Unai Iparragirre. ETBko zuzendaria

«Tradizioen oso zaleak gara, baina berrituta ere eman daitezke»

Hiru hilabete daramatza karguan Iparragirrek. Euskal Herriko kolektibo askorekin elkarlana sustatu eta zubiak eraikitzearen alde azaldu da. Iragarri du irailean lehiaketa bat iritsiko dela ETB1era, eta hiru saio egingo dituztela Discoveryrekin batera.

EITB.
urtzi urkizu
2021eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ingeniaritza informatikoa eta Arte Dramatikoak ikasi zituen Unai Iparragirrek (Arrasate, Gipuzkoa, 1973). Arrasate telebistan hasi zen, ETBn lanean aritu aurretik. Superbat, Egun ero eta Galdestreet saioak aurkeztu zituen, eta gero ETB1eko beste saio batzuk zuzendu eta ekoitzi. 2005ean Londresera joan zen Discoveryn lan egitera, eta konpainia horretan ardurazko makina bat ardura kargu bete ditu urteotan.

Hamasei urte egin dituzu atzerrian, Discoveryn lanean. Itzuleran nola aurkitu zenuen ETB?

Hamasei urte horietan, etxera itzuli izan naizenean, ez naiz telebista ikusten aritu. Hiru hilabete hauetan, denbora asko pasatu dut ETB nola eta non dagoen ikusten. Ikusle datu aldetik, ETB1 eta ETB2 nahiko ongi daude. ETB1ek igoera handia izan du azkeneko urtean. Ikusle datuei begiratzen diet, baina begiratzen diot ere markari, eta ETB telebista publiko bat da. ETB leku onean dago, baina badaude hobetu daitezkeen gauzak.

ETB1 eta ETB2 aipatu dituzu. ETB3k, berriz, %0,2ko ikusle kuota du. Azkenekoa da haurrentzako kateetan.

Bai, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta biok sarritan hitz egin dugu horretaz. Ez dut uste datu txiki horren arrazoia edukia bera denik, ETB3k eduki nahiko indartsuak eskaintzenditu eta. Uste dut ikusle gazte hori ez dagoela telebistan, gehiago dagoela eremu digitaletan. Proiektu bat dugu esku artean gai horri begiratu bat emateko. Udazkeneko programazio berria martxan jartzen dugunean, haurrentzako eskaintza nola eta non egingo dugun pentsatu behar dugu. Baliteke azkenean erabakitzea ETB3 telebista linealean egon beharrean eremu digitalean egotea.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 350 etxetan dauden audimetroen datuen arabera hartzen dituzte telebistek erabakiak. Nahikoa al da hori erabakitzeko saio batzuk kendu ala ez?

Ikusle datuei garrantzi handia ematen diet, baina egia da 400 audimetro baino gutxiago daudela Euskadin. Idealena litzateke pertsona bakoitzeko audimetro bat edukitzea, baina hori ez da posible. Audimetroak dira gehien gerturatzen direnak jakiteko jendeak zer ikusten duen.

Beste arlo batzuk aintzat hartzen dituzu saio batean?

Lantaldean aipatu ohi dut mundu mailako teoria bat, eta teoriak dio edukiak telebistan edo plataformetan lau r-rengatik jarri edo kentzen direla: rating (audientzia); repercusion (prentsan eta sare sozialetan zenbateko iruzkinak eragiten dituen); reputation (marka); eta revenue (dirua). Telebista publikoetan ez zaio diruari kate pribatuetan bezainbeste begiratzen, baina gainontzeko hiru r-ak garrantzitsuak dira. Discoveryn r horiei begiratzen genien, eta hala gustatzen zait saio baten efizientzia aztertzeko orduan.

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak helburu zehatzak ezarri zizkizun?

Aldekoa ez nuen ezagutzen, baina egin genuen lehen bileran ondo baino hobeto ulertu genuen elkar. Aldekoak oso ikuspegi modernoa dauka, eta harentzat oso garrantzitsua da ETBk euskara zabaltzeko daukan potentziala. Argi dauka zerbitzu publikoa ere badela eta hor lana egin behar duela. Euskal Telebista euskaldun bat nahi du, baina baita mundura zabalik dagoena ere. Horiek guztiak buruan dauzkat nik ere.

Discoveryn bildu zenuen esperientziatik zer aplikatu nahiko zenuke euskarazko telebistagintzan?

Discoveryn 2005ean lanean hasi nintzenean, Discovery misioa zein zen azaldu zidaten: edukiak sortzea, mundu hau mundu hobea izan dadin. Pentsatu nuen ea edukien bitartez egin zitekeen mundua hobea, eta gero ikasi nuen baietz, egin daitekeela. Hori da ETB1en egin nahi ditudan gauzetako bat. Garapen fasean ditugu zenbait saio, eta horien kredituetara iristen denean nahiko nukeena da ikusleak pentsatzea: «Hara! Entretenitu egin naiz, eta A, B eta C ikasi dut». Hori bada mundua hobetzeko eta gizartealaguntzeko modu bat. Discoveryrekin elkarlanean ekoizpen batzuk ere egingo ditugu. Hiru saio izango dira, Discoveryk eta ETBk emango dituztenak; ETBn, euskaraz.

Aldekoak Eusko Legebiltzarrean iragarri zuen datorren urtean streaming plataforma bat sortuko duela EITBk. Nolakoa irudikatzen duzu plataforma hori?

Argi dago euskal eduki gutxi dagoela eremu digitalean. Gaztelaniaz asko daude, ingelesez are gehiago, baina euskaraz oso gutxi. Guk argi daukagu ETB hor sartzen ez baldin bada euskal edukien etorkizuna nahiko iluna izango dela. ETBk euskarazkoak babestu eta sortu behar ditu, eta lagundu egin behar die edukiak sortzen dituzten beste ekoizle, ekoiztetxe eta erakundeei haien edukiak zabaltzen. Euskarazko edukiak bermatuko ditu plataforma berriak. Gaztelaniazkoek pisu eta garrantzi txikiagoa izango dute euskarazkoek izango dutena baino. Plataformaren garatze fasean gaude; lehen urratsetan gaude oraindik.

Doakoa ala ordainpekoa izango da?

Doakoa.

ETBk 40 urte beteko ditu datorren urtean. Duela 40 urteko eta gaur egungo egoera soziolinguistikoa ez da berdina. ETBk betetzen du sorreran zuen helburua, euskara eta euskal kultura zabaltzeko?

ETB1ek erakusten du badagoela ikusleria bat edukiak euskaraz ikusi nahi dituena. Lortzen dugunean formula magikoa topatzea eta martxan jartzea eta ikusleei ematea haiek nahi dutena, sekulako poza hartzen dugu. Euskaldunok gure tradizioen oso zaleak gara, baina horiek berrikuntzarekin lotuak eman daitezke. Adibidez, joan den astean Biba Egunean Behin saioaren esperimentua egin genuen: 20.000 lagun baino gehiago aritu ziren Egunean Behin jokoan jokatzen eta ETB1eko saioa ikusten. Antzeko adibide gehiago daude ETB1en.

Hori lortzen al du ETB2k?

ETB2k ez du lagunduko euskara zabaltzen, baina euskal kultura eta euskal gaiak zabaltzen, bai. Nahiz eta saioak gaztelaniaz izan, eduki horiek garrantzitsuak dira euskaldunentzat. Hori bada modu bat euskal kulturara eta Euskal Herrira gerturatzeko.

Bikoiztutako helduentzako film eta telesail guztiak gaztelaniaz ematen ditu ETBk.

ETB1en ere ematen ditugu telesailak. Eta ETB1en, bikoiztu beharrean, gehienetan produzitu egiten dugu. Euskal fikzioan lanean ari den jendeari lana ematen diogu.

Euskarazko telesail asko egiteko asmoa duzue datozen hilabeteetan?

Fikzioaren estrategia begiratzen ari gara. Beti mugan telesaila estreinatu berri dugu, bi telesail ditugu produkzio fasean eta beste hiru garapen fasean. Fikzioabultzatuko dugu. Beste batzuekin koprodukzioak egin nahi ditugu, fikzioa garestia baita. Aliantza estrategikoak egingo ditugu.

Ikus-entzunezkoen eskaintza kopurua sekulakoa da beste hizkuntza batzuetan. Testuinguru horretan, ETBk erdarazko edukietan dirua inbertitu behar du? Adibidez, ETBk bi lehiaketa ditu, eta biak gaztelaniaz dira.

Irailetik aurrera euskarazko lehiaketa bat egongo da ETB1en, acces ordutegian [prime time-aren aurretik]. Ilusio handia dut proiektu horrekin. Telebista publiko batek dibulgazioaren funtzioa bete behar du, eta lehiaketak entretenitu egingo du, eta ikus-entzuleek gauza berriak ikasiko dituzte. Pozgarria daere Kike Amonarriz proiektuan lanean ari dela, garatzefasean.

Ezusteko gehiago iritsiko dira irailean?

Bai, udazkenean ETBk eskainiko dituen programek ikusleak harrituko dituzte. Zenbait aurpegi ere ezustekoak izango dira ikus-entzuleentzat.

ETB2ko zenbait saiok mimo asko dituzte: El conquistador del fin del mundo-n kartel erraldoiak, helikopteroak...

Bai, baina ETB1eko Baserria-n ere baliabide asko jarriko ditugu. Irailean estreinatuko dugu bigarren denboraldia. Gasteizko FesTVal jaialdian aurkeztuko dugu ekitaldi handi batean.

Pantailak Euskaraz mugimenduak eskatu du ETBn euskarazko kateei lehentasuna ematea.

Zarata hori askotan entzun dut, lehendik ere bai. Zuzendari nagusia kezkatua zegoen horrekin eta aztertzea eskatu zuen. Ondorioa izan zen aurrekontuaren erdia ETB1erako dela, eta beste erdia, ETB2rako. Edozein moduz, pertzepzio kontua da. Argi dago ETB1ek ez duela inoiz izango ETB2ren ikusle kuota. Ni ikaragarri poztuko nintzateke ETB1ek ETB2k baino bi edo hiru aldiz ikusle gehiago izango balitu. Baina euskara hizkuntza gutxitua da, eta jende asko dago euskaraz ez dakiena. Ikerketa batzuk eskatu ditugu, bestetik, estrategiak eraikitzen hasi aurretik. Datu batek arduratu nau: euskaldunak gutxi gara, eta ikerketetako batek dio euskaraz dakitenen artean parte bat erosoago sentitzen dela edukiak gaztelaniaz ikusten euskaraz baino. Fikzioan hala gertatzen da.

Ohitura kontuak egon daitezke hor: ez badira euskarara bikoiztutako lanak eskaintzen, fikzioa ikusteko ohiturarik ez dago. Zer diozu bikoiztaileen egoeraz?

Ez da erantzun nahi ez dudalako, baina ez dut informazio nahikoa gaiaz iritzia emateko.

Azkenaldian, sektorean aliantzak eta bat egiteak daude: HBO-Discovery, TF1-M6… ETBk nolako aliantzak bilatu ditzake?

Aipatu dituzun kasu horietan, arrain handiak txikia jaten du. Niri aliantza hitza gustatzen zait, baina ETBren kasuan ez helburu komertzialetan oinarrituta dagoenean. ETBk aliantza asko egin beharko lituzke Euskal Herri barruan.

Euskalgintzarekin ere bai?

Bai. Elkarlana sustatu eta zubiak eraiki behar ditu ETBk kolektibo askorekin: euskal munduarekin, kulturaren munduarekin, ekoizleekin... Bihar bertan [gaur] bilera bat izango dugu euskal ekoizleekin. Gure estrategia editoriala azaldu nahi diegu eta harremanak hobetu. Gu baino txikiagoekin eta ahulekin aliantzak egin nahiko genituzke. Tokikomekin ere hizketan ari gara.

Epe luzera begira jokatzeko aukera izango duzu?

Azkeneko hamasei urteetan ahaztu egin zait epe laburrera lan egiten. Lan egiten dakidan modu bakarra da epe ertainera eta luzera. Gauzak inprobisatu beharrean, hobea da estrategia baten barnean garatzen baldin badira. Lana hobeto egiten da, emaitza hobea izaten da, merkeagoa da eta lantaldea zoriontsuago egoten da. Ildo horretan joan nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.