeko ardatz gidaria?

Gezurra, edo zehatzago esanda, ezkutatzen dena. Ezkutatzen dena loratzear den gezurra da, oraindik ez da gezurra, baina sarri gezur bilakatzen da, eta gero gezur hori azaleratu egiten da, egia bihurtuz. Azaleratze horrek gertakari batzuk sorrarazten ditu. Oso fenomeno gizatiarra da; uste dugu ezkutatzeak babesten gaituela, edo ingurukoak babesten dituela, baina, gero, egiazki, ez da horrela izaten. Hala ere, denok erortzen gara horretan.

Zinema da ezkutatzen den hori azaleratzeko modu bat?

Bai, artearen egitekoa da gizatiar den horren egia azaleratzea. Kontua da egiak misteriotsuak direla, eta ez dela hain erraz haietara ailegatzea.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Artozkiko artelanen aurkezpena

'Artezki'-ko hamalau lan erakutsita, falta direnak itzultzeko eskatu dute

Ainhoa Sarasola - Iker Tubia

Itoizko urtegiaren kontra aritu zirenek azalpenak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Artozkin galdutako hamazazpi lan falta dira oraindik. Agertu direnak Iruñean eta Agoitzen ikusgai izanen dira

Xabier Mendiguren Bereziartu, iazko azaroan. ©Izaro Andres / Foku

Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailea eta idazlea hil da, 78 urte zituela

Arantxa Iraola - Ekhi Erremundegi Beloki

Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen, eta euskaltzain urgazlea.

Itoizko urtegiko irudiak, kanoa batetik eginak, Irati ibaia zena zeharkatzen, Artozki inguruan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Itoizko oroitzapenak igerian

Iker Tubia

Hogei urteko borroka izan zen Itoizko urtegiaren kontrakoa. Duela hogei urte, Itoitz eta Artozki herriei eusten saiatu ziren ekintzaileak. Bide guzietatik saiatu arren, ez zuten proiektua gelditzerik izan.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etengabeko prozesu baten emaitza da gure lana»

Olatz Enzunza Mallona

Nahiz eta ziurgabetasuna ofizioaren parte izan artearen arloan, funtsezkoa da egiten den horretan tematzea, Susana Talayero artistaren ustez. Gure Artea saria jasoko du bihar, ia 40 urteko ibilbide artistikoagatik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...