Metalgintzan ez da akordiorik; greba bai

Sindikatuek salatu dute Bizkaiko metalgintzako negoziazioetan patronalak egin duen proposamena «kaskarragoa» dela aurretik egindakoak baino. Biharko eta etziko, grebara deitu dute sektorean

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek atzo BECen egin zuten agerraldiko une bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ez atzera ez aurrera jarraitzen dute Bizkaiko metalgintzako ituna lortzeko negoziazioek. Hogei bider elkartu dira alde biak, baina oraindik ez da ezer lortu. Lau sindikatu nagusiek —ELA, LAB, CCOO eta UGT— plataforma bateratu bat eratu zuten maiatzean proposamen bateratuak eramateko mahaira, eta maiatzaren 17ko bileran patronalak aztertzeko denbora eskatu zien. Greba egun bat egin zuten tartean, deitzaileen arabera arrakastatsua, eta berriro ere mahaian eseri direnean akordiorako zantzu gutxi sumatu dute.

FVEM metaleko patronalak sindikatuei «arduragabeak» izatea leporatu zien asteleheneko bileran, negoziazio mahaian eserita egonda ere grebarako deia egina zutelako. Eta sindikatuek atzo erantzun zieten adierazpen horiei, Mikel Etxebarria ELAko arduradunaren esanetan: «Arduragabeak haiek dira, proposamen bateratua egin aurretik ere eduki gehienak ezagutzen zituztelako; zenbat bilera gehiago egin beharko ditugu? Ekarri duten azken proposamena aurretik mahairatutakoak baino okerragoa da». Horregatik, ostegunerako eta ostiralerako deitutako bi lanuzte egunei bere hartan eutsiko diote sindikatuek.

BEC erakustazokaren parean egin zuten prentsa agerraldia sindikatuek, +Industry azokaren estraineko egunean. Bertan azaldu zutenez, patronalak astelehenean mahai gainean jarri zuen proposamenean ez zuen 2018rako soldata igoerarik proposatu, eta 2019rako eta 2020rako «igoera txiki batzuk» baino ez zituzten aurreikusi. «Gainera, taulen gaineko igoerak dira soilik, eta ez soldata errealekoak». Malgutasuna mugatzeko neurririk ez dutela salatu zuten langileek, ezta subrogazio eskubidea bermatzeko neurririk ere, edo behin-behinekotasuna mugatzekorik ere. Horregatik guztiagatik, greba deialdiei eusteko nahikoa arrazoi ikusi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.