Albistea entzun

Poliziaren indarkeria arrazista. Ainhoa Nadia Douhaibi. Ikertzailea

«Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista iraunarazteko»

Segurtasunaren zein mehatxuen inguruan zabaltzen diren ideiak «eraikuntza politikotzat» dauzka Douhaibik; horrekin lotu ditu kolektibo arrazializatuen aurkako kriminalizazioa eta jazarpen poliziala.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Maite Asensio Lozano -

2021eko urriak 24

Arrazakeria instituzionala ikertzen ari da Ainhoa Nadia Douhaibi (Oñati, Gipuzkoa, 1983), eta arreta berezia du jarria musulmanek jasaten duten kriminalizazioan. Hain justu, Salma Amazian ikertzailearekin batera, La radicalización del racismo. Islamofobia de estado y prevención antiterrorista (Arrazakeriaren erradikalizazioa. Estatu islamofobia eta terrorismoaren aurkako prebentzioa) liburua argitaratu zuen 2019an. Besteak beste, ikuspegi kritikoa eskaini dute segurtasun politiken inguruan.

Arrazakeriaren instituzionalizazioa salatu izan duzu. Zer esan nahi du horrek?

Arrazakeria instituzionala kontzeptua Stokely Carmichaelen ekarpen bat da, 1967koa. Haren hitzetan, arrazaren inguruko ideien gainean erabakiak hartzean eta politikak egitean datza; ideia horiek erabiltzen dira arraza talde bat mendean hartzeko —eta, ondorioz, beste talde bat nagusitzeko—. Funtsean, arraza dominazioan oinarritutako gizarte bati bide ematen dio instituzionalizazio horrek, legeen, protokoloen edota beste estatu mekanismoen bidez. Botere forma bat da.

Zer rol dute polizia indarkeriak eta jazarpenak arrazakeria instituzional horretan?

Polizia, nahitaez, giltzarri da gizarte arrazista hori iraunarazteko, estatu edo gobernu baten indar armatua den neurrian, eta ordena publikoa mantentzeko neurriak gauzatu behar dituen neurrian, betiere segurtasun ideia jakin batzuei atxikita, ezartzen dutenak zein gorputzek —eta arraza kategoriek— dakarten mehatxu bat. Alde horretatik, kontuz ibili behar dugu kontakizun batzuekin; adibidez, arrazistak diren polizia jakin batzuen ekintza puntualez hitz egitean; ez dago sagar ustelik: estatu arrazista bateko Polizia indar arrazista bat da.

Poliziek indarkeria erabiltzea ez da auzitan jartzen, oro har. Esan daiteke horrek haien jardun arrazista babestu egiten duela, nolabait ere?

Carmichaelek berak esan zuen askoz zailagoa dela arrazakeria mota hori geldiaraztea, gizartean sendotutako eta errespetatutako indarren bidez gauzatzen delako, eta, beraz, gaitzespen gutxiago jasotzen duela. Oro har, erakunde publikoetatik egiten den arrazakeria ez da hain esplizitua izaten —adibidez, arrazakeria sozialarekin alderatuta, tarteka bortxa fisikoa edo ahozkoa izaten baita—, eta ezkutatzen saiatzen da, ez baita politikoki zuzena esatea administrazio publikoa arrazista dela.

Ikertzen al dira polizien gehiegikeriak?

Batzuk, bai, eta beste batzuk, ez. Baina, gaur-gaurkoz behintzat, ikertzeak ez du ondorio desiragarririk izan, ez duelako ekarri erantzukizunak argitzea. Batez ere, guk arrazakeria instituzionaltzat duguna ez delako arrazakeriatzat hartzen instantzia juridikoetan; beraz, indarkeria ekintza bat iker daiteke, baina ez da arrazismo gisa izendatuko. Izan ere, zuzenbideak muga asko ditu zapalkuntza sistemen egiturazkotasuna ulertzeko: ekintza bakanak aztertzen ditu, eta, hortik abiatuta, oso zaila zaio kasu zehatz baten irakurketa politikoa egitea; auzibide batean ez dira mekanismo estrukturalak epaitzen. Adibidez: George Floyden hilketaren epaiketan, familiaren abokatuak berak esan zuen ez zeudela han Poliziaren erakundea epaitzeko, baizik eta gaizki jardun zuen polizia zehatz bat epaitzeko; pentsatzekoa da hala jokatu zuela bazekielako ezin zela saiatu erakundea auzitan jartzen, kausarik gabe geratuko litzatekeelako.

Etorkinak edo pertsona arrazializatuak mehatxu gisa ikusten dira gizarte arrazistetan: lapurtzat, bortxatzailetzat... Nola eraiki da arriskugarritasun iruditeria hori? Zer egiteko politiko du?

Ordena soziala zer den zehazteko, desordena espazioak behar dira. Kapitalismoa da gizartea gobernatzen duen egituretako bat: harekin dakartza mekanismo global batzuk —baliabide arpilatzeak, bortxazko lekualdatzeak...—, baina baita bizimodu jakin batzuk ere, jabetza pribatuaren defentsarekin lotuta, adibidez; beraz, horretara iristerik ez duten pertsonak arriskutsu bihurtzen dira, ordena kapitalista auzitan jartzen dutelako. Mehatxu hori izendatzeak erraztu egiten du politika batzuk legitimatu eta gauzatu ahal izatea, nahiz eta politikek sarri indarkeria eragin. Arriskugarritasunaren narratiba hori ez balego, ezingo litzateke halako neurririk ezarri konfrontazio sozial handiagoa eragin gabe.

Zer neurritan eraiki da arriskugarritasun hori maskulinitatearekin lotuta?

Maskulinitate arrazializatuaren inguruko eraikuntzek aktibatzen dute maiz arrazakeria instituzionala. Maskulinitate arrazializatua bereziki kriminalizatuta dago; horrek ohiko indarkeriaren fokutik ateratzen du gizon zuri heterosexuala, eta patriarkatuaren gaitzen erdigunean jartzen ditu moroak, ijitoak, latinoak, beltzak...

Zer ondorio du identifikatuak izateko beldurrak pertsona arrazializatuengan?

Eragina du hitz egiten duzun moduan, espazio publikoa erabiltzen duzun moduan... Eta, adibidez, mehatxu «terroristari» lotuta, musulman askori baldintzatu egiten die erlijioari buruzko adierazpidea: 14-15 urteko mutiko batek kostata esango du «Allahu akbar» eskolan, nahiz eta musulmanentzat oinarrizko adierazpena den, hori esatea bera mehatxu bihurtu delako. Arrazak gurutzatuta hazi den edozein pertsonak badaki arrisku gisa ikusten dutela, eta horren araberako estrategiak garatu ditu.

Hain justu, «mehatxu terrorista» argudio hartuta, Frantziako Gobernuak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko mugak itxi ditu pandemian. Zer funtzio dute halakoek?

Mehatxu gisa ulertzen dugun hori ere politikoki eraikia da. Bestela, etxerik ez edukitzea mehatxu larria litzateke, edo genero indarkeria edo arrazakeria bera; askoz pertsona gehiagok pairatzen dituzte bortizkeria horiek terrorismoa baino. Edonola ere, terroristen aurkako politika horiek badute funtzio makro bat ere: harreman geopolitiko eta ekonomiko batzuk iraunaraztea, lurralde batzuetako baliabideetan eskua sartzeko. Gainera, segurtasunaren inguruan ekonomia oso bat dago: mugen kontrolak diru asko mugitzen du. Eta hori guztia gorputz zehatz batzuen bizkar egiten da, haiek kriminalizatuz, atxikiz, aberrietara itzularaziz...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zitarik gabe txertatzeko gunea, Mutiloan (Nafarroa). ©IDOIA ZABALETA / FOKU

1.890 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Ion Orzaiz

Nafarroako Gobernuak ez du baztertu «neurri komunitario gehiago ezartzea», izurriaren bilakaeraren arabera

Arantxa Tapia Eusko Jaularitzako Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburua ©David Aguilar/ Efe

Ingurumen Administrazioaren Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Edurne Begiristain

EAJren eta PSE-EEren botoekin egin du aurrera legeak. Oposizioak aho batez arbuiatu du araua, eta bereziki kritikatu du EAJk eta PSE-EEk interes orokorreko proiektuak izendatzeko sortutako figura berria.

Zadorra ibaia, gainezka egina, artxiboko irudi batean. ©Juana Ruiz, FOKU

Ibaiek gainezka egin dute hainbat tokitan, eta uholde arriskuak kezka piztu du

Berria

Euriteen eraginez, Zadorra eta Cadagua ibaietako ura hainbat tokitan atera da bidetik, eta zirkulazioa nabarmen korapilatu da azken orduetan. Jaurlaritzak larrialdi egoeraren bigarren fasea ezarriko du eguerdian.

Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformaren agerraldia, gaur, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Elkarretaratzea deitu dute frankismoaren biktimentzako justizia galdegiteko

Unai Etxenausia

Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak biharko deitu du bilkura, Gasteizko epaitegien aurrean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.