Zonifikazioaren aurkako protesta

Euskararen aldeko erronka, hegoaldetik

Hordago taldeak deituta, manifestazioa eginen dute bihar Tuteran, ofizialtasuna eskatzeko. Euskararen aldeko hainbat egitasmo sortu dira azken urteetan Nafarroako hegoaldean eta erdialdean

Tutera. Antolatzaileek ekainean aurkeztu zuten biharko protesta. HORDAGO.
Olaia L. Garaialde - Edurne Elizondo
Nafarroako Hitza
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Errigora, Agerraldia, eta, iazko azaroaren 13tik, Hordago. Euskararen inguruko mugimenduak gora egin du Erriberan azken urteotan. Hordago herri ekinaldiak iazko azaroan egin zuen lehendabiziko agerraldia, Cortesen, eta erdigunean jarri zuen zer helburu duen: zonifikazioaren aurka lan egiteko sortu dute, euskara herrialde osoan izan dadin ofiziala. Hegoaldetik hasiak dira bultza egiten, ofizialtasunaren aldeko olatuak Nafarroako bazter guztiak busti ditzan. Larunbat honetan dute lehen ekitaldi nagusia: manifestaziora deitu du Hordagok, Zonifikazioari hordagoa lelopean. Tuterako plaza berritik abiatuko da protesta, 17:30ean.

Errigora eta Agerraldia dira Hordago herri ekinaldiarekin bat egin duten eragileetako bi; hainbat gizarte eragile, talde politiko, sindikatu eta norbanako ere batu dira. «Herrialdearen kohesioan, justizia sozialean eta berdintasunean sinesten dutenak parte hartzera deitzen ditugu», esan zuen Paula Garcia Hordagoko kideak manifestazioaren aurkezpenean. gaineratu zuen Hordago «behetik gorako dinamika bat» dela: «Nafarroako hegoaldetik iparraldera; horregatik, Nafarroako lehendabiziko edo azken herrian egin genuen aurkezpena, ikuspegiaren arabera».

Euskararen Legeak eremu ez-euskalduntzat dauka Erribera, eta horri aurre egin nahi dio Hordago herri ekinbideak: «Pentsaezina da Nafarroan oraindik ere eskualdearen arabera hizkuntza eskubide desberdinak izatea». Iaz, 35 urte bete zituen Nafarroako Euskararen Legeak, eta horri ere aipamena egin zion Garciak. «Ezinezkoa da beste urte batez jarraitzea horrelako bereizketarekin: Nafarroan bi hizkuntza daude, eta euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat da; beraz, Tuteran, Cortesen, Altsasun edo Beran eskubidea daukagu euskaraz bizitzeko, aritzeko eta ikasteko».

Hala ere, Hordagoko kidearen ustez, «poliki-poliki» aurrerapausoak ematen ari dira euskararen normalizaziorantz: «Herri mugimenduak eta euskalgintzak egin duten ikaragarrizko lanari esker, fruituak jasotzen ari gara», nabarmendu zuen. Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, adibidez, «gutxika» egin dute bidea orain arte, egitasmo txikien bidez. Lantalde bakarra dira, Iruñerriko, Tafalla inguruko eta Erriberako jendeak osatua: «Ez dugu herri bakoitzean Hordagoko talde bat sortu nahi; jendeak eta euskara taldeek Hordagoren mezua hartu, eta bere egitea nahi dugu, gutxika zonifikazioaren kontrako olatu bat sortzeko».

Tuteran eta Erriberan jarria dute arreta, horko herritarrak direlako zonifikazioa «gehien» pairatzen dutenak, baina Nafarroa osoko herritarrei dei egin diete: «Denok zeharkatzen gaituen auzi bat da hau». Hortaz, Iruñerriko jendeari zein Iruñerritik iparraldera bizi den jendeari eskatu diete bat egiteko: «Tutera oso urrun dagoela iruditzen zaigu, baina, oraingoan, guri tokatzen zaigu joatea, zonifikazioaren aurkako oihua geure egitea, eta denon artean Euskararen Lege bidegabea behingoz amaitzea».

Defentsarako sare bat

Euskararen aldeko mugimenduak Erriberan egin dituen urratsek herrialde osoari eragin diote. Iruñerrian ere sumatu dute hegoaldetik hizkuntza eskubideen auziari eman dioten bultzada, eta eskertu egin dute. Iruñean, hain justu, Euskararen Defentsarako Sarea aurkeztu berri dute, euskararen aurkako «etengabeko erasoei erantzun azkar bat» emateko asmoz. «Iruditzen zait Erriberan beste edozein tokitan baino mugimendu handiagoa dagoela orain; inportantea da aldarriak handik egitea», erran du sare horretako kide Fermin Zabaltzak.

Euskararen Defentsarako Sareko kideek euren bultzada gehitu nahi diote Erriberako euskalgintzak egindakoari. Ekainaren 17an egin zuten sarea aurkezteko lehendabiziko elkarretaratzea, eta salatu zuten Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialak murrizketak egin nahi dituela euskararen inguruan. Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi nahi ditu taldeen erdiak Tuterako egoitzan.

«Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno euskararen etsai amorratua da; hark egindako deus ez da kasualitatez gertatzen: dena egiten du euskararen aurkako estrategia baten barruan», salatu du Zabaltzak.

Halere, Hezkuntza Departamentua ez da euskararen aurka egiten duen bakarra, Euskararen Defentsarako Sareko kideak kontatu duenez. Nafarroako Administrazio Auzitegiak erdigunean jarri ditu eremu mistoko udalen autonomiaren kontra hartu dituen erabakiak: «Euskararen Legeak udal horiei onartzen die erabakitzea euren lantaldeetako zer postutan izanen den euskara derrigorrezko, eta zeinetan merezimendu; legearen kontra, Administrazio Auzitegia bertan behera uzten ari da udal horien hizkuntza eskakizunak, behin eta berriz».

Zabaltzak gaineratu du egoera hori «oharkabean» pasatzen ari dela. Sareko kideek uste dute ez dela nahikoa noizean behin manifestazio bat egitea gisa horretako erasoen aurrean, eta horregatik sortu dute plataforma hori. «Asmoa da egunerokoan gertatzen diren erasoei berehala erantzutea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.