Zaballako presoa aurrez bere buruaz beste egiten saiatu zela salatu dute

Ez zegoen prebentzio programan sartuta. Familiak eskertu egin du komunitate islamikoaren babesa

Zaballako kartzela, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Astearte goizean aurkitu zuten hilda Malek, Zaballako espetxean (Araba). 22 urteko gizon gazteak gutxienez lau egun zeramatzan bakartze ziegan, telefono batekin harrapatu baitzuten. «Autopsian jartzen du bere buruaz beste egin duela», argi utzi du Zuriñe Rodriguez senideak. Duela hilabete inguru ere saiatu zen, baina Malek ez zegoen suizidioari aurre hartzeko programaren barruan. Protokolo horren arabera, langile batek hautematen badu espetxeratu batek bere buruaz beste egiteko arriskua duela, berehala jakinarazi behar du. «Espetxeko langileek diote ez zutela ezer detektatu; nik, ordea, zantzuak argi eta garbi ikusi nituen bisita batean: markak zituen gorputzean, biziki triste zegoen, eta droga kontsumoak izugarri egin zuen gora azken boladan». Hori dela eta, Rodriguezek zalantzan jarri du protokoloen eraginkortasuna.

Espetxetik deia jaso eta hogei minutura, albistea prentsan zegoen: «Malek hilda zegoela eta autopsia egin behar ziotela esan ziguten, gehiagorik ez; prentsan erantzunak bilatu behar izatea kolpe handia izan da familiarentzat». Goizean bertan Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailera jo zuten. «Guk deitu genuen, eta ez Justiziak guri; familiarentzat psikologoak, arabierako itzultzaileak eta kartzelarako bisita eskatu genituen». Izan ere, amak ezin izan zuen inoiz semea kartzelan ikusi. «Malek Aljerian jaio zen, baina 14 urterekin heldu zen Euskal Herrira, bakarrik». Familia Europako beste herrialde batean bizi da, eta asteartean bertan egin zuen bidaia Gasteizera.

Rodriguezek aitortu du une oro «hitz politak» jaso dituztela, baina arazoak ere izan dituzte. Esaterako, gorpua beilatokira eramatea lortu zuten atzo; Malek musulmana zenez, gelako elementu kristauak kentzeko eskatu zuten, baina hilkutxan gurutze bat jarri zioten: «Jendearentzat tontakeria bat izango da, baina iraingarria eta mingarria da».

Gastuak kudeatzeko ere «negoziazioetan» ibili dira. Jaurlaritzak 5.000 euroko diru laguntza eman die, baina horrekin ezin dute ezta beilatokiko gastua ere ordaindu: 7.000 euro. Falta den kopuruari aurre egiteko, hiriko meskitek eta hainbat ile apaindegik dirua jartzeko deia egin dute. Rodriguezek «asko» eskertu du.

«Porrot instituzionala»

Gorpua Aljeriara aberriratzeko kostua ere komunitate islamikoaren fundazio batek hartuko du bere gain, baina elkarteak beilatoki jakin batzuekin soilik egiten du lan: «Gorpua beilatokiz aldatzeko baimenaren zain gaude». Halere, amaren hegaldia pagatu behar dute, eta hilkutxa Aljerretik Oranera eramateko bidaia ere bai.

Rodriguezen arabera, Malekena «porrot instituzionalaren profila» da. «Etorkin-adingabe etiketa duten gazteen profil ohikoa da. Herritik atera zen, han ez zuelako etorkizunik. Hemen, zentrotik zentrora ibili zen, eta 18 urterekin kale gorrian geratu zen. Horrek bizitza zaildu zion. Gero, egin behar ez zituen gauzak egin, eta kartzelan bukatu zuen. Hori porrot instituzionalaren profila da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.