Sagarduik «antolakuntza aldaketa» soiltzat jo ditu kargugabetzeak

Sailburuak azaldu du «gertaera kate baten» ondorioz beharrezkoa zela Donostialdeko ESIko zuzendaritza aldatzea. Agustin Agirre izendatu dute jarduneko zuzendari. Sailburuaren dimisioa eskatu dute EH Bilduk nahiz PP+C's-k; EP-IUk, azalpenak

Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia, atzo, lehendakaritzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Edurne Begiristain - Jon O. Urain
2022ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
«Bide berri baten hasiera da». Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak itxitzat jo zuen atzo Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan izandako kargugabetzeek eta dimisioek eragindako krisi sakona, normaltasun mezu batekin. «Antolakuntza aldaketa» soiltzat jo zituen kargugabetzeak, baina ez zuen zehaztu zein diren zuzendaritza aldatzea beharrezko egin duten gertaera horiek. «Arduradun aldaketak sarri gertatzen dira, ohikoa da», gaineratu zuen. Osasun sailburua polemika piztu eta 72 ordura mintzatu zen gertatukoaz lehen aldiz jendaurrean. Presazko agerraldi batera deitu zituen komunikabideak lehendakaritzara, eta Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Perez Esquerdo alboan zuela eman zituen azalpenak.

Ikusi gehiago:Osakidetzaren kudeaketa eredu «bertikalak» eragindako zurrunbiloa

Ostiralean Donostialdeko ESIko gerentea eta zuzendaria kargutik kendu eta horren ondotik hainbat arduradunek dimisioa aurkeztu eta gero, aurretik ikusi gabeko krisi batean murgildu da Osakidetza. Bi kargugabetzeen ondotik, bata bestearen atzetik etorri dira dimisioak: azken orduetan, dimisioa eman dute Adolfo Begiristainek, Donostia ospitaleko kirurgia zerbitzuko zuzendariorde medikoak, Maite Martinez mediku zuzendariordeak eta Loreto Marquet erizaintza zuzendariordeak.

Haatik, gertatutakoari garrantzia kendu nahi izan dio Sagarduik. Haren iritziz, «ohikoa» da arduradunak aldatzea, eta horrela ulertu behar da Donostialdeko ESIan gertatu dena. Osakidetzan «erakunde guztiek rol jakin bat dute, eta horiek osatzen dituzten pertsonek ere bai», adierazi zuen. Proiektuak «partekatua» izan behar du, sailburuaren esanetan: «Sare bat gara». Eta Donostialdeko ESIan, «une batean, motibo batengatik edo beste batengatik, batzuek ez dute bat egiten ikuspegi horrekin». Horrek, «gertaeren kate baten» ondorioz, «gomendagarri» egin du «pertsona aldaketa bat»: ikuspegiak «bateratzeko zailtasunak» zituztelako.

Ikusi gehiago:Osakidetzako arazoak lehenagotik datozela salatu dute sindikatuek

Baina zeintzuk dira kargugabetzeen atzean dauden «gertaera kate» horiek? Kazetariek dozena erdi aldiz egin zioten galdera hori sailburuari, baina hark ez zuen arrazoi zehatzik eman nahi izan. Zera besterik ez zuen esan: ez direla desadostasun «bat edo bi» izan Osakidetzaren eta erakunde sanitario integratuaren zuzendaritzaren artekoak, eta bien arteko ikuspegi desberdintasuna «sakonagoa» zela. Eta horregatik zela ezinbestekoa Donostialdeko ESIan «ziklo berri bat» irekitzea. «Aldaketa bat behar zen. Eta horixe egin dugu».

Aldaketak eginda, zuzendaritza taldea berregituratzen ari direla jakinarazi zuen Sagarduik. Hala, Agustin Agirrek eta Ana Bustinduik hartu dituzte zuzendari kudeatzailearen eta zuzendari medikoaren karguak, hurrenez hurren. Agirrek atzo bertan izan zuen lehen bilera Osakidetzako zuzendaritza nagusiarekin eta Donostialdeko ESIko zuzendariorde eta zerbitzuburuekin. «Harremanak hastea» izan zen haren lehen eginkizuna, «ospitalea eta osasun erakundea zer egoeratan dauden aztertzeko». Sagarduiren hitzetan, zuzendaritza berriak eta Osakidetzako zuzendaritzak «ikuspegi bera» dute orain osasun zerbitzuak izan behar duenari buruz.

Osakidetzako zuzendaritzak Itziar Perez Donostialdeko erakunde sanitario integratuaren zuzendari kudeatzailea kendu eta gero hartu du, behin-behinean, haren tokia Agustin Agirrek. Agirre Bidasoaldeko ESIko burua da gaur egun. Aurrez, Basurtuko ESIko zuzendari medikoa izan zen, eta, Bidasokora lekualdatu aurretik, Debagoieneko ospitaleko zuzendari medikoa izan zen. Erietxe horretan aritu ziren lanean 2018ko udaberriko lan eskaintza publikoko iruzurrak salatu zituzten hiru anestesiologoak, eta, hain zuen, auzia salatu ondoren Agirrek emandako tratua salatu zuen maiatzean Roberto Sanchez anestesiologoak, Eldiario.es atarian argitaratutako artikulu batean. Izen-abizenik aipatu gabe, BERRIAn ere salatu zuten eman zitzaien tratua. Lan eskaintza publikoko iruzurraren ondorioz, Debagoieneko ESIko Maria Jesus Mujikak dimisioa eman, eta Agirrek ordezkatu zuen.

Dimisio eskaerak

Donostialdeko ESIan gertatutakoari kritika gogorra egin diote oposizioko alderdiek. Osakidetzan gertatzen ari dena «ez da onargarria». Elkarrekin Podemos-IU eta PP+C's taldeek, Sagarduik agerraldia egiteko eskea erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean.

EH Bilduk, Sagarduiren agerraldiaren aurretik azalpenak eskatu baditu ere, behin horiek entzunda adierazi du sailburuak ez lukeela karguan segi beharko. «Harrokeriak eta itsutasun politikoak ezin dute ezein administrazioaren gobernantza eredua gidatu», Unai Urruzuno bozeramaileak salatu duenez. Jaurlaritzari «krisiak aitortzea» eta «irtenbideak eskaintzea» dagokiola esan du, eta, hain justu, kontrakoa ari dela egiten. PP+C's-k Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu dio Sagardui kargutik kentzeko: «Ezin da minutu bat gehiago egon karguan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.