Koronabirusa

Atzeraldia izan daitekeela onartuta, EBk «malgutasun osoa» agindu du

Burtsek uste dute EBZ motz geratu dela, eta haietako askok inoizko egunik okerrena izan dute

Osasun langile bat, babesteko jantziak janzten, Genoan. LUCA ZENNARO / EFE.
Iker Aranburu.
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ahaztuta geratu dira koronabirusaren krisiak egoera ekonomikoari kalte txikia egingo ziola iragartzen zen garaiak. Pandemia zabaltzeak eta hura geratzeko estatu kide guztiak hartzen ari diren neurri bortitzek goitik behera aldatu dituzte iragarpenak. «Hazkundea erori egingo da, eta, ziur aski, negatiboa izango da aurten», adierazi du Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza Gaietarako zuzendariak, Maarten Verweyk. Egoera latza ikusita, gastu publikoa mugatzeko duten arauetan «malgutasun osoa» emateko prest dagoela iragarri du Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko lehendakariordeak. Larri dabiltzan enpresei laguntza publikoak emateko aukera ere mahai gainean dago.

Otsailean, Europako Batzordeak kalkulatu zuen eurogunea aurten %1,2 haziko zela, eta EB osoa, berriz, %1,4. Udaberriko aurreikuspenak maiatzean zen ematekoa Brusela, baina aurreratu du %1 uzkurtu daitekeela BPGa aurten. 2021erako, «berreskura dezake, baina ez osoki».

Lehen kolpea aire konpainiek hartu dute, milaka hegaldi bertan behera geratu baitira, eta bigarrena ostalaritza hartzen ari da, lehenik oporretarako plan asko bertan behera geratuko direlako, eta bigarrenik tabernak, jatetxeak eta hotelak ixteko aginduak ematen ari direlako herrialde eta eskualde batzuetan. Industrian, eragina polikiago ari da antzematen, baina hasi da eskarien jaitsiera, eta hornikuntza kate globala hausten ari da enpresa askorentzat.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak onartu zuen atzo «shock handia» jasaten ari dela EBko ekonomia. Horregatik, iragarri zuen 37.000 milioi euroraino handitu duela birusaren kalteei erantzuteko funtsa. Edonola ere, Bruselak uste du estatu kideen esku dagoela neurri handienak hartzea. Astelehenean biltzekoa da eurotaldea, eta «erantzun indartsua» emango dutela iragarri du Mario Centeno talde horretako buruak. «Esku artean duguna osasun krisi bat da oraindik, baina arduragabekeria handia izango litzateke egoera hondatzen uztea konfiantza eta finantza krisi bat bilakatzeraino», esan du.

Alemaniaren 'bazuka'

Ekonomiari laguntzeko neurriak hartu dituztenen artean Alemania bera dago. Olaf Scholz Finantza ministroak iragarri du nahi beste diru utziko diela arazoak dituzten enpresei, KfW banku publikoaren bitartez. «Hau da gure bazuka, eta egin behar dugun guztia egiteko erabiliko dugu», azaldu du Scholzek.

Azken urteetan, Alemaniak zorrotz bete du defizita zero izateko bere buruari ezarritako politika—superabita izan du 2014az geroztik—, «eta, horri esker, gure finantza publikoak oso osasun onean daude, eta adibide bat dira munduarentzat». Baina krisiari aurre egin beharrak politika hori uztera behar dezakeela aitortu du Scholzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.