Albistea entzun

Plaza, gela eta erresistentzia eskola

Laurehun lagunetik gora bizi dira Atenasko City Plaza hotel okupatuan. Han, emakume migratzaile eta Mendebaldeko askok elkarren ondoan borrokatzen ikasi dute, bestelako harrera eredu baten alde.
Alaa errefuxiatu irakiarra, City Plaza hoteleko bere gelan.
Alaa errefuxiatu irakiarra, City Plaza hoteleko bere gelan. JAVI JULIO Tamaina handiagoan ikusi

Daniel Rivas Pacheco -

2018ko uztailak 15 - Atenas

Haurren poz oihuak entzuten dira City Plaza hotelean, eta bitxia da hori. Jolasean dabiltza eraikin okupatu horretako zazpi solairuetako eskaileretan eta korridoreetan, eta anomalia bat da hori; izan ere, migratzaileen egunerokoak ez ohi du horrelako soinurik egiten Grezian.

Horren kontrakarrean, Egeo itsasoko uharteetan dauden errefuxiatu esparruak: han egon ziren Europan eman zituzten lehen egunetan. «Moria [Lesbos] oso leku txarra zen. 27 egunez egon nintzen han, eta borrokak zeuden beti; poliziek ez zuten ezer egiten», azaldu du 29 urteko emakume irakiar batek, Alaa Alogaidik, City Plazako lehen solairuan bizi da.

Haren ateaz bestaldean, umeak bizi diren etxe bateko zurrumurrua aditzen da; korridore beraren amaieran dago Karima emakume irandarraren gela. Karima eta haren bi semeak izan ziren Atenasko etxe okupatu honetako lehen biztanleak. Ellinikonen —Atenasko aireportu zaharrean— dagoen errefuxiatuentzako esparrutik etorri ziren, segurtasun eta higiene bila: «Lehen, bizkarra hormaren kontra genuela egiten genuen lo, beldur baikinen norbaitek semeak bahituko ote zizkidan, ala lapurretan egingo. Horrela eserita, denok ikusten genuen elkar», nabarmendu du amak.

Orain, Karima eta haren bi semeak —11 eta 5 urte dituzte— hoteleko gela txiki batean bizi dira; Alaak beste emakume batekin partekatzen du gela.

Gainerako sei solairuetan beste 400 bat lagun bizi dira, migratzaileak eta nazioarteko zein Greziako boluntarioak. Gelez gain, emakumeentzako leku bat dago , eskolak emateko beste bat eta haurrek denbora pasatzeko beste bat.

City Plaza hotelak zazpi urte itxita zeramatzala, inguruko talde solidario batek okupatu zuen, eta aterpetxe bat ezarri, horizontala eta batzarren bidezkoa. Gaur egun, hamasei jatorritako jendea dago aterpetuta dorre beix horretan. Joan den apirilean ospatu zuten okupazioaren bigarren urteurrena.

Komunitatean bizitzen

Hala, City Plazako bizilagun berriek komunitatean bizitzeko proiektu bati ekin zioten, laguntza humanitarioaren hartzaile soil izateari utzita. Ireki ondoren, «hamar edo hamabi familia sartzen ziren egunero», Karimak dioenez; «bi egun pasatu genituen sukaldea txukuntzen eta iritsi berriei gelak prestatzen laguntzen», azaldu du.

«Eta arauak behar genituen», gaineratu du Karimak. Horregatik, txandak ezarri zituzten garbiketarako, bai eta sukalderako eta janaria banatzeko ere. Norbaitek ez badu betetzen bere egitekoa, bota egiten dute etxe okupatutik.

Agiri bat ematen diote City Plazara iristen den orori, oinarrizko arauen berri izan dezan: drogak eta alkohola debekatuta daude, bai eta hotelean trafikatzaileak egotea ere, eta ez da onartzen indarkeriarik. Erabakiak «ez dira indibidualak, kolektiboarenak baizik»; halaxe azaldu du Greziako boluntario batek, Elenik, zeinak urtebete baitarama hotelean bizitzen.

Era horretan, biltzar irekiak antolatzen dituzte, eta bizilagun guztiek dute aukera iritzia eta botoa emateko. Irango Karimari dinamika hori azaldu ziotenean, sentitu zuen «argi bat» piztu zitzaiola burmuinean. «Hemen dena dago nire esku», azaldu du.

Esaterako, Elenik zehaztu duenez, bizitzera nor sartuko den erabakitzeko, «kasuak banaka aztertzen dira, eta gero harrera batzarrak erabakitzen du». Eskaera gehiago daude gela libreak baino, eta saiatzen dira oreka lortzen jatorri batekoen eta bestekoen artean, familien eta bakarrik datozenen artean, eta abar.

Karima senarrarekin eta bi semeekin etorri zen Irandik. Elkarrekin sartu ziren Europara lehen aldiz, Kios uhartean (Egeo itsasoa), 2016an. Hilabeteak eman ondoren Ellinikoneko esparruan pilatuta, senarrak Karimari eskatu zion Iranera itzul zitezela. «Esan zidan gure herrian ez genuela arazo handirik. Baina harentzat zen hori; han, haren baimenik gabe, ni ezin nintzen etxetik atera ikastera, lanera edo norbaitekin hitz egitera», azaldu du. «Orain, aske naiz».

Gelan, haren 11 urteko seme Erfan greziera ikasten ari da boluntario batekin. Haren anaia Imamek 5 urte ditu, eta jolasean ari da korridorean beste neska-mutiko batzuekin. Emakumea eta semeak bakarrik daude lehen solairuan; senarra falta da, aita.

«Grezian, guztiok pentsatzen dugu nola alde egin: lo egiten dugu, esnatzen gara, eta hemen gaude oraindik. Eta geure buruaz errukitzen gara», adierazi du amak. Baina hark Atenasen geratzea erabaki zuen: ingelesa ikasi zuen, eta orain MSF Mugarik Gabeko Medikuak erakundean egiten du lan, interprete. «Eta senarra Alemaniara bidali nuen», azaldu du; «orain, hura gabe, badut gauza hoberik bizitzan».

Lehen solairuko korridorearen bestaldera itzulita, Alaak azaldu du bakarrik etorri zela Iraketik, eta City Plaza hotelean aurkitu zuela ihes egitean bila zebilen segurtasuna. Hura ere ingelesa ikasten ari da, Irlandako boluntario batek lagunduta. Garai batean, Greziako administrazioak harrera etxe bat utzi zion, baina Alaak uko egin zion: «City-a da nire etxea; beti dago norekin hitz egin, nori lagundu».

Ziurgabetasuna

Greziara itzuli eta City Plazan bizitzen hasi aurretik, Elenik zazpi urte eman zituen Ingalaterran. Errefuxiatuekin egiten zuen lan, eta Internet bidez izaten zuen bere herrialdeko migratzaileen berri. Lagundu egin nahi zuenez, hoteleko harrerara joan zen, eta jendea gela eske ikusi zuen. «Guztiontzako etxe bat da hau», laburtu du Elenik; urtebete darama City Plazan bizitzen. Emakume migratzaileekin bizi izan den denbora honetan, asko erakutsi dio «emakumeen indar izugarriak». Era berean, etorkizunari adi dago: «Oso garrantzitsua da jakitea nor izan dezakezun aldamenean ihes egiteko garaian. Oso erraza da minutu batean bizitza pikutara joatea eta errefuxiatu bihurtzea».

Elenik aitortu du hotelean bizi diren 400dik gora lagunek ez dutela beren bizitzaren zati hau iraunkortzat hartzen. Beti beldur dira Greziako agintariek kanporatuko dituzten, edo neonazien taldeek eraso egingo ote dieten.

Etxe okupatua Exarkhia auzo anarkistatik kanpo dago; auzo horretan daude migranteak hartzen dituzten eraikin gehienak. Gainera, hoteletik kale gutxira Larissa tren geltokia dago, non zenbait eraso xenofobo izan baitira errefuxiatuen aurka.

Hala ere, zailtasunak zailtasun, zazpi solairuko eraikin horretako korridoreetan haurren jolasak eta helduen berriketa lasaiak aditzen dira oraindik ere. City Plaza hotela anomalia bat da Grezian. Elenik uste sendo bati eusten dio beldur oro uxatzeko: «Leku hau elkar babesteko tokia da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Vladimir Saldo (Kherson), Jevgeni Balitski (Zaporizhia), Vladimir Putin, Denis Puxilin (Donetsk) eta Leonid Pasetxnik (Luhansk), atzo, Kremlinen. ©GRIGORY SISOEV / EFE

Gerran jarraitzeko erabakiak

Igor Susaeta

Errusiak Ukrainan okupatutako lurrak anexionatzeko hitzarmenak sinatu ditu Putinek. Zelenskik iragarri du NATOn sartzeko eskaera egingo dutela, horretarako urgentziazko prozedura erabiliz
Bi manifestari, Espainiako Poliziaren aurrean, Bartzelonan, 2019ko urrian. ©ENRIC FONTCUBERTA / EFE

Berriz ausartu ez daitezen

Gorka Berasategi Otamend

Espainia milaka herritarri jazarri zaie Katalunian 2017ko erreferendumaz geroztik. Omniumen arabera, 4.200dik gora dira. Independentisten helburua da «errepresioa konpromiso bihurtzea».
Pere Aragones, Kataluniako Parlamentuan, lehen aldiz Jordi Puignero presidenteordea aldamenean izan gabe. ©EFE

Koalizio gobernuak jarraitzea «lehentasun bat» da Aragonesentzat

Mikel Elkoroberezibar Beloki

«Egoera konpontzeko garaia da», JxCren arabera. Aragonesek «ahalik eta azkarren» aritzeko eskatu dio JxCri politika orokorreko eztabaidan
 ©BERRIA

«Leku estrategikoa da Kurdistan, eta hori da haien madarikazioa»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Kurdistan «liztor habia berezi eta korapilatsua» da, eta, hango gatazka ulertarazi nahian, liburu bat idatzi du Urtzi Urrutikoetxeak: 'Kurdistan. Argi bat Ekialde Hurbilean'. «Utopia» ezagutzeko bide bat ere bada.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.