Albistea entzun

«Kalitate demokratiko handiagoko politika» egin nahi du EAJk

Entzunez Eraiki prozesuaren ondorioak aurkeztu ditu. Klima larrialdiari, berdintasunari eta immigrazioari garrantzi berezia eman nahi die. Etorkizunari begirako hamar konpromiso hartu ditu EAJk
Ezkerrean, Andoni Ortuzar, atzo, Bilbon.
Ezkerrean, Andoni Ortuzar, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko abenduak 20

EAJk bukatutzat eman du Entzunez Eraiki izeneko prozesua, eta horren ondorioak aurkezteko egindako ekitaldi baten bidez jarri dio amaiera. Entzuketa aktiboko prozesu bat izan da, hamar bat hilabete iraun duena —otsailaren 19an egin zuten lehenengo bilkura, Gasteizen— eta horren helburua izan da «gizarteari entzutea» eta zenbait gairen inguruan aditu eta gizarte eragileen iritzi eta ekarpenak jasotzea. Horrekin «kalitate demokratiko handiagoko politika» egitea jarri dute jeltzaleek xede.

EAJk emandako datuen arabera, sakoneko elkarrizketak izan dituzte zenbait arlotako 50 aditu ingururekin, mila lagun baino gehiagok inkestak bete dituzte, hamar mintegi antolatu dituzte zazpi gairen inguruan, non berrehun pertsona baino gehiagok parte hartu duten, eta Euskal Herri osoko 1.500 bat alderdikidek ere ekarpena egin dute prozesuan.

Berrikuntza Politikoaren Arloko arduradun Xabier Barandiaranek eman du prozesuaren ondorioen berri. Esan duenez, horrelako prozesu bati ekin izana «garrantzitsua» izan da, baina hori bezain garrantzitsutzat jo du prozesutik ateratako ondorioak alderdiaren programan eta eguneroko jardueran txertatzea.

Alderdiari dagokionez, Barandiaranek esan du EAJ «alderdi serioa» dela eta «jendearen konfiantza bereganatzen» jakin duela, baina, hala ere, zenbait eginkizun jarri ditu etorkizunerako: alderdiaren barruan «pertsonak zaintzea», burokratizaziotik ihes egitea, «hurbilagoko irudia» ematea —«gorbata gutxiago eta elastiko gehiago», esan du— eta alderdiaren barne bizitza sendotzea.

Barandiaranek esan duenez, gizartean «aldaketa sakonak» gertatzen ari dira, eta beharrezkoa da «agenda politiko berria» aintzat hartzea. Batez ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, immigrazioa eta klima larrialdia aipatu ditu agenda politiko berri horren ezaugarri gisa. Lehenengoari dagokionez, esan du emakumeak politikaren lehenengo lerroan egotea «gehiago atzeratu ezin daitekeen zeregina» dela, eta immigrazioaren inguruan esan du beharrezkoa dela «alderdia pertsona migratzaileei irekitzea» eta «beste kultura batzuekin elkarrizketa» sustatzea.

Euskara ere aipatu du Barandiaranek. Esan duenez, prozesuan parte hartutako zenbait eragilek leporatu diete euskara EAJren «lehentasuna» ez izatea eta gehiago aritzea euskararen inguruan euskaraz baino: hori aldatzeko beharra nabarmendu du.

EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek «hitza hitz» esamoldea hartu du ahotan: «Prozesua abiatu genuenean hitzeman genuen ondorioak aurkeztuko genituela, eta hitza betetzen ari gara». Orain, Ortuzarrek hitza eman du berriro, prozesuaren ondorioz hartutako konpromisoak bete egingo dituztela ziurtatzeko.

Elkartearen ibilbidea

Konpromiso horiekin osatutako dekalogoa aurkeztu du Ortuzarrek. «Demokrazian sakontzea eta indartzea»; EAJren barne bizitza aktibatzea; harremanak areagotzea gizarte antolatuarekin; «kontakizun osoago bat» sustatzea «herritarrak Euskadirekin eta eraikuntza nazionaleko proiektuarekin» hobeto identifika daitezen; euskararentzat «garai berri bat» irekitzea; genero berdintasuna, aniztasuna eta iraunkortasuna bultzatzea; garapen ekonomikorako eredu propioa sustatzea, eta beste zenbait konpromiso agertzen dira EAJren dekalogo horretan.

Horien artean, bada bat Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari erreparatzen diena, hango «anai-arrebei». «Autokritika egiten dugu Euskal Autonomia Erkidegotik Nafarroa eta Iparraldeko gure anai-arreben arteko harremanean nagusitu den jarreragatik. Asko hitz egin dugu eta gutxi entzun dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bozkaleku bat Andexan, Gasteizen, joan den igandeko hauteskundeetan. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Botoa, trinkoago eta egonkorrago

Jon O. Urain

Bizkaia eta Gipuzkoa alderdi biko sistema baterantz hurbildu dira azken hamarkadan. Araban eta Nafarroan, boz batetik bestera gero eta gutxiago aldatu dira emaitzak

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Alde bakarrekoa da blokeoa; guk ez diogu PSNri betorik jarri»

Joxerra Senar

Bi aste eta erdi geratzen dira Iruñeko alkatea hautatzeko, eta Asiron saiatuko da PSNk jarrera alda dezan: «Merezi du saiatzea». Azken lau urteetako lana goratu du, eta «zakarrontzira» ez botatzeko eskatu du.

 ©BERRIA

Kontagailu bat itzali eta hamaika piztu

Iosu Alberdi

Datozen aste eta hilabeteetan bat egingo dute udalak, foru aldundiak, Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa osatzeko negoziazioek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...