KRITIKA. Musika

Bi punturen arteko distantziarik laburrena

2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun

'Miramongo Matineak'

Euterpe boskotea: Laura Balboa, Mikel Ibañez (biolinak); Arkaitz Martinez, Monika Mazur (biolak); Beatriz Linares (biolontxeloa). Egitaraua: L. Boccheriniren Harientzako boskotea op. 11, 5 zb.eta J. Brahmsen Harientzako 1. boskotea op. 88. Lekua: Euskadiko Orkestraren egoitza, Donostian. Eguna: Apirilaren 23a.

Larunbat goizetan Euskadiko Orkestraren egoitzan, Donostiako Miramon parkean, izaten diren kontzertuek erritu txikiek betetzen duten gizarteratze funtzio bera dutela esan daiteke. Giro berezia izaten da, betiko lagunen bilkuretan sortzen denaren antzekoa; bertako espazioak, izan ere, gonbit goxoa egiten dio kamera-musikari zein publikoari. Oraingoan, orkestrako hainbat musikarik osatutako Euterpe boskotea izan zen protagonista, denboran ehun urteko saltoa ematen duen programa batekin.

Lehen zatian, Luigi Boccheriniren Harientzako boskotea eman zuten, bi biolontxeloren ordez bi biola hartzen dituen bertsioan. 1770eko lehen urteetan idatzia, ez da harritzekoa argitaratu zenean deigarria suertatu ez izana, konpositore italiarrak 120 hari boskote baino gehiago idatzi baitzituen. Haatik, nekez topatuko dugu hirugarren mugimendua, Minuet-a, segituan ezaguna ez duen inor, biolinak irekitzen dituen lau kortxeaerdiak telesail, film eta iragarkietan maiz agertu izan baitira. Laura Balboa fin aritu zen zati horren gidaritzan, baina boskoteak, oro har, ez zion ihes egin hasierako Amoroso-tik antzeman zen nahiez kutsu bati, tarteka doitasun ezean islatzen zena. Allegro con spirito-an soinu borobila aurkeztu zuten denek, osoa, baina ez guztiz garbia, kolore asetasun gutxiko argazki batena bezalakoa. Andante-an, Monika Mazur eta Beatriz Linaresek fraseatze dotorea erakutsi zuten.

Johannes Brahmsen Harientzako 1. boskotea eskaini zuten gero, 1882an idatzia. Oso ezaguna ez den arren, badirudi konpositorearen kamera obra kuttunenetakoa zela. Ez zen, aldiz, aukeraketaren zergatiaren berri eman, ez esku-programa laburrean, ez emanaldian. Elkarrekintza falta horrek eta boskotearen jardun orokorrak asepsiaz estali zuten goiza. Izan ziren une ederrak, Mikel Ibañezen gai nagusien trazua, esaterako, baita Arkaitz Martinezen norabide argia ere. Hala ere, ez zen irrikarik sumatu, soilik lerro zuzen bat, puntu batetik bestera daraman biderik laburrena, zapalena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.