ANALISIA

24.000 milioi euro nola berreskuratu

Iker Aranburu.
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Norbaitek oraindikuste bazuen Bankia Espainiako banku publiko baten ernamuina izango zela, amets horretatik esnatuko zen atzo goizean. Ez, Bankia ez da banku publiko bat izango, baizik eta bultzada publikoa izan baina banku pribatu arrunt bat bilakatu den erakunde baten adar bat izango da; eta hartan urtuko da, Nafarroako kutxa urtu zen moduan. Banku publiko bat egitea ez baitzen inoiz izan Espainiako Gobernuakjarritako kudeatzaileen asmoa, eta, horregatik, Bankiaren azken urteotako jokabidea beste bankuenaren parekoa izan da.

Bankia, ezer baino gehiago, iraganeko hutsegiteak gogorarazten zituen buruko min garesti bat izan da, kontrol publiko eskasak eta buruzagi askoren arduragabekeriak gogorarazten zituena.

Berez, Espainiako Estatuak oraindik Bankiaren %62 badu, hori da parte hartze horrek gutxi balio duelako. Eta orain salmentaz kexu diren asko berdin kexatuko zirelako —arrazoiarekin, gainera— Estatuak bere zatia merke-zurrean saldu izan balu. Orain, Bankian dituen akzioek 2.000 milioi euro balio dute. Merkeago egon izan dira, eta bankuak burtsan nola doazen ikusita, ez zuten balioa hartzeko itxurarik.

Diru asko da hori? Ez, kontuan hartuta estatuak 22.424 milioi euro jarri zituela Bankia salbatzeko, eta beste 1.645 milioi Bankiak irentsitako BMNn. 24.000 milioi horietatik euro bakar bat ere bueltan jasotzeko ez da gai izan FROB funts publikoa azken zortzi urteotan. Caixa indartsuagoaren %14 inguru geratuko zaio orain FROBi, eta hori salduta gehiago lortuko duela ulertarazi nahi du operazioa baimenduta.

Gustura izango da bankuen begiralea, Europako Banku Zentrala, fusioak eskatzen aritu baita azken urteetan, nahiz eta hori kontraesanean dagoen finantza krisiaren irakaspenetako batekin: banku handiegiak sortzea arazo bat da, haiek hondoratzea oso arriskutsua delako, eta salbatzea, berriz, izugarri garestia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.