Koronabirusa. Eragina ekonomian

Eusko Jaurlaritza zorra handitzeko prest da birusari aurre egiteko

Confebask gustura geratu da, baina sindikatuek salatu dute gobernuak ez duela neurririk hartu

Eusko Jaurlaritzako, sindikatuetako eta Confebaskeko kide batzuk, atzo, Gasteizen. IREKIA.
aitor biain
Gasteiz
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, euskal enpresak ez dira nozitzen ari COVID-19aren eragina, «momentuz». Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak esan du gaur-gaurkoz ez dela horniketa arazorikenpresek «bide alternatiboak» bilatu dituztelako. Beraz, azpimarratu du «goizegi» dela aparteko neurriak martxan jartzeko. Hala ere, gobernuak aitortu du arazo batzuk sor daitezkeela salgaien alorrean batez ere, eta horiei aurre egiteko hainbat neurri prest ditu: horien artean, enpresei finantzaketa lerroak erraztea. Borondatea azaldu du gastu gehigarriei aurre egiteko, iaz bildutako superabita baliatuta, baina baita zor publikoa handituta ere.

Birusa ekonomian izaten ari den eragina aztertzeko bilera egin zuen Eusko Jaurlaritzak eragile ekonomiko eta sozialekin atzo, Gasteizen. Lan, Enplegu, Ogasun, Ekonomia Garapenerako eta Turismo sailetako ordezkariak patronalekin eta merkataritza ganberekin elkartu zen. Mahaiaren bueltan izan ziren ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak ere. Astero elkartzea adostu zuten ordezkari guztiek.

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren arabera, mehatxu nagusiak «kanpotik» datoz oraingoz, baina osasun krisia luzatzeak «konfiantza krisia» ekar lezake, eta baliteke horrek nabarmen handitzea gaitzak ekonomian izan dezakeen eragina. Horiek horrela, Azpiazuk adierazi du iaz iragarritako %1,9ko hazkunde tasa aldatu egingo dutela «ziurrenik». Datozen egunetan berrikusiko dute datu hori.

Ekonomia sailburuak nabarmendu du kontu publikoak «egoera erosoan» daudela egun, eta, horri esker, Jaurlaritza prest da diru sarreretan eta gastuetan gerta daitezkeen ustekabekoei aurre egiteko. Bete egingo ditu Osasun Sailak izan ditzakeen beharrak, eta aurre egingo dio DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaileen balizko igoera bati.

Baina, horiez gain, enpresek izan ditzaketen finantzaketa arazoetan laguntzeko prest ere azaldu da gobernua. Izan ere, sailburuak aitortu du birusaren eraginez «atzerapenak» izan daitezkeela zerga ordainketetan. Bada, halakorik gertatuz gero, Azpiazuk esan du enpresei finantzaketa erraztuko diela: «Kreditua murriztuz gero, krisi garaian martxan jarri ziren finantzaketa lerroak berriz irekitzea aztertu beharko litzateke». Iazko kontuetan izandako superabitaren zati bat ekonomia suspertzeko inbertsioetarako erabiliko luke, halaber, gobernuak.

Patronalak begi onez hartu ditu proposamenak. Eduardo Zubiaurreren hitzetan, horrek «konfiantza» ematen die enpresei etor daitekeenari aurre egiteko. Confebaskeko buruak esan du birusaren eragina «oso mugatua» dela ekonomian oraingoz, baina aitortu du zenbait sektoretan hasi direla ondorioak nozitzen, hala nola autogintzan, garraioan, aeronautikan eta turismoan. Hala ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jarduera ekonomikoa moteltzea espero du patronalak, eta ez atzeraldian sartzea, «batik bat lehen hiruhilekoan».

Tapiak nabarmendu du «goizegi» dela neurriak hartzeko, eta ez dagoela kezkatzeko moduko arrazoirik oraingoz. «Proposamenak etor daitekeenari aurre egiteko baino ez dira». Sailburuak gogoratu du lan arloko erabaki gehienak Espainiako Gobernuari dagozkiola, eta horiek «zorrotz» aztertu ondoren erabakiko dutela neurri horiei lotutako «osagarriak» jarri edo ez.

Sindikatuak, gustura ez

Sindikatuak ez dira bileratik gustura atera. Alferrikako bilera izan da ELAren eta LABen iritziz, eta «argazkia egiteko baino ez» du balio izan. Ohar bidez salatu dute administrazioa «eskuak poltsikoan dituela» joan dela bilerara, eta ez duela birusariaurre egiteko inolako neurririk eta ekinaldirik aurkeztu, ez behintzat lan arloari dagokionez. Iñigo Urkulluren gobernuari egotzi diote «aurreikuspenik gabe, gaizki eta berandu» jokatu izana. Sindikatuen ustez, lan zentroetan ekin behar zaio birusaren prebentzioari lehenik, eta, haien hitzetan, Osalan eta Osasun Saila «desagertuta daude» lantegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.