Albistea entzun

Kar-Wai Poon. Hong Kongeko ekintzaile erbesteratua

«Hong Kongek Txinako hirien antza izango du, baina askatasun gutxiago»

Erresuma Batuak Hong Kong Txinari bueltatu zionetik 25 urte bete dira gaur. Ekintzaileak ez du uste itzuliko denik «giza eskubideen eta demokraziaren alde lan egiten» segitzen badu.

BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Josep Solano -

2022ko uztailak 1 - Tokio

2014an Aterkien Iraultzaren harira sortutako protesta askotariko haien taldeen artean, mugimendu demokratikoarekin konprometitu ziren unibertsitate arloko intelektualetako bat da Kar-Wai Poon —Patrick Poon ere deitua—. Kazetari izandakoa da, giza eskubideetan aditua, Amnesty Internationaleko arduradun ohia, eta Ikasketa Transtestual eta Transkulturaletako ikertzailea. Egun, Japonian erbesteratuta dago, Europako zenbait unibertsitate prestigiotsutan ikertzaile gonbidatu gisa aritu ondoren.

Tokioko geltoki zentraletik gertuko kafetegi bat da elkartzeko tokia. Garaiz iritsi da. Ezaguna da nolako konpromisoa izan duen beti Txinako giza eskubideekin, kantonerarekin, kristautasunarekin eta LGTB mugimenduarekin, eta baikorra da, baina, Hong Kongi dagokionez, Erresuma Batuak Txinari bueltatu zionetik 25 urte bete diren honetan, ez du uste egoera laster hobetuko denik, ezta luzera begira ere.

Batzuek esaten dute 2014ko Aterkien Iraultzan hasi zirela aldarrikapenak…

Demokraziaren aldeko protestak 80ko hamarkadan hasi ziren: garai hartan, Erresuma Batuko Gobernua eta Txinakoa eztabaidan ari ziren Hong Kong eskuz nola aldatu 1997an, eta protestariek bi herrialdeei exijitu zieten ziurtatu zezatela Hong Kongeko herritarrek sufragio unibertsala izango zutela.

Horregatik idatzi zen Hong Kongeko Oinarrizko Legean herrialdeak bermatua izango zuela sufragio unibertsala. Manifestazioak gero eta handiagoak eta biziagoak izan dira urtetik urtera, eta hori argi utzi dute Aterkien Iraultzak eta estradizioaren lege proiektuaren kontra 2019an egindako protestek. Txinako Gobernuak eta Hong Kongekoak etengabe hautsi dute sufragio unibertsalaren promesa, eta muturreraino eraman dute jendea.

Oinarrizko Legearen 45. artikuluak dioenez, «azken helburua da gobernuburu bat hautatzea sufragio unibertsalaren bidez, ordezkapen zabaleko izendapen batzorde batek proposatuta, prozedura demokratikoen arabera». Baina, egiatan, bozkatzaile guztien parte txiki bat baino ez du ordezkatzen.

Manifestatzaileek benetan nahi al zuten hauteskunde demokratiko eta libreak izatea?

Txinako Gobernuak eta Hong Kongekoak aukera faltsua ematen diete Hong Kongeko herritarrei: talde txiki bateko gutxi batzuk hautatzeko aukera. Manifestariek egiazko hauteskundeak eta sufragio unibertsala nahi dituzte, hori baino ez, eta Txinako Gobernua eta Hong Kongekoa herriari gezurra esaten aritu zaizkio.

Zer esan nahi izan zuen 2014ko iraileko Aterkien Iraultzak?

Gogoan iltzatua dugu, bizi-bizi, 2014an 79 egunez egindako Aterkien Iraultza. Oso baketsua izan zen: pertsona asko, hainbat arlotakoak, interpelatuta sentitu ziren ikasleen liderrek eta gizarte zibileko beste gidari batzuek egindako ekintzen harira, eta bat egin zuten mugimenduarekin.

Hala ere, Hong Kongeko Gobernuak ez entzunarena egin zien eskari guztiei. Orduan, asko baikorrak ziren oraindik; izan ere, mugimenduaren ondoren erakunde asko sortu ziren komunitatean demokraziaren eta askatasunaren aldeko mezuak zabaltzeko: Hong Kongen, jende askori begiak ireki zizkion.

Nazioartean, ez zen gauza handirik egin orduan Hong Kongeko biztanleen alde. Mendebaldeko herrialdeen babes irmoa falta izan zen?

Nazioartean arreta handia eman zitzaion orduan, baina penagarria izan zen presio hori ez izatea nahikoa Txinako eta Hong Kongeko gobernuak behartzeko Hong Kongeko jendearen eskariak betetzera. Bistakoa da erregimen autoritarioak ez zuela batere ordaindu Hong Kongeko herritarrei traizio egin izana.

Txinako Alderdi Komunistak benetan dirua eman al zion jendeari Aterkien Iraultzaren aurka protesta egin zezan?

Ageriko sekretua da Txinako Alderdi Komunistak ordaindu egin ziela Pekinen aldeko talde batzuei, demokraziaren aldeko manifestariei oldartzeko protestak antolatzearen truke. Bideo eta txosten askok agerian utzi dituzte Pekinen aldeko talde horien ekintza lotsagabeak.

Nola bukatu zen Aterkien Iraultza 2014an?

Admiraltyko kaleetan, Hong Kongeko Gobernuaren egoitzarik gertu, Polizia jendetza sakabanatzen hasi zen, eta orduan bukatu zen Aterkien Iraultza. Manifestatzaileak leher eginda zeuden, protestek 79 egun iraun baitzuten.

Gero, handik bost urtera, berriz piztu zen… Zure ustez, zergatik sortu zen berriz protesta?

Carrie Lam gobernuko presidenteak Estradizioaren Lege proiektua bultzatu nahi zuen: polemikoa eta lausoa zen, eta askori kezka piztu zien ez ote zituzten Hong Kongeko herritarrak Txina kontinentalera lekualdatuko delitu bat egiteaz akusatzen bazituzten, are adierazpen askatasunarekin lotutako delitu bat leporatzen bazieten. Horren ondorioz, jende asko kalera atera zen berriz, gobernuari eskatzeko bertan behera utz zezala proposatutako lege proiektua.

Lege proiektuak kezka handia sortu zuen ez ote zen hirian are gehiago urratuko askatasuna. Bi milioi lagunek baino gehiagok bat egin zuten protesta masiboekin ekainaren 12tik 19ra bitartean, Carrie Lam oraindik lege proiektua bultzatzen ari zela, protestak protesta.

Protestak zergatik ez ziren eten Carrie Lamek estradizio legea bertan behera utzi eta gero, 2019ko irailaren 4an?

Protestetan, Poliziak indarkeria erabili zuen jendea atxilotzeko, eta negar gasa bota zuen hainbatetan; manifestatzaileen artean sumindura handiagoa eragin zuen horrek.

Manifestari asko hain haserre zeuden Poliziak kide batzuei egindakoagatik, indarkeriara jo baitzuten erantzuteko. Gobernuak ez ikusiarena egin zuen Poliziaren indarkeriaren inguruan, eta, ondorioz, protesta eta liskar biolento gehiago izan ziren Poliziaren eta manifestarien artean.

Demokraziaren aldekoek 2019ko azaroaren 24an hauteskundeak irabazi zituztenean hasi zen Txinako Alderdi Komunista mugimendu demokratikoaren beldur izaten…

Bistakoa zen Txinako Alderdi Komunista zeharo beldurtuta zegoela ikusita zein babes handia jaso zuten demokraziaren aldeko taldeek 2019an Barruti Kontseiluen hauteskundeetan.

Parte hartze handiak eta demokraziaren aldeko politikariek lortutako eserleku kopuruak argi utzi zuten zer nahi zuten Hong Kongeko herritarrek. Argi eta garbi esan genien Pekini eta mundu osoari sufragio unibertsala nahi genuela: benetan hautatu, eta ez multzo txiki bat bakarrik.

Zure ustez, Txinako Alderdi Komunistak pandemia baliatu zuen mugimendu demokratikoaren aurka jotzeko?

Hong Kongeko gobernuak, Txinako Alderdi Komunistaren Hong Kongeko agente gisa jokatuz, hainbat lege eta araudi ezarri zituen elkarretaratze publikoak mugatzeko, eta horrek ikaragarri zaildu zuen protestak eta batzarrak antolatzea pandemian. Pandemian ezarritako politika asko, hain zuzen, biltzeko askatasuna mugatzeko ezarri ziren.

Lehen, Hong Kongen manifestazio bat egiteko baldintza bakarra zera zen, Poliziak objekziorik ez zegoela zioen gutuna ematea: prozedura formal bat baino ez zen, eta kontua ez zen Poliziaren onespena lortzea manifestazio bat egiteko. Baina pandemian gobernuak erabilitako politikek legitimatu egiten dituzte Poliziak edozein bilkura publiko gerarazteko egiten dituen ekintzak.

Eta zer ekarri zion Segurtasun Nazionalerako Legeak Hong Kongi?

Segurtasun Nazionalerako Legea ezarri izanak esan nahi du bukatua dela herrialde bat, bi sistema motako politika. Herri Batzar Nazionaleko Batzorde Iraunkorrak inposatu zuen legea, indarrez, Pekinen, Hong Kongeko biztanleei kontsulta egokirik egin gabe.

Hong Kongeko Gobernuko funtzionarioek ere ez zeukaten legearen edukiaren berri hura argitaratu baino ordu batzuk lehenago. Inposizio horren ondoren izandako hainbat eta hainbat atxiloketatan argi geratu denez, «lege» hori Txina kontinentalekoen antzekoa da: gobernuaren tresna bat, disidente guztiak isilarazteko erabiltzen duena.

25 urte beteko dira Hong Kong entregatu zutenetik. Zer esan nahi du horrek, eta alde demokratikoak nola helduko dio ospakizun horri?

Pentsa liteke Hong Kongen jende gutxik hitz egingo duela oraindik Txinako Gobernuak hitzemandakoaz, «50 urtean aldaketarik ez» egiteko promesaz alegia, baina eskualdaketaren 25. urteurrena ospatzeak esan nahi du Txinako Gobernuak goitik behera aldatu duela Hong Kongeko sistema, kalte egin diola zuzenbide estatuaren sistemari, eta Txina kontinentaleko beste hiri bat balitz bezala tratatzen duela. Ez dago inongo kontrolik eta orekarik gobernuari dagozkion kontuetan. Hong Kongeko Gobernuko funtzionarioak eta gobernuburua bera, zeina aukeratua izan baita baina ez demokratikoki hautetsia, Txinako Alderdi Komunistaren alde bakarrik aritzen dira.

Zer etorkizun ikusten diozu Hong Kongi?

Hong Kong Txina kontinentaleko beste hiri bat izango da, Shenzhen edo Shanghai bezalakoa, baina askoz askatasun gutxiago izango du. Jendea dirua irabazi nahian besterik ez da aritzen. Txinako Alderdi Komunistak sufragio unibertsalaren inguruan hitzemandakoak promes ustel bihurtu dira.

Besterik gabe, ez dago itxaropenik askok espero bezala sufragio unibertsala lortzeko, baldin eta ez bada nazioartean presio nahikorik egiten Txinako Gobernua eta Hong Kongekoa estutzeko beren betebeharrak eta nazioarteko promesak bete ditzaten.

Zuk zeuk dezepzioa hartu duzu nazioarteko komunitatearekin?

Begi bistakoa da AEBek eta Europako Batasunak nazioartean egindako presioa ez dela nahikoa. Txinako Gobernuak eta Hong Kongekoak ez dituzte aintzat hartzen zigorrak, ez baitute egiazko ondoriorik giza eskubideen urratzaileentzat.

Euskal Herria eta Hong Kong antzeko egoeran daude?

Nik uste dut jende guztiak izan behar duela benetako autonomia, dagoen tokian dagoela. Espero dut euskal populuak autonomia handiagoa izango duela eta eskubideak errespetatuko zaizkiola. Gainera, espero dut euskal jendeari ez gertatzea Hong Kongekoei gertatu zaiena, espero dut euskal jendeak askatasuna ez galtzea.

Noizbait itzuliko zara Hong Kongera?

Ez dut uste Hong Kongera bueltatu ahalko naizenik giza eskubideen eta demokraziaren alde lanean segitzen badut. Segur aski Hong Kongera itzuli ahal izango naiz pertsonen askatasuna errespetatzen hasten denean eta denen sufragio unibertsalerako eskubidea bermatzen duenean, baina ez dirudi halakorik gertatuko denik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Esteron ibaiaren ibarreko tarte lehortu bat, Niza hiritik gertu (Okzitania), uztailaren amaieran. ©SEBASTIEN NOGIER / EFE

Europan azken bostehun urteetako lehorterik handiena espero dute

Gorka Berasategi Otamendi

Kontinentearen erdialdeko eta mendebaldeko estatuak ezohiko bero boladak eta lehorteak ari dira pairatzen, klima larrialdiagatik. Suteek berotegi gas asko isuri dute zenbait herrialdetan

Salman Rushdie idazlea, 2019ko azaroaren 11n, Berlinen. ©HAYOUNG JEON / EFE
Monusco Nazio Batuen Kongoko Errepublika Demokratikorako misioaren kontrako protestetan hildako herritar baten hileta, aurreko astean. ©STR / EFE

Odolak mendekua nahi du

Oskar Epelde Juldain

Egunotan dozenaka lagun hil dira NBEren Kongorako misioaren kontrako protestetan. Milizianoen erasoen aurrean ezer ez egitea egozten diete kasko urdinei.

FBIko bi agente Donald Trumpen Mar-a-Lago etxearen atarian (Palm Beach, Florida), joan den asteartean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULAXKEVITX, EFE

FBIk sekretupeko dokumentuak eraman ditu Trumpen Mar-a-Lago etxetik

Gorka Berasategi Otamendi

AEBetako presidente ohia ikerketapean dago, ustez espioitza legea urratzeagatik. Floridako etxean atzeman dioten dokumentazioaren edukia defentsa arloko gaiekin lotuta dago, besteak beste.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...