Koronabirusa. Larrialdi neurriak

Muturreko neurriak salbuespen egoeran

EAEko zahar etxe eta ospitaleetako erabiltzaileek eguneko bisita bakar bat jaso ahalko dute. Mila pertsonatik gorako ekitaldiak debekatu dituzte Gasteizen, Bastidan eta Iparraldean

Zahar etxeak. Zahar etxeetan egunean bisita bakar bat jaso ahalko dute erabiltzaileek. Irudian, Eibarko zahar etxea. IMANOL OTEGI / ARGAZKI PRESS.
Irati Urdalleta Lete - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun

Herritarren ohiko egunerokoa eraldatu du COVID-19 gaitzaren zabalkundeari eusteko ahaleginak. Euskal Herrian nahiz munduko dozenaka herrialdetan muturreko neurriak hartu dituzte koronabirusari aurre egiteko. Txinak bezala, gaixoen kopurua handitzen ari den herrialdeetan ere gaitzari hesia jartzea da helburua. Horretarako, herritarrak biltzen diren guneetan eta herritarren joan-etorrietan esku hartzea erabaki dute agintariek. Larrialdi neurriek eragin nabarmena izan dute hezkuntza eta zaintza arloetan, lan munduan, ekitaldi jendetsuetan eta bidaietan.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Txinatik kanpora. 115 herrialdetan atzeman dute kutsatutako gaixoren bat. Orotara, 115.000 kasu daude munduan; horietatik 80.000 Txinan. Gaitzak 4.000 heriotza baino gehiago eragin ditu, eta 64.000 gaixo baino gehiago sendatu dira.

Asiako erraldoiak lortu du egoera egonkortzea. Orain arteko gaixo berri kopuru txikiena izan zuen herenegun: hamazazpi, gaitzaren epizentroa izan den Wuhan hirian. Xi Jinping presidentea hara joan zen atzo, egoera kontrolpean hartu dutela esatera.

Euskal Herrian, 219 dira identifikatutako gaixoak: 153 Araban, 36 Bizkaian, 30 Nafarroan eta zortzi Gipuzkoan. Horietatik, 66 atzo jakinarazi zituzten —31 Araban, hamabost Bizkaian, zortzi Nafarroan eta hiru Gipuzkoan—. Birusaren hedatzea eteteko Euskal Herrian indarrean diren neurrien zerrenda da ondorengoa.

Zer gertatzen da zahar etxeetan eta eskoletan?

Astelehenetik itxita daude Gasteizko eta Bastidako hezkuntza zentro guztiak haur eskoletatik unibertsitateraino, eta hala jarraituko dute martxoaren 23ra arte. Eusko Jaurlaritzak eskatu du beste herrietako zentroetara joaten diren haur guztiei tenperatura hartzeko eskolara joan aurretik, eta sukarra edo arnasteko zailtasunak izanez gero, etxean edukitzeko. Zallako Hizkuntza Eskola (Bizkaia) ere itxi egin dute, bi pertsonak koronabirusa daukatelako. Nafarroako presidente Maria Txibitek esan du uneotan ez direla eskolen itxiera planteatzen ari.

Zahar etxeetan eta eguneko zentrotan ere hartuko dituzte neurriak. Eusko Jaurlaritzak esan du erabiltzaile bakoitzak egunean pertsona baten bisita bakarra jasotzeko aukera izango duela. Bisitara dozenei, berriz, tenperatura hartuko diete; baita langileei ere, txanda aldaketa bakoitzean. Neurri gogorragoak hartu dituzte Gasteizen. Zahar etxe batean berrogeialdia agindu zuten, eta, orain, eguneko zentro bat ixtea ere erabaki dute.

Antzeko mugak ezarri dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetarako eta osasun zentroetarako ere. Gaixoak ezingo dira korridoreetara atera, eta bakoitzak pertsona bakarraren bisita jasotzeko aukera izango du. Bisitariek ezingo dute sukarrik edo arnasteko arazo larririk eduki. Gainera, laguntzaileak ezingo dira sartu Gasteizko ospitaleetako larrialdietara. Anbulatorioetara ere, ahal dela, laguntzailerik gabe joateko eskatu dute, eta gehienez ere pertsonako bakarra eraman ahalko da. Nafarroako Gobernuak ere ospitaleko bisitetan «mugak» jarri dituela ziurtatu du, baina ez du zehaztu zeintzuk izan diren.

Gasteizen itxi egin dituzte kirola egiteko hainbat gune ere; tartean, Mendizorrotza, Gamarra eta igerilekuak. Gainera, Espainiako Espetxe Erakundeak bertan behera utzi ditu aurrez aurreko bisitak Zaballako espetxean (Iruña Oka, Araba).

Gaixo agiririk izango dute langileek?

Bai. Espainiako Gobernuak iragarri du koronabirusak kutsatutako eta bakartze prebentiboan dauden langileek gaixotasun profesionalagatik hartuko dituztela gaixo agiriak, eta ez gaixotasun arruntagatik; diru saria lehen egunetik kobratzeko aukera izango dute, eta soldataren %75 jasoko dute, Gizarte Segurantzaren kontura, enpresen kostuak arinduz.

Horrekin batera, gobernuak Gizarte Segurantzako kotizazioen moratoria bat onartzea espero du hurrengo Ministroen Kontseiluan, ondoz ondoko hiru hilabeteei dagozkienak, eta eremu geografiko jakin batzuetako enpresentzat eta euren kontura lan egiten duten langileentzat. Horrek esan nahi du kotizazio horiek urtebetean ordaindu ahal izango dituztela, sortzen direnetik zenbatzen hasita, inolako errekargurik eta interesik gabe.

Ipuruan ateak itxita jokatu zuten atzo Eibarren eta Realaren arteko derbia. Juan Carlos Ruiz / Foku

Zein ekitaldi jendetsu mugatuko dira?

Espainiako Gobernuak 1.000 pertsonatik gorako ekitaldi guztiak debekatu ditu Gasteizen eta Bastidan (Araba). Edukiera gutxiagoko ekitaldietan, gehieneko ikusle kopurua herenera murriztu beharko da.

Ipar Euskal Herrian ere 1.000 pertsonatik gorako ekitaldiak debekatu ditu Frantziako Gobernuak. «Nazioaren bizimodurako erabilgarriak» diren salbuespenak onartuko dituela adierazi du Parisek. Horien artean aipatu ditu «manifestazioak, oposizioak eta garraio publikoa».

Jean Rene Etxegarai Baionako alkateak atzo jakinarazi zuen xingarraren azoka atzeratuko dutela. Arrazoi berarengatik, programazioa etengo dute Lapurdiko hainbat areto handik. Gasteizen, udal sareko antzokien programazioa utzi dute bertan behera, eta, Iruñean, Iruña Rock jaialdia.

Espainiako Gobernuak kirol ekitaldi jendetsuei begirako neurria ere iragarri du. «Jarraitzaile asko» dituzten kirol ekitaldiak mugatuko dira. Futbol eta saskibaloi profesionaleko partidak, esaterako, ateak itxita jokatuko dira hurrengo bi jardunaldietan.

Espainiako Futbol Federazioak ez du nahi Espainiako Kopako finala ikuslerik gabe jokatzea, eta egoerak horretara behartuko balu, neurketa atzeratzea proposatuko die Realari —gizonezkoen kasuan— eta Athletici —gizonezkoen eta emakumezkoen finalari dagokionez—.

Bidaiatzeko mugarik ezarri dute?

Ez dago debeku orokorturik, baina Hego Euskal Herriko aireportuek ez dute Italiako aireportuetatik abiatutako hegaldirik hartuko gaurtik martxoaren 25era bitartean. Espainiako Gobernuak hegaldi horiek debekatzea erabaki du estatuko aireportu guztietan. Italia da Txinaren ostean koronabirusa gehien hedatu den herrialdea: 10.000tik gora gaixo eta 630 hildako. Hainbat herrialdek eta hegazkin konpainiak eten dituzte hegaldiak Italiarekin.

Imserso Espainiako Migrazio eta Gizarte Zerbitzuetako Institutuak antolatzen dituen bidaiak ere bertan behera utziko ditu Madrilek, hilabetez.

Orokorrean, estatu barruko nahiz mugaz gaindiko bidaiak ekiditeko eskatu du Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, garbiketa areagotuko du Gasteizko garraio publikoaren sarean.

Zaintzari lotutako neurririk hartu al dute?

Oraingoz, ez dute iragarri zaintzari lotutako neurri zehatzik. Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak esan du bihar iragarriko dituztela zein neurri hartuko dituzten eskolara joan ezinda dauden haurrak zaindu behar dituzten pertsonen «lan jarduera ez dadin kaltetu». Oraingoz, esan du familiakorik edo beste mota bateko sarerik ez dutenentzat izango direla.

Orain, hainbat egoera sor daitezke, laneko araudiaren arabera. Batetik, boluntarioa izango den telelana bultzatu daiteke Gasteizen, Espainiako Osasun Ministerioak esan duen bezala. Bestetik, denboraldi baterako lan erregulazioak egon daitezke. Kasu horretan, langileek langabezia kobratuko lukete, baina Espainiako Lan Ministerioa pentsatzen ari da kontsumitutako langabezia automatikoki berriro ezartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.