Egiazko plaza

Aran Erasun Urtzelaieta
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Zer gertatuko litzateke ikasketaren eremuetan gaitasunak ardatzean kokatuko bagenitu? Komunika zio gaitasunak, esaterako. Zer gertatuko litzateke haurrak (eta geure burua), jakinduria ezberdinen edukiontzitzat baino gehiago, izate jakintsutzat hartuko bagenitu (eta bagenu, geure burua)? Zer, ikasketa prozesuan «ongi» horiek lausotu eta egiteko zein adierazteko modu bakar, berezi eta propioei leku egingo bagenie?

Egun, honakoa esan diezazuke alaba nerabeak: «Ama, nik ezin dut». Eta zeure azalak ikusi dituzu ezin horretan, heldutasuna deitzen duten horretan murgiltzen zinela, banaka-banaka kendu behar izan dituzun azalak.

Ezina, jendaurrean (zuretzat jendaurrea hogei entzuletik gora dira, berarentzat hiru jendaurrea da) hitz egiteko ezina. Zure bizitzaren lehen bi hamarkadetan sabela zulatzen zizun ezina, beldur geraezina. Ezina, buruan soilik bizi, baina gorputzak irakurtzen dakiena. Mutu utzi izan zaituena, esateko hainbeste izanda ere.

Eta azala, jendaurrean hitz egin ahal izateko sortu duzuna. Sortu dituzunak. Sortzen direnak. Mutu ez geratzeko. Hiru edo hogeiren aurrean izanda ere, korrika ihes ez egiteko. Saiatu izan zenituen bestelako bideak ere: «Ez, nik ez dut horretarako ba- lio», «beste honek hobeto egiten du», «nik ez dakit»... Baina horiek huts egiten zutenean, aurre egiteko moduak topatu zenituen. Ala aurrerako ihesbideak? Azala(k) jantzita.

Eta zenbat azal. Ikasitakoaren azala, «ongi eta ez gaizki» egin nahi zenuelako, irakasle kuttunaren onespena ematen zizun modu hori topatu zenuelako. Gelan eredugarritzat zenuen mutil harro haren gorpuzkeraz egitea, egiteko modu bakarra zela uste zenuelako. Ongi egin beharraren azala, opaku eta zurruna, barrua ikusten utzi ez, eta mugimendua ere oztopatzen duena.

Eta zenbat beldur azaletan. Gaizki egitearen beldurra; besteen espektatibei (horiek gure buruan soilik bizi ba- dira ere) huts egiteko beldurra; onespen hori (bai, balio gehiago duten begi horiena) ez lortzeko beldurra; besteen «ongi» horren arabera ez adierazteko izua. Azaletik haragokoa amildegi bilakatzen duten beldurrak.

Baina nola joan zitzaizkizun sortzen geruza ikusezin bezain zurrun horiek? Bizitzaren ikasketan. Izan behar dena ikasten. Ez zu, izan behar dena baizik. Eskolan, irakaslearen oniritzi keinu bakoitzarekin; etxean, aitaren bizkar-kolpe bakoitzarekin, amaren laztan bakoitzarekin, haserrealdi bakoitzarekin; patioan, kalean, lagun minaren onespen begiradarekin. Ongi eta gaizki esateko modu asko baitago, lehen eta orain.

Eta beldur horien elikagai diren epaiketa iraunkorrak murriztuko bagenitu? Agian, ikasketa aktiboa ongarrituko genuke. Edgar Dalen konoaren arabera, %90 esaten eta egiten dugunean ikasten badugu eta soilik %10 irakurtzen edo % 20 entzuten, zer da ikasgela eta ikasketa eremuetan nagusitzen dena? Zenbat denbora eta baliabide eskaintzen diogu ikasleek irakurri eta entzun beharko dituzten eduki horiei, eta zenbat ikasleak berak protagonista eta subjektu dituzten bideei?

Apika, komunikazio gaitasunei plaza iraunkorrak ezartzeak autonomia pertsonalerako bidea ere elika lezake. Ulertzen duguna adieraztean, geure aho eta gorputzetik ateratzen den hori besteen aurrera erakusteko egituratzean geure egiten ditugu jaso ditugun eduki, ezagutza, jakintza horiek. Horra iristeko behatu, aztertu, diseinatu eta sortu egin behar baitugu. Eta geure modura esango ditugu, edozein kasu.

Modu hori elkarbanatzean gertatzen denak zerikusi handia du aitortzarekin, norbere zein inguruaren aitortzarekin. Eta aitortza horretan egosten da konfiantza, jendaurreko adierazpenen plazan geure lekuari eusteko eta eraginkortasunez komunikatu ahal izateko hain beharrezkoa dugun hori. Gure lurra. Konfiantzarik ezean, oin azpian mugitzen sumatzen dugun lur biguna. Aitortzak, ordea, testuinguru propioak eskatzen ditu, «ongi» eta «gaizki» epaiketa iraunkorretik urrun daudenak. Norberetik sortzen denak lekua izango duten horiek. Izateko baimena eskatzen du, entzuna izatea.

Beharbada, aske pentsatzeko bidea ere lagunduko du. Irakurri eta entzun duguna geure egin eta adierazteko saiakeran gaudenean, sortu egiten dugu, ikasteko geure traza topatzen dugu. Izan ere, berrikuntzarako gaitasuna geure-geure dugu, kimatzen ez dugun artean. «Gaizki» dioen keinu bakoitza da kimatzeko guraizea. Zer gerta daiteke gordetzen badugu, tarteka bada ere?

Izan ere, prest ote gaude geure «ongi» propio hori zalantzan jartzeko? Gure iritzi sendoen ispilua geure seme-alaba edo ikasleen modu horien mesedera gordetzeko? Gure autoritatea kolokan jartzeko? Edo bestelako autoritateak eraikitzeko, bestelako izateak baimentzeko?

Galdera gehiago datozkizu erantzunak baino, eta telebistan lehendakaria adierazpenak egiten ikusi duzu. Ez duzu sinetsi. «Errespetua» hitza entzun duzu bere ahotik, baina bere eskuek kontrakoa diote. Eta gorputzak egia dio beti. Eta oraintxe badakizu «ongi egingo duzu» hori gorde egin behar duzula, berak behar duena esateko: «Libe, ahal duzu. Izan zu, besterik ez». Eta zuk, behin eta berriz entzuna izan gabe hitz egin duzun emakume horrek, beste azal bat erantzi duzu gaur. Benetako plaza zeure azal propioa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.