Agustin Urien Arano. Gerrako haurra, bakeko aitaita

«Laurogeita zortzi urte, aitaita, baina gerrako umea naiz!»

Trasantlantiko bat Santurtziko portuan atrakatua Franco matxinatu zenean. Amerikarako omen zegoen. Gerrarekin, errekisatu eta iheslarien aterpe egin zuten. Gero, ospitale. Eta, geroago, haurren ebakuaziorako itsasontzi. 1937ko maiatza eta ekaina bitarte sei bidaia egin zituen gerrako umez zamaturik. Haietako batean joan zen Agustin Urien Arano.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Iurreta
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Gerrako haurrak, laurogeita zortzi urte gainean...

1930eko abuztuaren 28an jaio nintzen, Durangon. Bonbardaketatik aurrera akordatzen naiz apur bat. Arinago zer izan zen, gutxi. Intxaurrondo kalean bizi ginen, Zubi-punta kale-baserrian. Hamar ginen etxean. Behi bi-edo bageneuzkan, eta astoa ere bai. Ama goizean goiz jaiki eta jezten zituen behiak. Amak behar asko egin zuen. Bederatzi ume eduki zituen. Bat hil egin zen baina. Zazpi anaia izan ginen segiduan eta, azkena, neska. Seigarrena izan nintzen ni.

Bonbardaketa aipatu diguzu, Durangokoa...

1937an izan zen hemen bonbardaketa, eta zarataz akordatzen naiz. Ikusi, ezer ere ez genuen ikusi. Rom-rom-rom... «Oraintxe dator aitaita!», esaten zuten erdaraz. Abioia datorrela gura zuen esan. Entzuten genuen zelan etortzen ziren abioiak, zelan apurtzen zuten dena. Baina ez ginen herrira jaisten. Gure baserrian ez zen bonbarik izan. Gero, nik ez dakit zelan, Bilbora joan ginen, Erribera kalera. Gurasoen ezagunak-edo bizi ziren han. Hilabete bat-edo egon ginen han, ezer egin barik. Bost anaia egon ginen han, nagusia aitarekin zegoen-eta, aitari laguntzen. Santander [Espainia] aldera-edo ez dakit nora joan ziren. Ama, berriz, Bartzelonara, eta handik Frantziara joan zela badakit. Hortxe ibili zen bueltaka! Ahal zen lekura joan ziren. Ez zen kapritxoa izan. Gerra! Bonbak-eta!

Habana itsasontziko haurretako bat izan zinen.

Bai. Maiatza zen. Euskal gobernuak agindu zuen, eta gurasoek umeon izenak eman zituzten, gu gerratik eskapatzeko. Santurtzin sartu ginen Habana-n. Akordatzen naiz. Ez dakit zenbat ume ginen, hiru mila edo. Nik han dena umea ikusi nuen, ez abaderik, ez andrerik, dena zen umea! Horraino akordatzen naiz. Santurtzitik Capbretonera [Landak, Okzitania] joan ginen. Hondartzan lehorreratu ginen. Harea zen hura, eta pinu asko zegoen. Gero, trenean sartu, eta Belgikara! Bost anaiok beti batera gu. Ez ginen apartatu momentu bat ere. Anaia bigarrena genuen buru: Jose. Kasua izan zen Jose... Belgikan, lehenengo Bruselara iritsi ginen, eta hantxe egin zuten partizioa: honenbeste, hona; horrenbeste hara...

Zuek bost anaiok batera segitu zenuten, ala banatu egin zintuzteten?

Banatu? Ez, pentsatu ere ez! Gu bost anaiok beti batera! Duffelera [Flandria] eraman gintuzten. Badauzkat erretratu bi ere hangoak. Batean, dantzari jantzian gaude. Ikurrina daukana naiz ni, etainguruan dauzkat anaiak; bestean, Duffeleko kalean gaude, paseoan, eta bertoko jendea guri begira. Nobedadea ginen! Duffelen, komentu batean batu gintuzten. Umezurztegia zen. Hogeita bost, hogeita hamar ume egon ginen han. Halakoren bat. Mañariko Amantegi familiakoak ere han egon ziren: Kepa, Adrian, Gabriel eta neska, Garbiñe. Amantegi eta Urien ginen nagusi. Lagunak egin genituen hango umeen artean, baina haiekin batu barik.

Zuk 6 urte zenituela eraman zintuzten Duffelera. Laurogei urte baino gehiago joan dira...

Ondo pasatu nuela badakit. Gurasoen falta handia geneukan, baina hantxe egon behar! Urte bi eta erdi egon ginen Duffelen. Eta hango andre batek semetzat hartu gura izan ninduen, adopzioan hartu. 6 urte neuzkan, eta Jose anaiak ezetz esan zuen. Detaile gogorrak dira... Seguru nago Josek ezer esan izan ez balu, andre harekin joango nintzela. Jatorra zen nirekin. Etortzen zen, eta berarekin eramaten ninduen paseoan. Seme txiki moduan! Ez dakit zelan, baina ume asko han geratu ziren. Gure kuadrillakoak ez, hogeita bost haiek batuta egon ginen beti. Batera eta bestera joaten ginen dantzan. Gustatzen zitzaidan. Gainera, neuk eroaten nuen ikurrina, harro! Eta ezpata-dantza egiten zenean, neu altxatzen ninduten! Zer edo zer akordatzen naiz bai. Kantatu ere egiten genuen, Gernikako arbola-eta! Meza ere, egunero izaten zen. Buruz ikasi nuen meza! Ondoan egon zen eliza. Horrela bizi ginen. Orain dela laurogeita bi urte! Eta akordatzen naiz zelan etortzen zen esnezalea, txakurrak tiratutako karrotxoan!… Eta urte bi eta erdi eta gero, bueltan etorri ginen, han ere gerra egon zen eta! Frantzia eta Alemania gerran lotu ziren, eta honaxe gu.

Itzuleraz oroitzen zara?

Askorik ez. Ez dakit zelan izan zen, baina pentsatzen dut hemengo gerra amaituta, lehenengo nire anaia nagusi biak etorri zirela. Gero, han gerra sartu zenean, besteok etorri ginen. Gerra batetik bestera ibili ginen. Hemengo gerra amaitu zenean, bestea hasi zen han! Alemanak! Eta etorri ginen, eta Zubi-puntan batu ginen denok berriz. Bizi egin behar, eta bizi ginen. Artean asko apurtuta egon zen Durango... 1939an amaitu zen hemengo gerra, eta 1941ean-edo hasi ginen eskolara. «La uni» esaten zioten... «la única que había» (Zegoen eskola bakarra). Cara al Sol eta horiek denak etorri ziren gero. Derrigorra zen. Bandera espainola ez zen altxatzen. Hori bekatua da! Kar, kar...

Bandera espainola altxatzea bekatu... Abertzalea behar horretarako!

Bai! Akordatzen naiz gure anaia Josek egun batean kolore txuri-gorri-berdeak atera zituela jertsean. Ia-ia fusilatu zuten! Gaitza izan zen hemengoa. Eta gosea! Jatekorik ere ez zen egon! Algarroboa-eta jaten genuen, zaldiak eta astoak jaten zutena. Eta titoak, garbantzu modukoak. Edozer jaten genuen. Bizimodu eskasa egon zen hemen. Aita igeltsero hasi zen beharrean, eta seme nagusia ere aitarekin hasi zen behargin. Eta etxean, zortzi jateko! Eskerrak lurrari! Patatak eduki genituen, eta babak, eta garia, eta artoa, eta morokila! Bestela, jatekorik ez! Hilko ginen! Mahai biribil bat geneukan, ontzi handi bat jarri erdian, eta bertotik jaten genuen denok. Eta esnea ere egon zen etxean, behi bi eduki genituen-eta. Ahal zen moduan bizi ginen, beti babak eta morokila jaten! Gerra ostea izan zen. Belgikatik etorri eta hemengo gosea! Gure osabak zaldia eduki zuen, eta hark jateko algarroboak guk hartu eta gorde ere egin genuen, geuk jateko. Jatekorik ez zen egon! Gogorra izan zen.

Zer bizimodu egin zenuen harrezkero?

Behar egin behar! 1943an peoi hasi nintzen aitarekin, igeltsero. 13 urte neuzkan. Harria eta hormigoia eta masa-eta... huraxe nire beharra! Bizikleta konpontzen ere laguntzen jardun nuen domeketan-eta, Zipriano eta Julian Agirrezabalen alkilerrean. Iurretako ziklistak izan ziren biak. Gero, soldadu joan nintzen. Hantxe atera nuen gida-baimena. Bueltan, kamioi bat hartu eta Madrilera bueltaka hasi nintzen, Werman tutu enpresan. Hamabi ordu egiten nituen kaminoan. Gero, taxilari behar egin nuen hamabi urtean, eta horren ostean mekanika tailerra hartu nuen, San Miguel autoen garajea, Iurretan. Eta hortxe egin nituen 35 urte. Beharrean beti!

2013an, atzera Duffelen izan zinen.

Askotan izan naiz ni Belgikan, anaia han bizi izan zen-eta, Duffelen ondoan, Malinasen [Mechelen, Flandria], La Motte garagardo fabrikan egin zuen behar.

Esan gura dut, duela sei urte ere han izan zinela, 82 urte zenituela joanda...

Alabaren kapritxoa izan zen... Baina nirea ere bai. Nire ilusioa! 80 urte atzera egin eta zein lekutan egon ginen ikusi gura nuen. Ikusi, eta sentitu. Segituan etorri zitzaizkidan errekuerdoak. Ikusi nuen komentu hura, umezurztegia… Museo batera eroan gintuzten, nire historia kontatu, eta begiratzen ibili ziren. Erretratu zahar bi atera zituzten denbora hartakoak, eta haietan bietan egon nintzen ni! Kopiak eskatu eta bidali zizkiguten... Emozio itzela sentitu nuen Duffelera berriz joan nintzenean. Denbora hartan gure ondoan gehien egon zen mojak Stanislas eduki zuen izena, baina hilda egon zen gu orain hurrena joan ginenean. Eta beste moja bat ere, Stanislasen lagun handia, Norberta, hilda egon zen hura ere! Stanislas eta Norberta hilda… eta gure etxean ere, neu naiz azkena. Hamarretik, ni bakarrik geratzen naiz. Joan dira denak…

Gerrako umea, Agustin Urien Arano...

88 urte dauzkat, aitaita, baina gerrako umea naiz! Akordatzen naiz bazirela ume gehiago Bilbo, Sestao edo Portugaletekoak [Bizkaia]. Bermeoko Eusebio Bereziartua, Mañariko Amantegi anaiak, Zarauzko [Gipuzkoa] Elizondo anaiak… Lehen, inoiz batzar bat egiten genuen. Gasteizen ere egin zen bat. Gobernuak deitu zigun eta Ajuria Enean batu ginen orduko denborako gerrako ume asko. Guardasola erregalatu zidaten. Etxean daukat gordeta! Elorriokoa [Bizkaia] izan zen presidentea orduan...

Labur esateko, hamar izan ginen etxean. Munduan bueltaka ibili ginen, eta, gero, berriz Durangon batu ginen familia dena, Zubi-puntan. Meritua da hori! Gutxi gorabehera, horixe da nire historia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.