Hilaren 26an greba mugagabea hasiko dute Huerta de Peraltan

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peralta enpresako langileak greba mugagabera deitu dituzte abenduaren 26tik aurrera. Mobilizazio horrekin zuzendaritzaren jarrera aldarazi nahi dute langileek, eta, azken protesten ondoren, kaleratutako lau behargin berriro har ditzaten indar egin. Nekazaritza alorreko enpresa da Huerta de Peralta, eta 130 langile inguru ditu, horietako gehienak migratzaileak.

Urtebete inguru da langileak antolatzen hasi zirenetik plantan. El-Houssine Yagoubi langile batzordeko presidenteak Nafarroako Hitza-n azaldu zuenez, iaz erabaki zuten enpresa sindikalizatzea, «eskubiderik gabeko langileak» zirelako. Hauteskundeak egin zituzten, eta LABek irabazi zituen, bederatzi ordezkarietatik sei eskuratuz. Bi ordezkari lortu zituen CCOOk, eta bakarra UGTk.

LABek atzo kaleratu zuen ohar bat, eta, haren arabera, sindikatuak enpresan sartu zirenetik lan baldintzak asko hobetu dira: aldi baterako kontratu asko kontratu mugagabe bilakatu dira, esaterako; ordu arte betetzen ez zen hitzarmen bat betetzen hasi dira; lanorduetan hobekuntzak izan dituzte, eta baita soldatetan ere. «Baina, dirudienez, horrek guztiak enpresako zuzendaritzaren mendeku gosea piztu du, eta orain errepresio bidea erabiltzen ari da langileen aurka», dio sindikatuak.

Enpresaren jarrera hori salatzeko lanuztea egin zuten, azaroaren 12an, Huerta de Peraltako langileen %80k. Grebaren ondoren, «enpresak diziplina araudiaren erabilera arindu» eta sindikatua negoziazio mahaira deitu zuen. Kaleratutako langileak berriro onartzeko negoziazioetan hasi ziren orduan. Baina bilera batzuen ondoren, ez dute aurrerapauso berririk lortu, eta, horregatik, greba mugagabea hasiko dute langileek, hilaren 26tik aurrera, LAB sindikatuak jakinarazi zuenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.