Homeopatia garestiago ordainduko dute aurten Ipar Euskal Herrian

Produktu homeopatikoen kostuaren %15 baizik ez du bere gain hartuko Gizarte Segurantzak. Gaur egun salmentan diren 1.200 produkturi eraginen die Frantziako Gobernuaren neurriak
Homeopatia granulak garestiagoak izanen dira orain.
Homeopatia granulak garestiagoak izanen dira orain. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2020ko urtarrilak 2

Azken urtea izanen da. 2021etik aitzina, Frantziako Gizarte Segurantzak produktu homeopatikoak ordaintzeari utziko dio. Prozesua progresiboa izango da: orain arte, bere gain hartu du produktu horien kostuaren %30, eta aurten %15era apalduko du maila. Frantziako Osasunaren Goi Agintaritzak argitaratutako txosten batek ekarri ditu aldaketak: homeopatia diru publikoz ez laguntzea aholkatu zuen, ez dagoelakoan produktu horiek eraginkorrak direla frogatzen duen oinarri sendorik, eta gobernuak kasu egin dio. Hala ere, Frantziako Osasun Ministerioak ohartarazi du ez duela asmorik erabilera galarazteko.

Agnes Buzyn Frantziako Osasun ministroak jakinarazi zuen erabakia uztailean: agintaritzaren aholkuei jarraitzea onetsi zutela, eta, hala, Gizarte Segurantzak homeopatiaren laguntzak ezabatzeko prozesuari ekingo ziola.

Frantziako Gobernuak 1984tik laguntzen du homeopatia diru publikoz, eta egun 20.000 aditu inguruk lan egiten dute arloan. Indiaren atzetik, Frantzia da produktu homeopatiko gehien kontsumitzen duen estatua, eta bertan dago merkatu horretako laborategirik garrantzitsuenetako bat: Boiron. Enpresa hori erabakiaren aurka agertu da, «ulertezina eta zentzugabea» dela esanez. Boironen arabera, biztanleen erdiek baino gehiagok kontsumitzen dituzte produktu homeopatikoak.

2018ko martxoan 124 sendagilek argitaratu zuten iritzi artikulu baten ondotik berpiztu zen homeopatiari buruzko eztabaida Frantzian. Fakemed («medikuntza faltsua» ingelesez) kolektiboa osatu zuten. Funts gutxiko promesak egitea eta eraginkortasuna ez frogatzea leporatu zioten medikuntza alternatiboari, eta diziplina horiek medikuntza arlotik kentzeko eskatu zuten. Mediku homeopaten sindikatuak Medikuen Elkargora jo zuen, iritzi artikulua idatzi zuten hirurogei bat medikuren kontrako salaketa aurkezteko. Oraingoz, hogei bat kasuri buruz erabaki du elkargoak, medikuei abisuak emanez, baina denbora baterako kargugabetzeak erabaki ditzakeen beldur da Fakemed kolektiboa.

Hegoaldean, arautua

Hego Euskal Herrian, homeopatiak ez du inolako diru laguntzarik jasotzen, eta ugariak dira haren aurkako jarrerak. 2018ko azaroan, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak osasuna «pseudozientzietatik» babesteko plan bat aurkeztu zuen, «pseudozientziek» izan ditzaketen arriskuak saihesteko, tartean homeopatia. Planak pseudoterapia gisa definitzen du «eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko ebidentzia zientifikorik ez duen substantzia, produktu, jarduera edo zerbitzu oro», eta horiek osasun arlotik erretiratzea da helburua. Gainera, «publizitate engainagarria» ere saihestu nahi du, eta irakaskuntzan ere eragin nahi du: «ebidentzia zientifikorik ez duen jarduera oro unibertsitateetatik baztertzea» proposatu dute.

Halaber, iazko maiatzean, Espainiako Osasun Ministerioak produktu homeopatikoak arautu zituen, Europako Batasuneko aginduei jarraituz. Europako Batzordeak produktu horiek botika gisa onartu zituen, eta farmazietan saltzeko arautuak egon behar zutela agindu zuen. Hala, saiakera klinikoak egin zizkieten produktuei, osasun segurtasunaren irizpideak betetzen zituztela ziurtatzeko, eta botika gisa saldu ahal izateko. Ministerioak urrian jakinarazi zuen 2.008 produktuk gainditu zituztela segurtasun eta kalitate kontrol horiek. Segurtasun neurriak gainditu ez zituzten produktuak merkatutik kentzeko agindua eman zuen.

Zenbait desadostasun zirela eta, Madrilek produktu homeopatikoen legea aldatzea galdegin zion Europako Batzordeari abenduan, baina Vytenis Andriukaitis Osasun komisarioa aurka agertu zen: argudiatu zuen Europako beste herrialdeek ez zutela kexarik azaldu, eta berretsi zuen homeopatia babesten zuen legea «ondo» zegoela zegoen bezala, eta, beraz, aldaketarik ez zutela egingo.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

18 kasatzeman dituzt azken ordueta Zangozan. ©Iñigo Uriz/FOKU

Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan

Berria

Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.

Kaltzda Zahar eguneko zenroa, Bizkaian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.

Hiru pertsona maskara jantzita ©Jon Urbe / FOKU

Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko

Aloña Beraza Peña

Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.

Koronabirusaren agerraldiak

Koronabirusaren agerraldiak

Berria

Koronabirusaren aurreneko olatua makaldu eta konfinamendua arintzen hasi ondoren, agerraldi gehiago izan ditu COVID-19ak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna