Estella Kirsanova. Errefuxiatu ukrainarra

«Errefuxiatuek ez dute bermatua ondo ordaindutako lan bat»

Gerra hasi zenean Polonian zegoen, laneko egonaldi batean. Errefuxiatu ukrainarrei harrera egitean sentitu zuen «batasuna» du gogoan, eta ez ditu auzitan jarri Varsoviak horien inguruan hartutako azken erabakiak.

BERRIA.
Igor Susaeta.
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Estella Kirsanovak (Cherkasi, Ukraina, 1969) 30 urte baino gehiago zeramatzan Unescon Saretutako Eskola bateko irakasle bere jaioterrian, eta inbasioaren hasierak Krakovian (Polonia) harrapatu zuen laneko egonaldi batean. «Ukrainarren izenean, esan nahiko nuke poloniarrek asko lagundu gaituztela; baita beste herrialde batzuetako herritarrek ere», adierazi du, modu telematikoan egindako elkarrizketa batean. Iazko martxotik Krakoviako Ukrainar Eskolako zuzendaria da. Ez du argi Ukrainara itzuliko den eta han «finkatu» nahi duen. «Bueltatuko naiz han erabilgarria banaiz eta ukrainarrek nire laguntza, nire ezagutza, behar badute».

Ikusi gehiago:Babesa ñabartu du Poloniak

Errusiak Ukrainari eraso egingo zion zurrumurrua zebilen inbasioa hasi baino zenbait hilabete lehenagotik. Uste zenuen inoiz errefuxiatu bat izan zintezkeela?

Ez, pentsatu ere ez nuen egiten horretan. Eta gerra hasi zenean, uste nuen, ziur nengoen, pare bat astean bukatuko zela eta itzuli ahal izango nintzela. Une hartan inondik inora ezin nuen pentsatu urtebete baino gehiago egongo nintzenik nire aita ikusi gabe. Pentsatzen nuen Polonia behin-behineko aterpetxe izango nuela, ez zela luzerako izango.

Orduan, urtebete baino gehiago daramazu jaioterrira itzuli gabe.

Hori da. Hasieran, errefuxiatuak-eta etorri zirenean, lanpetuta nengoen babesa ematen, boluntario lanak egiten. Gero, eskolak hasi genituen, eta hemen egon behar nuen. Orain, aldiz, paperak eskatu ditut, eta zain nago ea noiz esaten didaten uzten didatela itzultzen.

Eta nola gogoratzen dituzu errefuxiatuak Poloniara iristen hasi ziren egunak?

Gerra hasi zenean ni hemen nengoen [Krakovian], eta nire familia han [Ukrainan]. Nire irudipena zen bizitza eten zela, eta beldur moduko bat sentitzen nuen, baita segurtasunik ez moduko bat ere. Hasieran, ezin nintzen kanpora joan, eta ezin nituen poloniarrak ikusi barre egiten, elkar besarkatzen, elkarri muxu ematen; hau da, bizitza bizitzen. Laino ilun moduko bat nuen nire begien parean: ezin nuen jan, ezin nuen lo egin... Shock egoeran nengoen nire familiarengatik. Bestalde, izu moduko bat ere sentitzen nuen, ez nekielako nola lagundu, nola jokatu... Eta ezgai sentitzen nintzen edozer aldatzeko.

Inoiz sentitu al zinen bakarrik?

Ez, zeren boluntarioekin bat egin nuen ukrainarrak laguntzeko. Batasun handi bat sentitu nuen; ematen zuen gorputz bakarra ginela. Tren geltokira joaten ginen, iristen ziren errefuxiatuei harrera egiteko. Han ezagutu nuen Austriako, Suediako, Poloniako, Alemaniako, Erresuma Batuko jendea. Elkarrekin aritu ginen denok, eta ikusi nuen mundu guztiaren babesa genuela, eta hori indartsua zela. Nire ekarpena egin nahi nuen nire herrialdearentzat erabilgarria izateko.

Gogoratzen dut AEBetako irrati programa batekoak hona etorri zirela errefuxiatuak elkarrizketatzera, eta eskatu zidaten haiekin lan egiteko astebetez. Nik esan nien konturatuta geundela tragedia bat zela ukrainarrak izatea, baina esan nien begiratzeko beste herrialdeetako pertsona horiei, nola joaten ziren 04:00etarako tren geltokira, nola erosten zuten janaria, nola prestatzen, nola baliatzen zuten beren denbora eta dirua horretarako... Sentipen horrek txunditu egin ninduen.

Hitz beste eginez. Ezagutzen duzu inor oraindik ere behin-behineko aterpetxe batean dagoen jendea?

Orain ez da jende gehiegi bizi horietan, jendea saiatzen delako beste mota bateko bizilekuak bilatzen: ostatuak, hotelak edo apartamentuak. Ostatu jakin batzuetan, esaterako, prezioaren erdia ordaintzen da, baina ohikoak baino zerbitzu gutxiago edukita.

Gerra hasi zenean aterpetxe ugari zeuden, eta horietako bateko erantzulea izan nintzen. Doan ziren; orain, ordea, ez. Orduan, horregatik ari da jendea ostatu egonkorragoak bilatzen. Geltokiko aterpetxea, esaterako, itxita dago jada.

Errefuxiatuentzat nolakoa da egoera lana bilatzera jotzeko orduan? Poloniako Gobernuaren arabera, helduen %80 lan merkatuan dago.

Gerraren hasieran, hainbeste jende ez zegoenez, posible zen gutxi ordaindutako lan bat bilatzea: fabriketan, zerbitzari, pizzeria batean... Oso ohikoa bihurtu zen, aldi berean, etxeak edo hotelak garbitzen aritzea. Egun ere lor daiteke lan bat, baina ez dago bermatuta ondo ordainduta egongo denik.

Badakit, bestalde, nire irakasleetako batzuek eskolakoaz gain beste lan batzuk ere badituztela. Soldata normala dute gurean, baina, batzuetan, ez da nahikoa apartamentuko alokairua ordaintzeko, horien prezioa igotzen ari baita.

Poloniako Gobernuak hala erabakita, joan den martxoaren 1etik 8,7 euro ordaintzen dituzte, egunero, janagatik eta aterpeagatik, aterpetxe publikoetan 120 egun baino gehiago daramatzaten errefuxiatuek. Zer iruditzen zaizu neurri hori?

Nire bizitza guztian lan asko egin dut, eta era guztietako lanak eduki ditut bai neure buruari, baita nire bi alabei ere, etorkizun on bat emateko. Bizitzan arrakastatsua izateko eta bizi kalitatea izateko, lan egin behar da. Uste dut gurea ez den beste herrialde batean egonik, normala dela [gobernuaren erabakia], nahiz eta gerran egon. Haien legeekin eta arauekin ari gara bizitzen. Hori da errealitatea: ordaindu egin behar dugu. Dena den, kontuan hartu behar da hasieran dena doan zela errefuxiatuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.