Zozoen elean (eta VI)

Bertikala izatetik horizontala izatera kanbiatu zen abadea

Pedro Berrioategortua Murgoitio (Apatamonasterio, 1928 Zornotza, 2018) abade izan zen, abade behargina, abade Zamorakoa, abade zigortua, sekularizatu gabe ere sekular bizia egin zuena azken arnasa eman zuen arte maite izan zuen Txaro Aranbarriren ondoan. Abuztuaren 3an hil zen Pedro Berrioategortua, irailaren 8ko eguerdian agurtuko dute betiko. Duela bi hilabete bilduak dira bere oroitzapenak.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Zornotza
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean

Jean Martin Hiribarren

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 339 abadek Francoren Erregimenaren gehiegikeriak salatzeko gutuna idatzi zuten, 1960an. Espainiako gotzainei, Nuntzioari eta Vatikanoko Estatu Idazkaritzari bidali zioten. gutun haren historiaren jakitun zen Pedro Berrioategortua. «Herri mailan bat eginda egon ginen abadeok. Bizkaian [Emilio] Iturraran ibili zen gauza zuzentzen. Gipuzkoan, [Serafin] Esnaola. Nik hor badaukat meritu bat... Zornotzara etorri berria nengoen, eta galdetu zidaten: 'Sinatu gura duk?'. Nik, baietz. Eta gero, motor txikitxo bat neukanez: 'Joan eta batu sinadurak herrietako abadeen artean. Hasi Zornotzatik eta Ermuraino'. Eta Zornotzatik Ermura Mallabia, Abadiño, Zaldibar..., hamazazpi sinadura batu nituen. Sinadura gehien batu zituena izan nintzen! Inork ez zuen batu hainbeste». Francoren diktadura garaia zen, garai gogorra. Baina gutuna idaztea, eta sinatzea, ez zen, bakarrik, balore kontua. «Bai eta ez, ze herri mailan giroa itzela egon zen. Abadeok dena ginen. Denbora hartan ez zegoen sindikaturik ez bestelako organizaziorik! Hargatik diote ETA ere seminarioan sortu zela, parrokia inguruko gerizpean, denbora hartan eliza baino ez zen egon eta».

339 abadeen gutuna

339 abadeen gutunak aipu eta sona handiak izan zituen. Bazterrak harrotu zituela esan ohi da. «Inportantzia handia eduki zuen gutunak, bai. Gainera, isil-isilik egin genuen. Norberak sinatu zuen, beste inori ezer esan barik. Berba emanda geneukan ez genuela esango nork sinatu zuen, edo nori eskatu genion sinatzeko. Ezer ez! Isilik egin zen dena!». Isilik egina, Espainiako Ordena Publikoko Auzitegiak jakin egin nahi izan zuen, eta auzitegira deitu zituen 339 sinatzaileak. «Eta uste dut denok pasatu ginela. Akordatzen naiz itaun bat egin zigula epaileak. «Se reafirma usted...», edo halako berba jasoren bat ibili zuen, ez dakit zuzen. Guk, erdara gutxi genekienok, epailearen erdarari segitzeko lanak!». Eta 339 sinatzaileak auzitegira deiturik, zer edo zer jakin zuen. «Zoritxarrez, Ermuan abade zegoenak, gutuna nork eman zion galdetu ziotenean, nire izena eman zuen. Bera Ermuan zegoen abade, baina Larrabetzukoa izan zen legez, Galdakaora gura zuen. Eta auzitegitik pasatu zenean, eta galdetu ziotenean, Galdakaora joateko aprobetxatu zuen. Nire izena eman zuen, eta kapila eman zioten, Galdakaoko dinamita fabrikan». Zigorra jaso zuen Pedro Berrioategortuak. Isuna. Gehiago ere etorriko ziren gero. Esaterako, Derioko itxialdiak ekarri zuen sokaren korapiloan lotu zuten. 1968ko azaroa zen, orain berrogeita hamar urte. Derioko seminarioan sartu ziren 60 apaiz. Hilabete eman zuten bertan. Batetik, frankismoaren errepresioa salatu zuten; bestetik, herriarekin bat egingo zuen Eliza aldarrikatu. Klero gaztea zen Bizkaikoa, eta ordu artekoa ez bezalakoa nahi zuen Eliza...

Derioko itxialdia

Derioko itxialdia baitezpadakoa izan zen Pedro Berrioategortuaren bizian. Itxialdian, nahi beste hitz egin zuten abadeek. Eta hantxe hasi ziren lan egitearen gainean hitz egiten ere, nahiz eta ordurako, abade batzuk lanean ari ziren. «Meatzerrian, esate baterako. Tartean zen Periko [Solabarria], aparteko kasua. Hark sotana belaunetaraino gastatuta zeukan! Kar, kar, kar... Hura inor baino lehenago hasi zen beharrean. Hura Abanto-Zierbena mea-herritik baino gorago zegoen, Triano auzoan. Akordatzen naiz behin motorraz joan nintzela, eta bera bizi zen tokiraino joateko biderik ez zegoela! Ailegatu, eta denak txabolak ikusi nituen, adreiluz egindako bi etxetxo izan ezik: bata zen eskola txikitxo bat; bestea, ermita. Miseria hutsean bizi zen Periko. Sakristia txikitxo bat zeukan, eta, hantxe, sua egiteko lekutxo bat, eta lapiko bat patataz betea, orduantxe egosten egon zena. Periko patatak janez bizi zen. Eskolan ume txikiak ikusi nituen, eta galdetu egin nion, eta berak: 'Euren aitak zauritu egin dira mean, beharrean, eta ospitalean dauzkate. Amak ere hara joan dira, eta ni umezain'. Azkenean, gaixotu egin zen Periko, eta atera egin zuten handik. Akordatzen naiz esan zutela: 'Atera behar izan dugu, bestela, beste San Pedro bat edukiko genuen, herriaren botoen indarrez». Abanto-Zierbenako beste auzoetako bat baita San Pedro.

Abade zen, baina lanean hasi zen. Apaiz langileetakoa izan zen. Zamorako apaiz-kartzela (Txalaparta, 2011) liburuan, Pedro Berrioategortuaren lekukotasunari laguntzen, argazki bat da, Berrioategortua freskagarri kamioi bat zamatzen nahiz husten. «Beharrean hasi nintzen, eta akordatzen naiz zelan jendeak ez zuen ulertzen gu abadeok behar egitea. Baina beste abade batzuen laguntasuna bageneukan, eta aurrera. Beharrean hasi nintzen, eta hargatik ezin izan nintzen Derioko itxialdiaren ondoko urtean Zamorako taldean sartu, behar egiteko konpromisoa hartuta neukalako orduantxe. Hartu arinago, ugazabak galdetu zidan: 'Abade zarela, bateko entierroa eta besteko meza… zurekin badaukat beharginik?', eta nik baietz agindu nion. [1969ko] Maiatzaren hogeita hamarrean izan zen, abadeak Bilboko gotzaindegian sartu zirena, eta ni beharrean egon nintzen, konpromisoari lotuta».

Hidalgo kapitainarenak

Apaiz-langilea ez zen, nonbait, oso ugaria. Gernikako guardia zibiletako kapitain Manuel Hidalgo Salasek atxilotu bati Berrioategortuaren argazkia erakutsi, identifika zezan, hark ezagutzen zuela ukatu, eta Hidalgoren hitzak: «Bizkaian ez da Berrio abadea ezagutzen ez duenik». Berrioategortuak berak ezagutu zuen Hidalgo. «Fanfarroi hutsa zen. Detenitzen zintuen, itaunketa gogorra egiten zizun, eta, gero, kalean ikusi eta lagun moduan tratatzen zintuen. 'Mi amigo'-ka (Adiskidea) Plan horretan! Nirekin nahi zuena egin zuen, neurri baten. Azkeneko egunean adarra jo nion neuk ere. Franco hil zen, eta esan nion: 'Ése ya se ha ido'. Kapitaina zen Hidalgo, baina kapitainetik goragoko kargu bila zebilen. Ondo zuztartuta zegoen. TOP Ordena Publikoko Auzitegitik nahi zuena egiten zuen». 1976an alde egin zuen Gernikatik, Leonera (Espainia) joanda, goragoko bidean. Hidalgoren itzala nahi baino ilunagoa da. 1972an, ETAko kide Mikel Martinez de Murgia eta Benito Mujika Zumeta hil zituen guardia zibilak Lekeition, herriko jaietako bezperan. Udazken hartan Bermeoko kuartelera eraman zuten batek kontatua du Hidalgok esan ziola berak hil zituela bi gazteak. Berrioategortuak ez daki Hidalgo fanfarroi hutsa zela besterik. «Gernikan egoten zen, bere ekipoarekin. Guardia zibil lotsabakoenak hartu eta berak nahi zuen lekura eramaten zituen. Haien artean bazen bat, Lekeition sarjentu, kirten handi bat zena, gorputzez ere handia. Beste bat, txikia, gose handia pasatutakoa. Gizajoa zen, baina bizkorra. Behin inor ikusiz gero, betiko grabatuta geratzen zitzaion haren aurpegia. Honekin lagun egin ginen, kuarteleko egonaldian atseden hartzera etortzen zitzaigulako, eta guk gure paketetik jaten ematen geniolako. Azkenean, bere berri kontatu zigun, gose handia pasatutakoa zela, amarekin kanpin-dendan bizi izandakoa zela». Kuarteletako ziegetan ez ezik, kartzelak ere ibili zituen Pedro Berrioategortuak. Zamoran (Espainia) eduki zuten bi aldiz, hiru aldiz izan zen Basauriko kaiolan.

Kartzela

Lehenengoan, Zornotzan Txabi Etxebarrietaren arimaren alde meza esateagatik eraman zuten. «Egun itzela izan zen, itzela eguna! Ama birjinaren koroatzea ospatu nahi zuten, Karmen egunean [uztailak 16]. Herriko parrokian egin behar zen koroatzeko meza, eta akordatzen naiz alkatea, frankista hutsa, tartean zela, esanez, «porque Amorebieta siempre ha sido carmelicano», (Zornotza beti izan delako karmeldarra). Santa Teresaren beso usteldu gabea ekarri zuten, eta urrezko eta zilarrezko zirtzilkeriak batu zituzten herrian, ama birjinaren koroatzea egiteko. Apur bat kontra egin nien nik, eta Zeruko Argia-ko zuzendari egiten zuenak ere zer edo zer idatzi zuen, Nazareteko arotzaren andrea dotoretu egin gura zutela, etxeko andre modura ipini urrezko koroaz. Herri guztia aireratu zuten egun haietan. Vatikanotik ere baten bat etortzea gura zuten, baina ez zen etorri. Francoren ministroren bat, gotzaina eta alkatea izan ziren egun hartan. Jaiaren bezperan, Ama birjina parrokiara ekarri zuten, hango kanpai, argi, eta zarata artean, eta parrokian egin zuen gaua. Nik, berriz, aurretik iragarrita neukan Txabi Etxebarrietaren meza esango nuela, domeka hartan bertan, 08:30ean, nik orduan esaten nuen-eta meza. Egun hartan, jaiki eta, goizeko zortzietan, herria guardia zibilez josita zegoen, geltokian, kale nagusian eta leku guztietan. Nik, elizako ate guztiak zabal-zabalik, bozgorailuak topean, eta meza hasi nuen. Akordatzen naiz zelan hemen bazen emakume bat, ahots ederrekoa, eta halako batean Ogi zerutik kantatzen hasi zen... Hurrengoa akordatzen naizena, guardia zibilek tronpeta jo zutela eta hasi zirela elizara batu ziren gazteen atzetik, kolpeka. Eguerdian, koroatzeko mezara bidean, alkatea-eta, kale nagusitik pasatu behar ziren autoan. Kalea tabernaz josita zegoen, eta jendez beteta, denak txikiteoan… eta autoa joz eta hau eta beste jendea! Azkenean, heldu ziren «autoritateak» parrokiara eta suertez, hain suertez, bitxigilea bertan egon zen: 'Hori ez da nik egin dudan koroa', esan zuen. Ostu egin zuten koroa! Kulpa niri bota zidaten. Baina Etxebarrietaren mezagatik eraman ninduten kartzelara. Bizkaian bostek edo seik esan genuen Etxebarrietaren aldeko meza». Eta isuna. Eta isuna pagatu ezik, kartzelara. Pedro Berrioategortuaren kasua izan zen.

Kristau Gazteria Langilea

Lehenengoaren atzetik, isun gehiago ere etorri ziren. Bigarren isuna ere pagatu nahi ez gure abadeak, eta ondasunak bahitu zizkioten. «Motortxoa kendu zidaten, nik beste ondasunik ez neukan eta. Eta enkantea ere egin zuten, baina lehenengoan ez zen inor aurkeztu. Bigarren aldiz egin behar izan zuten. Kar, kar, kar... Taldea ginen, eta taldearen laguntasunaz egiten genuen borroka». Elkartasun horixe azpimarratu izan zuen Berrioategortua behin eta berriz eta askotan.

Abade gazteen arteko elkartasuna, eta JOC, Kristau Gazteria Langilea. Asko zor ziola zioen. «Niri JOC-ek erakutsi zidan bizitza eta abadetza ulertzen. Ordu arte, langile munduarekin batere hartu-emanik ez neukan, eta ilusiorik ere ez, eze ni baserriko semea nintzen, eta baserriko ilusioaz bizi izan nintzen beti... Egun batean, Zornotzan bizi nintzela, Gernikako Abaunza abadea etorri zitzaidan JOC-eko kanpaina bat zela eta ez zela. Esan nion: 'Barkatu. Nire kurtsoko jendearen ilusio handia zen langile mundua, baina ez nirea'. Eta, berak: 'Zelan bagoaz kontziliarioen formazio ikastaro batera Bilbora?'. Horri baietz esan nion. Eta joan, eta hura beste gauza bat zela ikusi nuen: eskubideak, sindikatuak... Ulertu nuen apur bat. Handik konpromisotxo batekin irten genuen abadeok. Eta horri esker, apurka-apurka, abade bertikala izatetik horizontala izatera kanbiatu nintzen», zioen Pedro Berrioategortuak.

«Abade bertikala izatetik, horizontala izatera kanbiatu nintzen».

Hortzetan irribarrea loratuz esana gure abadeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.