Aljeriako eta Errusiako gas gutxiago ari da iristen gasbideetatik Europara

Iragarritakoa bete, eta Aljeriak itxi egin du Maroko zeharkatuz Iberiar penintsula hornitzen duen gasbidea. Ukrainak dio herrialdea igarotzen duten gasbideetan gutxiago ari dela ponpatzen Gazprom

Gazpromen logoa, gas monopolioaren Moskuko egoitzan. MAXIM SHIPENKOV / EFE.
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Azaroarekin are gehiago apaldu da gasbideetatik Europara iristen den gas naturalaren hornidura. Gasaren eta argindarraren prezioak errekorretan daudela, eta neguari begira gas erreserbak osatzeko premia gero eta handiagoa dela, kontinentearen alde banatan izan dira murrizketak. Batetik, Aljeriak iragarritakoa bete du, eta Maroko zeharkatuz Iberiar penintsulara doan Magreb-Europa gasbidea itxi du. Eta, bestetik, Ukrainak salatu du herrialdea zeharkatzen duten gasbideetan urrian baino gas gutxiago ari dela ponpatzen Errusia.

Hala ere, gasak Europan azken egunetan merkatuetan markatutako prezioei begira —goian oraindik, baina errekorretatik azpira—, esan daiteke azken murrizketek ez dutela antsietaterik hauspotu energia merkatuetan. Seinale merkatu horiek uste dutela bi gertakarien egiazko inpaktua ez dela hainbesterainokoa izango.

Aljeriak ziurtatu du Magreb-Europa gasbidea ixtearekin ez dela gutxituko Iberiar penintsularako gas hornidura; besteak beste, Medgaz gasbidea baliatuko duelako. Gas gehiago garraiatuko du Aljeriatik Alboran itsasoa zeharkatuz zuzenean Almeriara (Espainia) iristen den gasbide horrek; eta Aljeriatik gasontzi bitartez ere iritsiko da gasa penintsulara, GNL gas natural likidotu eran.

Espainian, lasaitasun mezua eman du Enagasek. Herrialdera dagoeneko iaz baino %65 GNL gehiago iritsi da, eta lurrazpiko gas biltegiak %85ean daude beteta; hots, Espainiaren gas erreserben maila hobea da Europako beste herrialde batzuena baino.

Marokok berak ere garrantzia kendu dio Magreb-Europa gasbidearen itxierari, esanez ez duela «eragin antzemangarririk» izango. Baina, gasbidea itxita, eta 25 urteko kontratua amaituta, Marokori bere argindarraren %10 ekoizteko erabiltzen zuen gasa faltako zaio, baita gasbideagatik urtero jasotzen zituen 200 milioi dolarrak ere (172 milioi euro inguru). Ikusi beharko da Aljeriak noraino estutu nahi duen Maroko.

Ukraina

Estututa Ukraina dago, Errusiarekin. Kezka nagusia Nord Stream 2 du Ukrainak. Gasbide hori gasa zuzenean Errusiatik Alemaniara (itsaso azpitik) eramateko egin da. Horrekin, Errusiak ez du Ukrainako gasbideekin horrenbesteko menpekotasunik izango bere gas esportazioetarako; eta Ukraina posizio ahulagoan geldituko da Errusiarekin duen gatazkan.

Baina Nord Stream 2 gasbideak ez du oraindik Alemaniaren baimenik gasa garraiatzen hasteko. Zenbait analistaren arabera, baimen hori baldintza dezakete Alemanian gobernua osatzeko abian dauden negoziazioek ere. Eta, beraz, Errusiak izango luke arrazoirik presio egiteko, adibidez, Europarako gas hornidura erabiliz.

Ukrainaren arabera, orain herrialdea igarotzen duten gasbideetara gas gutxiago ponpatzen hasi da Errusia. Gasbide horietatik egunean 109 milioi metro kubo gas garraiatzeko pagatzen du Gazprom Errusiako monopolioak, baina urrian, egunean batez beste 86 milioi metro kubo ponpatu zituen, eta atzo, 57 milioi.

Murrizketak murrizketa, hala ere, badirudi merkatuek Vladimir Putini sinetsi diotela. Iragan astean, Errusiako presidenteak esan zuen Gazpromi agindua eman diola, behin Errusiako erreserbak hornituta, azaroaren 7an edo 8an Alemaniako eta Austriako biltegiak betetzen hasteko. Berehala jaitsi zen gasaren prezioa Europan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.