Turista errusiarrei sarrera debekatzea erabaki du Finlandiak

Igor Susaeta.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Finlandiako Gobernuak herrialdean sartzea debekatu die bisa duten errusiarrei. Gauerdian sartu da indarrean erabakia. Putinek irailaren 21ean mobilizaziorako deia egin eta gero herrialdetik alde egin nahi duten errusiarren kopurua nabarmen handitu den honetan heldu da, hain zuzen, Pekka Haavisto Atzerri ministroaren iragarpen hori. Haavistoren arabera, espero dute neurri horrekin nabarmen murriztea mugako trafikoa, eta iragarpen berri bat egin arte egongo da indarrean. Murrizketak ez die eragingo «arrazoi bereziengatik» Finlandiara doazen errusiarrei.

1.340 kilometro ditu Finlandia eta Errusia arteko mugak, eta hartutako erabakiarekin Finlandia bihurtu da Errusiarekin muga dutenen artean turista errusiarrei herrialdean sartzea debekatuko dien EB Europako Batasuneko azken estatua. Aurrez erabaki bera hartu zuten Estoniak, Letoniak, Lituaniak eta Poloniak. Finlandiako mugazainek emandako datuen arabera, 55.362 errusiar sartu dira herrialdean irailaren 21etik; hau da, aurreko egunetan baino %86 gehiago, 29.703 izan baitziren.

Errusiako Astrakhan oblastak atzo erabaki zuen alerta egoera ezartzea Kazakhstanekin muga egiten duen eremuan. Modu horretan, trafikoa murriztu ahal izango dute, esaterako. Ipar Osetiak ere neurri bera hartu zuen herenegun, Georgiarekin muga egiten duten departamenduetan. Kazakhstanera eta Georgiara iritsitako errusiarrak nabarmen areagotu dira azken egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.