Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Pop-etik, eta ongi

James Francok berriro begiratu dio zinema munduari. BERRIA.
Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Zeroville'



Zuzendaria: James Franco. Herrialdea: AEB.Iraupena: 96 minutu.

Ez nuke jakingo ongi nondik hasi pelikula hau aipatzeko, James Francoren azken zinta ez delako batere konbentzionala; badago maiteko duenik, eta gorrotoko duenik ere izango da. Ni lehenengo taldean izango nauzue, haren ontasunak goraipatzen. Lehiaz kanpo eman dute.

Zeroville ez da nolanahiko gauza, ez, jauna; pop kulturaren lengoaia bereganatu eta publikoari okatuko dion film bat da.Zinema, metazinema, erreferentziak, autoerreferentziak, zinemaren metahistoria eta zorabiatzekoa den zapping-a biziko dugulako metrajea aurrera joan ahala.

Zuzendariak zinemaz maiteminduriko pertsonaia bat aurkeztuko digu protagonista gisa, hasi berri bat, inuzente bat, zinemaren erlijioa miresten duen fededuna, James Francok berak antzeztuko duen Vikar. Tramak aurrera egin ahala, pertsonaiak zinemarekin duen obsesioak xurgatzen joango da, lilura psikotropiko zurrunbilotsu batean.

Filmean ikus-entzunezkoetan erabiltzen diren kode desberdinak uztartuko dira, abiadura handiko collage estetiko pop bat balitz bezala. Bideoklipek, teledendak, iragarkiek, telenobelek eta filmek erabiltzen dituzten tonu, kolore eta filtroak erabiliz. Lengoaia post pop suntsitzaile eta adeigabe batez baliatuko da zinemaren egiturak goraipatzeko zein barregarri uzteko.

Zorabioa sortzerainoko bidaia lisergiko bat izango da pelikula, Tarantino, Lynch, Winding Refn edo Dreyer bezalako zuzendarien eragin eta estiloak pantailaratzen dituena, tonu, estetika eta klima etengabean diskurtso nahasi batean oihukatuko balu bezala, hitz-jario eutsiezinean.

Kontua da erokeria honetan bi gauza nabarmendu ditudala; alde batetik, zinemaren kanonak xedatzen dituen kodeak berrasmatzeko autoa agerikoa izango dela. Bestetik, modu irrigarri eta itxuraz zentzugabean azaltzen digun istorioaren barruan, modu lotsatian bada ere, benetako sinboloak, ikurrak eta esanahiak txertatu dituela. Adi egon, bestela, kolore gorriaren zergatiari edo Vikarrek beti gordeko duen elizaren maketari.

Ez da artelana, eta ez du izan nahi ere, baina artea eta saiakera deritzon zineman gailentzen diren elite intelektualei pop kulturaren estoldetatik ateratako lengoaia eredu hibridoarekin botaka egongo die.

Nik filmaren alde egingo dut, eta hitz jariozko hibridazio popularraren aldeko deklaratuko naiz. Aupa James, eta lotsagabekeriak luzaroan asalda gaitzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.