Zaldibarko zabortegia

Zabortegien azterketa bat egingo du Jaurlaritzak sei hilabeteko epean

EH Bilduk ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria aurkeztu du. EPk eta PPk galdegin dute industriaren zaborren politika berrikustea

mikel p ansa
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun

Eusko Legebiltzarra berriro lanean hasi orduko agertu da Zaldibarko zabortegiaren auzia parlamentarien agendan. Atzo, EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Oterok eskari bat aurkeztu zuen, ganberari proposatzeko ikerketa batzorde bat sortzea, hondamendian gertatutakoak eta haren kudeaketa argitu daitezen. Baina eskari hori baino lehenago beste batzuk aztertuko dituzte bihar, osoko bilkuran: Elkarrekin Podemosek eta PPk auziari buruzko informazioa eskatu eta hondakin industrialen gaineko politikak erreformatzea proposatu dute, eta EAJk eta PSE-EEk zuzenketa bat aurkeztu dute. Okerrik ezean, gobernuko bi alderdien proposamenak egingo du aurrera, eta, besteak beste, sei hilabeteko epean zabortegiak nola dauden aztertzeko aginduko diote Eusko Jaurlaritzari.

Ikusi gehiago:Verterrek 2018tik zuen egonkortasun arazoen berri, baina aztertzea uxatu zuen

Elkarrekin Podemosek abuztuaren 13an eskatu zuen Zaldibarko auziari buruzko informazio guztia eta Jaurlaritzak zabortegia amildu zenetik egindako urratsak jakinarazteko. Horrez gain, sei hilabeteko epean zabortegi guztien azterketa bat egitea eta hondakinen lege berri bat egitea ere proposatu zuen, Europako Batzordearen irizpideei jarraituz hondakin industrial gutxiago sor daitezen. Erantsi zuen lege berri horrek klima aldaketari aurre egiteko eta ekonomia zirkularrari bultzada emateko balio beharko lukeela. Zaldibarko auziko erantzukizun politikoak argitu behar direla ere uste du EPk, osasuna eta ingurumena babestu beharrean interes ekonomikoak hobetsi direla iruditzen baitzaio.

PPk, berriz, eskatua zuen industriako hondakinei buruz azterketa bat egiteko, eta horien tratamendua nola hobetu litekeen eztabaidatzeko batzorde bat sortzeko.

EAJk eta PSE-EEk hiru puntuko zuzenketa bat aurkeztu diete eskari horiei, eta Jaurlaritzari zera eskatu diote: talde parlamentarioei emateko eskura duen informazioa —«interesgarritzat jotzen duten eta gobernuak bere esku duen dokumentazio guztia, auzitegiek irekitako prozesu judizialetan ezarritako zuhurtasunen mende dagoen zatia salbu»—, zabortegien egoerari buruzko azterketa bat egiteko sei hilabetean, eta trantsizio energetikoaren eta klima aldaketaren lege proiektuan sartzeko industria hondakinen eta ekonomia zirkularraren atal berezi bat. Testu horren muinak egingo du bihar aurrera, zuzenketaren bat egin badiezaiokete ere.

Gertakariak argitzeko

Eskari horiez gain, EH Bilduk ikerketa batzorde berezi bat sortzeko beharra ere sumatzen du. Mikel Oterok nabarmendu du Euskal Herriko hondamen ekologiko handienetako bat izan dela Zaldibarkoa, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak bertan hiltzearen «tragedia humanoaz» aparte. «Euskal jendartea hain modu bortitzean astindu duen gertakari horren aurrean, legebiltzarrak ezin dio uko egin bere ikerketa gaitasunari; hondamendia argitzeko eskura ditugun bide guztiak erabili behar ditugu».

Ikerketa batzorde horrek argitu beharko luke, Oteroren arabera, hondamendia gertatu aurretik Jaurlaritzak egindako jarraipena eta kudeaketa aproposak izan ote ziren, eta ezbeharraren ostean egindako kudeaketa ere egokia izan ote den. Zaldibarren gertatutakoa argitzeaz gainera, erantzukizun politikorik ba ote den argitzeari ere garrantzia eman dio, eta baita etorkizunerako hondakinen politikarako «irakaspenak» ateratzeari ere. «Inork ezkutatzeko ezer ez badu, ikerketa batzordea osatzearen alde agertu beharko lukete talde guztiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.