Albistea entzun

Nuria Perpinya. Ripolleko Gizarte Ongizateko teknikaria

«Bizikidetza errotik landu nahi dugu, ez soilik migratzaileekin»

Ripollen bizi ziren hamabi pertsonari leporatu diete Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuak egin izana. Ordutik, herrian martxan jarri dute bizikidetza plan bat, biztanle guztien integrazioa bermatzea helburu duena.

Itxaso Orbegozo Borda -

2018ko abuztuak 18

Gironako Ripoll herrian bizi ziren Bartzelonan eta Cambrilsen atentatuak egin zituzten gazteak. Poliziaren arabera, Abdelbaki Es Satty Ripolleko imama zuten lider. Atentatuak prestatzeko bonbak egiten ari zirela leherketa bat gertatu, eta bertan hil zen imama. Ripollen harridura nagusitu zen, ustez «behar bezala gizarteratutako» gazteak baitziren erasotzaileak. Ordutik, elkarbizitza plan bat jarri dute martxan Ripolleko Gizarte Ongizateko partzuergoan, eta horko teknikaria da Nuria Perpinya.

Bizikidetza plana martxan jartzeko ideia atentatuak gertatu eta berehala sortu al zen? Nola izan zen prozesua?

Ez, egitasmoa ez zuen sortu Ripolleko Gizarte Ongizateko partzuergoak, ez eta udaletxeak ere. Kataluniako Gobernuak eskaera egin zigun ea plan bat martxan jartzea posible izango genuen galdetzeko, eta elkarbizitza eredu berri baten apustua egitea proposatu ziguten.

Beraz, plana ez da herrian bertan sortu.

Ez, erakundeetatik eratorritako proiektu bat da; ez da oinarritzen herri ekinaldi batean. Hala ere, herrian sortu dira ekimen batzuk elkarbizitza lantzeko, baina bizikidetza plana Ripollen sortu eta beste herrietara zabaltzeko asmo handiko plan bat da. Alde horretatik, erakundeek eta Kataluniako Gobernuak kudeatu behar dute.

Zer-nolako egitasmoak egin dituzue orain arte?

Orain arte diagnostiko bat egiten aritu gara, eta, aldi berean, ikerketa lan zabal bat egin dugu. Izan ere, plan honetan lanean gabiltzan gehienok ez ditugu inoiz landu erradikalizazio gaiak, eta, beraz, saiakera eta hutsegiteak eginez ari gara ikasten. Probak egiten ari gara. Informazioa biltzen aritu gara, eta gaian adituak direnen prentsaurrekoetan izan gara; elkarbizitzaren inguruko ekintzetan parte hartu dugu, eta beste leku batzuetan martxan dauzkaten planak aztertu ditugu. Hala ere, plan hau luzerako egitasmo bat da. Urte honetan ekintza ugari egin ditugu, eta herriak oso ongi erantzun dio bati: Hamabi hilabete, hamabi herrialde egitasmoari, hain zuzen. Hilabetero ekintzak egiten ditugu herrialde baten inguruan, institutuan jarduera batzuk esaterako, edo ekintza gastronomikoak... horiek partzuergotik zuzendu ditugu. Oro har, hiru helburu nagusi ditugu: laguntza psikologiko eta emozionala eskaintzea atentatuen ondorioz behar hori dutenei, analisi sakon bat egitea gazteengan eragina duten faktoreak identifikatzeko, eta aurreiritziak amaitzea. Hala ere, garrantzitsuena ez da zer egin dugun, baizik jakitea nola iritsi ziren horren gizarteratuta zeuden gazte haiek erradikalizazio horretara.

Zenbat langileren artean daramazue aurrera proiektua?

Hiru talde ari gara lanean. Talde politiko bat dago, proiektuaren norabidea markatzen duena. Ondoren, beste aholkularitza talde bat ere badago; horiek bilerak egiten dituzte, eta kargu politiko nahiko garrantzitsuak dituzten pertsona batzuek osatzen dute. Lan egiteko moduan jartzen dute arreta, eta teknikarioi jarraitu beharreko gidalerroak erakusten dizkigute, talde politikoak ezarritako bideari jarraikiz. Azkenik, elkarbizitza teknikariak gaude, heziketa, kultura eta gazteak, gizarte zerbitzuetan lanean dihardugu gehienok, eta udalak zuzentzen du gure lana. Udaleko ordezkari batzuek gurekin lan egiten dute, harremanak ezarriz teknikarion artean. Azken talde hori da eragingarriena, dinamikak lantzen baititugu elkarte eta erakundeekin. Lan guztiak aurrera eramateko partzuergoan langile gehiago gaude, gutxi batzuk gehiago bakarrik. Gehienok betiko lanak egiten jarraitu dugu, eta proiektua aurrera atera dugu ia langile kopuru berarekin.

Herritarrek nola erantzun diete jarduerei?

Herrian ez da ondorio negatiborik izan. Gertatua gertatu bazen ere, herriak lehen bezala jarraitu du. Hala ere, zenbaitengan sumatu ditugu ikuspegi xenofobo eta arrazistak: lehen esatera ausartuko ez liratekeen aipamenak egiten dituzte batzuek lasai asko. Herrian, baina, ez dugu sumatu aldaketa ikusgarririk. Ez da pintadarik agertu hormetan, ez bestelako arazorik duela urtebete baino lehen gertatuko ez zenik. Beti egon izan diren arazoek hor jarraitzen dute, baina ez dira arazo berriak sortu, nolabait. Lan guztiek balio dute; lanik txikienak ere balio handia du. Ekitaldi bat egin eta lehen inor ez bazen agertzen, eta orain hogei pertsona agertzen badira, ongi etorriak izango dira aldaketa txiki horiek. Gu pozik gaude; orain sumarioa atera bada ere, guk lanean jarraituko dugu gure helburua lortzeko. Bizikidetza errotik landu nahi dugu, ez soilik migratzaileen kasuan; gure planak generoaren alorra ere lantzen du. Ez dugu kolektibo jakin batera mugatu proiektua.

Zer egitasmo jarriko dituzue martxan epe motzean?

Orain arte egin duguna eta egiten ari garena berria da erabat. Orain arte egin ditugun dinamikak Bartzelonako kongresuetara ere zabaldu dira; elkarbizitza lantzeko, ikuspuntu emozional batetik lantzen dugu gaia, ez horrenbeste ikuspuntu arrazional batetik. Hori behar du, hain justu, gizarteak: besteen lekuan jartzen ikasi. Enpatia garatu behar da.

Generalitateak asmoa du zuen plana Katalunia osora zabaltzeko.

Bai, hori epe luzera izango da. Inurrien lana bezalakoa da; apurka-apurka eta pausoz pauso ari gara lanean. Ez daukagu aurrekaririk eredu gisa hartzeko, ez eta egia absoluturik ere. Pixkanaka goaz: ez daukagu epemugarik. Ikusten dugu zerk funtzionatzen duen hobeto, eta zerk ez duen funtzionatzen. Denborak erakusten du bidea, eta, gizakiak garenez, huts egiten dugu sarri. Horrela ikasten da.

Prestatu al duzue ekitaldi berezirik atentatuen lehenengo urteurrenerako?

Ostegunean egin genuen zerbait. Guk ez dugu biktimen aldeko ekintzarik antolatu, ez eta gisa horretako omenaldirik ere. Hala ere, doako autobusak jarri zituen udalak Bartzelonan antolatu zituzten omenaldietara joateko, norbaitek hala nahi izanez gero. Gure lana, ordea, beste bat da; guk elkarbizitza landu behar dugu, eta, horregatik, tailerrak egin ditugu gaia lantzeko. Bideogintza tailerra jarri genuen martxan, bakoitzak elkarbizitzari nola lagun diezaiokeen azaltzeko. Herriko plazan dagoen olibondoan jendeak elkarbizitzari lotutako desirak zintzilikatzeko aukera egon zen, eta joko moduko batzuk egin genituen; adibidez, teknikariok esaldi bat irakurri, eta jendeak erabaki behar du bi aukera izanda zer aldetan kokatzen duen bere burua. Denentzat irekitako jardunaldiak dira, ez soilik bertakoen eta marokoarren arteko harremanak lantzeko: homosexualak, desgaitasunen bat dutenak, emakumeak, atzerritarrak... bizikidetza planak denok biltzen gaitu.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Zero COVID neurrien aurkako manifestariak, bart, Pekinen. ©MARK R. CRISTINO / EFE

Milaka lagun kalera irten dira Txinan, Zero COVID politiken aurkako protestetan

Paulo Ostolaza

Herrialdeko hiri nagusietan izan dira protestak, tartean, Pekin hiriburuan. Urumqi hiriko sute batean hamar lagun hil izanak leherrarazi ditu manifestazioak.

Gerald Darmanin Frantziak Barne eta Itsasoz Haraindiko ministroa —irudiaren erdian—, gaur, Noumean, bilkura batean ©@GDarmanin

Darmaninek «elkarrizketei berriz ekitea» jarri du helburutzat Kaledonia Berrian

Ander Perez Zala

Urtebetean baino gehiagoan lehen aldiz, independentistek baiezkoa eman diote negoziazioetan parte hartzeari.

Peruko presidente Pedro Castillo (erdian), Ministroen Kontseilua berritu ostea, joan den ostiralean, Liman. ©EFE

Peruko Botere Judizialak Castillori eskatu dio estatuko erakundeak bilera batera dei ditzala, adostasuna lortzeko

Mikel O. Iribar

Gobernuaren eta Kongresuaren arteko tentsioa areagotu egin da azken egunotan; ganberak ezezkoa eman dio presidentearen konfiantza mozioari, eta Ministroen Kontseilua berritu behar izan dute.

Irango emakumeen aldeko protesta, Istanbulen (Turkia), iragan larunbatean. ©EFE / Erdem Sahin

Iranek ez du NBErekin kooperatuko protestetako errepresioa ikertzeko

Maddi Iztueta Olano

NBEk misio independente bat sortu du mobilizazioen aurkako errepresioa ikertzeko. Mahsa Aminiren hilketaren aurkako manifestazioetan 300 lagundik gora hil dituzte, eta 15.000 herritar atxilotu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...